Lehenaren atzetik, bigarrena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 7a, 10:16

Añares Rioja ISBk astea borobildu du denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta, etxetik kanpo aurrena, Bembibren 81 eta 82 irabazi ondoren.

Asteazkena egun historikoa izan zen ISBrentzat, Emakumeen Lehen Mailan aurreneko garaipena eskuratu baitzuen Añares Rioja ISBk. Añareseko neskek eman zuten abisua orduan eta behin lehen garaipena lortuta, beste bost partida, beste bost final gelditzen zitzaizkien garaipenak batzen jarraitzeko. Mailaz matematikoki jaitsita, esperientzia honetaz gozatzen jarraitu nahi dute eta bost final horietako lehenengoan beste garaipen bat lortu dute. Bai, Bembibren (Leon), etxetik kanpo, sufritzen eta 82 puntu sartuta.

Gogor hasi zen Añares, asteazkenean jokatutako azken minutuen antzera: intentsitatez josita eta erasoan min egin nahian. Gainera, bi hiruko jarraian lortuta aldea zabaldu nahi izan zuten markagailuan. Etxekoak, baina, lanean hasi ziren. Lehenik McKinney eta ondoren hiruko marratik Gimeno. Horrela markagailuan agintzen hasi ziren etxekoak eta momentu batez aldea zabaldu zuten. Trabatuta zebiltzan Joseba Lizarralderen neskak, baloi inozoak galduz eta bide zuzena ezin topatuta. Pazientziarik gabeko minutuak izan ziren. Atzeko lanetan arazoak izan zituzten blokeoa eta jarraipena gelditzerako orduan eta Leongo neskek erraz eskuratu zituzten puntuak. Gauza onak ere egon ziren ordea. Izan ere, Mckinney amerikarra faltaz josi zuten eta kanpotik, puntuak lortzeko bide zailena izan arren, dezente asmatu zuten. Horri esker sei puntu azpitik bakarrik amaitu zuten lehen laurdena Añares Rioja ISBko neskek, (22-16).

Bigarren laurdena hastearekin batera Roselisen jokoa agertzen hasi zen. Venezuelakoak bi saskiratze on eskuratu zituen eta Markovici asistentzia bikaina banatu. 0 eta 6ko partziala eta partida berriz berdinduta. Hala ere, lehen laurdenean gertatu antzera, Bembibrekoen erreakzioa etorri zen. Hori ere hiruko marratik eta 8 eta 0ko partziala eginda markagailuko agintari izatera pasa ziren. Egia esan Leoneko taldeak distantzi handirik ez zuten hartu, Añaresek ez ziolako utzi. Gipuzkoarrek tarteko jokaldi onak egin zituzten eta pixkanaka markagailuan gertu mantendu ziren. Hori bai, Davydova oso bakarrik sentitu zen errebote lanetan eta etxekoek min egin zuten erasoko errebotean. Horri Gomezek asistentziak banatzeko erakutsitako erraztasuna (8 atsedenaldirako) gehituz gero, atsedenaldiko emaitza azaltzea errazagoa da: 43-37. Añares lehiatzen zebilen, baina pixka bat falta zitzaion.

Hirugarren laurdena oso parekaturik hasi zen. Hutsak, eraso batean zein bestean. Puntuak lortzea zaila zen, defentsek egin zuten lan txukunari esker. Baina laurdenaren erdialdera, etxekoak puntuak ezin lortuta zebiltzala ikusita, Añares zarata ateratzen hasi zen eta  Lizarazu-Markovic bikotearen eskutik 0 eta 8ko partziala egin eta berriz oreka igo zen markagailura. Gimenok gauzak zuzendu nahi izan zituen baina Garazik erantzuna eman zion eta Markovicek, jaurtiketa libren marratik, aspaldiko partez, aurretik jarri zituen gipuzkoarrak. Hazi egin zen Añares eta Davydovaren borrokak, Lizarazuren puntuek eta Roselisen lan apartak taldea gidatzerako orduan abantailarik handiena eman zion taldeari: +9 (50-59), 38.minutuan. Gimeno ez zegoen prest Añaresi ihes egiten uzteko. Bi puntura gerturatu zen Bembibre, baina Roselisen hiruko ikusgarri batek azken 59 eta 64koa igoarazi zuen.

Hamar minutu gelditzen ziren, eta hori denbora asko da saskibaloian. Vukoje eta McKinney bezalako jokalariak agertzen hasten badira, gehiago. Puntuak erraz batzen hasi ziren eta partida irauli zuten. Lizarazu kapitainak, baina, hiruko marratik geldiarazi zuen etxekoen bultzada. Oso minutu parekatuak bizi izan zituzten hortik aurrera. Talde bat 1-2 puntu goitik jartzen bazen, beste taldeak erantzun, eta abantaila berdina lortzen zuen.  McKinneyk alde baten sartzen bazuen, Davydova ez zen atzean gelditzen. Vukojeren puntuei Lizarazuk ematen zien erantzuna eta Roselisek denboraldiko saskiratze garrantzitsuena lortu zuen 6 segundoren faltan, markagailua 81 eta 82 igota. Iraurgikoek duten kasta atera, sekulako defentsa lanak egin eta Lizarazuk baloia lapurtuta amaitu zen partida.

Bigarren garaipena, etxetik kanpo lehena, eta oraindik beste lau partida jokatzeko. Jarrai dezala garaipenen boladak!

Saskiratzaileak: (22-16/21-21/16-27/22-18)

EMBUTIDOS PAJARIEL BEMBIBRE PD: Gomez (18), Vivas (8), Gimeno (21), McKinney (12), Vukoje (14) - B. Maniviesa (2), Herrera (6), O’Rilley, Gonzalez, M. Maniviesa.

AÑARES RIOJA ISB: Uria (6), Davydova (18), Gurrutxaga, Silva (18), Markovic (13) – Arregi (10), Bereziartu (2), Etxeberria, Zubizarreta, Lizarazu (15), Astigarraga.