Alekxander Marcius jardunaldiko bostekoan, beste behin

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko ots. 16a, 20:10

Sammic ISBko pibotak 26ko balorazioarekin amaitu zuen Valladoliden aurka jokatutako partida, 23 puntu sartu eta 8 errebote eskuratu eta gero.

Jadanik ez gaitu harritzen Aleksander Sandi Marcius jardunaldiko bostekoan ikusteak. Ez da lehen aldia, ezta gutxiago ere, eta seguruenik ez da azkena izango. Egia da Sammic ISBko pibot kroaziarrak txakalaldi txiki bat pasatu duela bere jokoan, baina azken partidetan bere jokorik onenaz gozatzen hasi gara berriz eta joko gorakada hori oso garrantzitsua izango da taldea lehen postuetan manten dadin.

Zilarrezko LEB Ligako 18. jardunaldian Sammic ISBk Brico Depot Ciudad de Valladoliden aurka jokaturiko partidan, Marciusek 26ko balorazioarekin amaitu zuen. 23 puntu eskuratu zituen (12/9 jaurtiketetan), 8 errebote eskuratu zituen, 2 asistentzia banatu zituen eta 3 falta jaso zituen. Baina zenbakietatik haratago, taldeak okerren jokatu zituen minutuetan bera izan zen euskarria eta taldea markagailuan gertu mantendu zuena. Horri esker, asteko pibotik onena izendatua izan da eta, nola ez, bosteko onenean sartu dute.

Kroaziarra denboraldian zehar lortzen ari den zenbakiak ez dira nolanahikoak: 27:06 minutu, 13,7 puntu, 9,6 errebote, 3,2 jasotako falta eta 18,1eko balorazioa, batez beste. Ligako bosgarren jokalari baloratuena da, hirugarren errebotegile onena eta hirugarrena baita birrintzeak egiterako orduan ere. Jordan Semplerekin batera ligako barruko jokoko bikote onena osatzen duela adierazi du entrenatzaile batek baino gehiagok, eta ez da gutxiagorako.

Zorionak, Sandi!