Sammic ISBk mailari eustea lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko api. 20a, 13:26

73 eta 82 irabazi dio Gasteizko Araberri taldeari, eta Opentach Basquet Plaren porrotari esker, bi partidatako abantaila lortu du jardunaldi baten faltan. Beraz, Buenoren taldeak beste denboraldi batez Zilarrezko Adecco mailan jarraitzeko aukera eskuratu du.

Denboraldia bikain hasi zuen Sammic ISBk pasa den urrian eta, gorabeherak tarteako, helburuak lortuz amaituko duela esan dezakegu. Denboraldia bukatzeko jardunaldi bat falta denean, Iker Buenoren eta Xabier Chicoren taldeak mailari eustea lortu du eta beste denboraldi batez Zilarrezko Adecco mailan jarraituko du. Saenz Horeca Araberriri, azken sailkatuari, 73 eta 82 irabazi dio Iraurgiko taldeak, eta horrela bi partidako abantaila lortu du azken bigarren sailkatuarekiko, Opentach Basquet Pla, azken horrek neurketa galdu egin baitzuten. Asteburuko partidan ez zuten denboraldiko neurketarik onena egin ISBko mutilek, baina azken minutuetako erreakzioari eta borrokari esker, garaipena lortu zuten.

Araberriren hiruko saskiratzeak erakutsi zuen nondik nora joango zen partidua lehen minutuetan. Etxeko taldeak partidako erritmoa guztiz moteldu du, eta Sammic ISBkoek ez zuten asmatu jariakortasuna lortzen. Ez zuten baloia ondo mugitu, eta asko kosta zitzaien saskiratzea. Hala ere, 10 eta 4ko partzialaren ostean, gure mutilek jokoa apur bat hobetu zuten, eta gerturatu egin ziren markagailuan, laurdena 18 eta 16 amaituz.

Bigarren laurdenean, berriz, guztiz aldatu ziren partidako rolak. Iraurgiko mutilak partidaren garrantziaz ohartu ziren, eta erritmo altuagoa ezarri zuten kantxan. Camarasaren gidaritzapean, taldeak arintasuna berreskuratu zuen eta partida berdindu zuen, 23 puntutara. Horrez gain, barneko jokoan nagusi zela ikusita, baloiak pibotei luzatzen saiatu ziren Sammic ISBkoak eta apurka tartea zabaltzen joan ziren. Peltierren bi hirukori esker, 10 puntutaraino ihes egin zuten Iraurgikoek, eta azkenean atsedenaldira 33 eta 38 irabazten iritsi ziren.

Beste behin, ordea, atsedenaldiak izugarrizko kaltea egin zion Sammic ISBri. Gure mutilak blokeatuta gelditu zirela zirudien, eta etxeko taldeak hori aprobetxatu zuen partiduari buelta emateko. Lehen bost minutuetan 15 eta 6ko partziala ikusi zen Gasteizen, eta urduritasuna zabaldu zen Iraurgiko zaleen artean. Arrutiren hiruko batek eta Peltierren bi gehi batekoak lasaitasun apur bat ekarri arren, segituan etxekoek beste bi hiruko saskiratu zituzten eta berriro ihes egin zuten. Horrela, laurdena tarte beldurgarriarekin amaitu zuten: 58 eta 51.

Azken laurdena aurretik eta Sammic ISBk salbazioa lortzeko aukera zeukan. Denek zekiten 10 minutu horien garrantzia zenbatekoa zen, eta gogotsu egin zuten salto kantxara. Saskibaloi hobea eginez eta hainbat jokalditan erakustaldia emanez partidua berdindu zuten Sammic ISBkoek 6:30 minutu falta zirela. Hala ere, ezin izan zuten aurrea hartu, etxeko taldeak 6 eta 0ko partziala eginez berriro tartetxoa zabaldu baitzuen. Horrela, apurka-apurka berriro berdinketa lortu zuten 2:36 minutu falta zirela: 70 eta 70. Hutsarte bat eskatu zuen etxeko entrenatzaileak, eta gure mutilek makineria guztia martxan jarri zuten. Zaleok amaiera berdindua espero genuenean, ordea, Sammic ISBkoak ikuskizuna ematen hasi ziren, eta azken minutu horietan 3 eta 12ko partziala lortu zuten. Partzial horrek, garaipenaz gain, salbazioa eta lasaitasuna ekarri dizkie taldeari eta zale guztiei.

Orain, gozatzekoa izango da Sammic ISBk etxean jokatuko duen azken partida. Zorionak mutilak!

MVP: Evan Yates: 20 puntu sartu, 14 errebote hartu eta 4 falta jasota 30 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 18-16/15-22/25-13/15-31.

Saenz Horreca Araberri: Ortega (8), Uriarte (5), Yates (20), Villarejo (10), Sastre (17) - hasierako bostekoan - Blount, Fernandez, Sedekerskis (8), Buesa (5).

SAMMIC ISB: Oroz (5), Peltier (25), Arruti (10), Garret (16), Mayer (7) – hasierako bostekoan - Camarasa, Iradier, Astigarraga (2), Vaitiekünas (17).