Zurt Taberna ISBko neskek zure laguntza behar dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko api. 9a, 18:43

Joseba Lizarraldek eta Aritz Aldalurrek zuzentzen dituzten neskek 7 puntu baino gehiagogatik irabazi behar dute DBN Bera Beraren aurka sailkapeneko lehen postua eskuratzeko. Zapatuan 18:30ean jokatuko dute partida Azpeitiko kiroldegian.

Iraurgi Saski Baloiko talde gehienentzat denboraldi amaiera gerturatzen hasia da dagoeneko eta, ohikoa den bezala, oso partida garrantzitsuak izaten dira azken horiek talde askorentzat. Kasu horretan dago gure nesken lehen taldea, Zurt Taberna ISB. Joseba Lizarraldek eta Aritz Aldalurrek zuzentzen duten taldea sailkapeneko bigarren postuan dago eta posizio horrekin eskuratua dauka lauko finalerako txartela. Baina, sailkapeneko lehen postua lortuz gero, gure neskek ez lukete fase hori jokatu beharko eta zuzenean estatuko bigarren mailarako igoera faserako txartela eskuratuko lukete. Eta nola ez, gure neskek historia egin nahi dute klubean eta horretarako zuen laguntza behar dute!

Zurt Taberna ISBk DBN Bera Beraren aurka jokatuko du larunbatean, 18:30ean, Azpeitian. Donostiarrak sailkapeneko lehen postuan aurkitzen dira gaur egun, eta joaneko partidan 7 puntugatik irabazi zieten gure neskei. Beraz, oraingoan 8 puntuz edo gehiagoz irabaztea tokatzen zaie Zurt Taberna ISBkoei, sailkapenaren burua bereganatzeko. Hori lortzeko, behar-beharrezkoak dituzte harmailetako beroa eta animoak. Aldeko burrunba nahitaezkoa dute Bera Berakoei irabazteko!

Beraz, gogoratu! Larunbatean, hilaren 11, gure senior neskek Azpeitiko kiroldegian behar zaituzte 18:30ean, zarata ateratzeko prest!

Han ikusiko garelakoan, egurre Zurt Taberna ISB!