Marcius: historiara pasatu den jardunaldiko MVPa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 14a, 19:18
Aleksander 'Sandi' Marcius Azpeitiko kiroldegiko saskia birrintzen. (LUIS GARCIA)

Clinicas Rinconen aurka jokatutako partidan 62ko! balorazioarekin amaitu zuen Sammic ISBren pibot kroaziarrak eta Zilarrezko LEB ligako errekorra hautsi du.

Torremolinosen Clinicas Rincon Unicajaren aurka jokatutako partida ez da Iraurgiren historiara pasatuko Sammic-ek egin zuen jokoagatik. Bai, ordea, garaipena eskuratuta play-off-etako postuak ziurtatzeagatik eta, batez ere, Sandi Marciusek egindako partidagatik. Kroaziarraren partida ez klubaren historiara bakarrik, estatuko saskibaloiaren historiara ere pasatuko da, 62ko!! balorazioarekin amaitu zuelako. Asteburuko protagonista izan da saskibaloiaren munduan eta hainbat medio eta atari digitaletan bere izena goraipatu dute. Ez da gutxiagorako.

Iraurgi SBko pibotak 41 puntu saskiratu zituen (Zilarrezko LEB ligaren historiako seigarren markarik onena eta aurtengo puntu tope berria) batez besteko itzelekin, 13 errebote eskuratu zituen, 5 asistentzia banatu eta 10 falta jaso zituen. Marka honekin 2004-2005 denboraldian CB L’Hospitalet taldean jokatzen zuen Terrell Thomasek lortutako 58ko balorazioa (gaur arteko errekorra) txiki utzi du eta, beraz, txapelketaren historiara pasatu da.

Zenbaki horiekin, Iraurgikoak laugarren aldiz eskuratu du denboraldi honetan jardunaldiko MVParen garaikurra. Argi dago Marcius ligako jokalari aipagarrienetako bat dela: laugarren errebotegile nagusia da (9,2 partidako) eta balorazio rankinean bosgarrena (20,1ekoa batez beste). Ez hori bakarrik, bereak dira aurtengo denboraldiko topeak balorazioan, noski (62), puntutan (41) eta baita errebotetan ere (18).

Ez dago dudarik, play-off-etara begira, Sammic ahalik eta urrunen heltzeko Aleksander Sandi Marcius ezinbesteko jokalaria izango dela Iker Buenorentzat.

Zorionak, Sandi!