Roselis Silva 22. jardunaldiko bostekoan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 8a, 10:35

Venezuelarrak 27ko balorazioarekin amaitu zuen Añares Rioja ISBren denboraldiko bigarren garaipenean.

Aste borobila izan da hau Añares Rioja ISBrentzat. Joan den asteazkenean taldeak historia egin bazuen Emakumezkoen Lehen Mailan aurreneko garaipena eskuratuta, larunbatean iragarpenak hautsi eta bigarren garaipena eskuratu zuen, aurrenekoa etxetik kanpo, Bembibren, Leonen. Eta astea borobiltzeko, Roselis Silva jardunaldiko bostekoan sartu dutela jakinarazi berri du Espainiako Saskibaloi Federazioak.

Egia esan, joko antolatzaile venezuelarrak izugarrizko partida jokatu zuen zapatuan. Taldea gidatzerako orduan bikain ibili zen, Anna Gomezek egin zuen partida ikusgarriaren aurrean ez zen kikildu eta puntuak sartzerako orduan erantzukizuna hartzeko beldurrik ez zuen izan. Hiruko bikoitza egitetik gertu ibili zen, 18 puntu sartu, 10 errebote eskuratu eta 8 asistentzia banatu baitzituen. Horretaz gain, bost baloi berreskuratu zituen eta guztira 27ko balorazioarekin amaitu zuen. Zenbaki hauekin 22. jardunaldiko bostekoan sartzea lortu du joko antolatzaile gisa onena bezala.

Ez da Silva asteko bostekoan sartzen duten lehen aldia. Egiari zor, venezuelarrak duen maila erakutsi du denboraldian zehar eta txapelketako jokalari onenen zerrendan dago ezbairik gabe. Partidako 16,74 puntu sartuta lehiaketako laugarren saskiratzaile nagusia dugu, baloiak berreskuratzerako orduan sailkapeneko aurrena dugu, batez beste 4,63 baloi lapurtuta. Balorazioan, aldiz, seigarrena, 17,42rekin partidako. Egundoko zenbakiak Emakumezkoen Lehen Mailan jokatzen duen aurreneko urtea izateko.