Iker Bueno: "Hurrengo urtean poz gehiago emango dizkizuegula espero dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko api. 27a, 13:45

Grupo Eulen Carrefour taldeari 89 eta 90 galduta denboraldiari amaiera eman dio Sammic ISBk. Buenoren taldeak sailkapeneko 12. postuan amaitu du 9 garaipenekin eta 19 porrotekin.

Amaitu da denboraldia Sammic ISBrentzat. Iker Buenoren eta Xabi Chicoren taldeak ezin izan zuen garaipena eskuratu Grupo Eulen Carrefour taldearen aurka pasa den larunbatean, eta porrot horrekin denboraldi gorabeheratsuari amaiera eman dio. Partidu guztiak jokatuta 9 garaipenetako eta 19 porrotetako balantzea izan du gure taldeak, eta sailkapeneko 12. postuan amaitu du. Horrela, taldeak denboraldi hasieran ipinitako helburua bete du: hurrengo urtean Zilarrezko Adecco Mailan jarraitzeko eskubidea izango du.

Sammic ISBk ondo hasi zuen partidua larunbatean. Iraurgikoek ondo hartu zituzten defentsan Avilako mutilak eta erasoan baloia erraz mugitu zuten. Horrela, 8 eta 0ko partziala lortu zuten lehen minutuetan. Kanpoko taldea, ordea, esnatu egin zen eta bi hiruko asmatuta partiduan sartu ziren (hori izan zen partiduko ezaugarri nagusia). Horrela aritu ziren ondorengo minutuetan bi taldeak, partzial txikiak eginez eta tarte handirik zabaldu gabe. Avilako taldeak kanpoko jaurtiketetan zentratu zuen bere jokoa, eta Sammic ISBk berriz barneko jokoan. Laurden amaieran markagailuak 24 eta 23 adierazten zuen.

Bigarren laurdenean ildo beretik jarraitu zuen partiduak, berdintasunez. Avilakoek defentsa apur bat estutu zuten eta etxeko taldeak zailtasunak izan zituen saskiratzeko. Hala ere, Camarasak gidatuta, taldeak urrats bat aurrera eman eta 6 eta 0ko partziala egin zuen. Segituan, ordea, kanpokoak berriro hiruko marratik asmatzen hasi ziren, eta 0 eta 11ko partziala egin zuten. Laurdena 5 puntugatik galdu zuen etxeko taldeak, eta 43 eta 47koarekin joan ziren aldageletara.

Atsedenaldiak ez zuen ezer aldatu Azpeitian. Avilako mutilek hiruko jaurtiketetan asmatzen jarraitu zuten eta apurka partiduaren kontrola hartzen joan ziren. Hala ere, Sammic ISBk ez zituen besoak jaitsi eta erreboteko bigarren aukerei esker partiduan mantendu ziren. Laurden horretan, Garrett aropean jaun eta jabe izan arren, kanpoko taldeak eraman zuen partiduko batuta. Amaieran bi puntugatik galtzen zuen etxeko taldeak.

Sammic ISBk azken laurdena bi puntuz galtzen hasi bazuen ere, Azpeitiko giroan ez zen beste partiduetan adinako urduritasunik antzematen. Gertu zegoen garaipena, baina gosea ez zen beste partiduetakoa. Horregatik, 2 eta 9ko partziala egin zuen kanpoko taldeak lehen minutuetan eta 9 puntutara ihes egin zuen. Gureek saiakera bat egin zuten, baina Avilakoek hiru gehi bateko bi jokaldi eginda partidua erabakita utzi zutela zirudien. Baina orduan agertu zen Peltier. Taldea bizkarrean hartu eta puntu batera gerturatu zuen Azpeitiko taldea minutu eta erdiren faltan. Hala ere, azken jokaldi horietan kanpoko taldeak jaurtiketa libreak asmatu zituen eta gureek ez zuten asmatu partiduari buelta ematen. Hori bai, denboraldiari amaiera emateko saskiratze polita lortu zuen Orozek azken segundoan kanpo erdiko marratik, eta horrela 89 eta 90era iritsi ziren.

Iker Bueno: "Gauza gutxi zegoen jokoan eta hasieratik falta izan zaigu partidua irabazteko behar den tentsio hori, batez ere defentsan. Beraiek asko sartu dute, baina guk utzi ditugu bakarrik egoera askotan. Beti markagailuan atzetik joan gara, ez dut jakin tentsio hori taldeari transmititzen.

Amaieran Devonen inspirazioa izan dugu, sartu egin du eta partiduan sartu gaitu, baina erabaki txar bat medio ez dugu aukerarik izan. Beraiek gehiago merezi izan dute partidu hau irabaztea.

Eskerrak eman nahi dizkiet gaur eta denboraldi osoan gu animatzera etorri direnei. Benetan merezi dute. Hurrengo urtean poz gehiago emango dizkizuegula espero dugu".

MVP: Sergio Rodriguez. 27 puntu sartuta (7tik 6 hiruko jaurtiketetan), 3 errebote hartuta, bi asistentzia banatuta eta 6 falta jasota. Guztira 35 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 24-23/19-24/19-17/27-26.

SAMMIC ISB: Arruti (10), Mayer (8), Oroz (11), Peltier (22), Garrett (19) – hasierako bostekoan –Guridi (2), Iradier, Vaitiekünas (13),Caramasa (4), Goenaga, Merketegi, Zabarte.

GRUPO EULEN CARREFOUR: Rodriguez (27), Ryan (5), Marin (20), Manize (14), Ballesta (11)  – hasierako bostekoan –Olle, Abuin (5), Makonda (2), Young (3), Fernandez (3).