Partida serioa eta zortzigarrena poltsikora

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mar. 31a, 11:42
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISBk aurreko jardunaldietako itxura hobetu du eta talde lanean eta korrika asko eginez, partida puskatu eta erraz irabazi du. Azpeitia Azkoitia ISBk mailari eustea lortu du garaipenari esker.

Zilarrezko Leb ligako bi talde gipuzkoarren arteko lehiak derrigorrean du berezia izan behar, beti ere garaipena baino zerbait gehiago egoten delako jokoan horrelako partidetan. Baina, horretaz gain gaurkoan salbazioa ere egon da jokoan. Askatuak, bizirik mantentzeko, 20 puntu baino gehiagogatik irabaztera behartua zegoen, bestela matematikoki maila galduko zuen, eta bide batez Azpeitia Azkoitia ISBk matematikoki mantendu. Iker Buenoren mutilek baina, zaleen aurrean, azken partidetako itxura hobetzea ere bazeukaten helburu eta garaipen batek, behekoa ahaztera eramateaz gain, oraindik playoffetarako sailkatzeko aukera apurrak mantentzea suposatuko luke. Eta Iraurgik bere aurpegirik serioena erakutsi du, talde itxura hobetu du eta zortzigarrena sartu du poltsikoan.

Etxekoek, azken hiru asteetan taldetik kanpo egon de Xavi Assalit berreskuratu dute gaurko partidarako, baina Joseba Ibargutxiren baja izan dute, Caceresen min hartu eta oraindik osatu ez delako. Hala ere, Iker Buenok, azken partidetan egin bezala, Imanol Zubizarretari eman dio aginte makila. Bitinas gelditzea garrantzitsua zen, lituaniarrak eragin dezakeen jokoa benetan baita arriskutsua eta horretan saiatu da buru belarri azpeitiar gaztea. Ondo bete du bere lana eta baita bere taldekideek ere bai defentsan. Oso oldarkor jokatu  dute eta bai errebote bidez edota baloia lapurtu eta gero, azkar irten dira kontraerasora. 9 eta 2koarekin David Blancak hutsartea eskatu behar izan du. Baina ez da ezer aldatu. Zylek min egiten jarraitu du eraso estatikoan eta Guridik kontraerasoetan. Egia da donostiarrek punturen bat edo beste sartu dutela Aritz Martinezi esker, eta Imanol Zubizarretaren eta Ander Arrutiren bigarren faltek min egin ahal izan diotela taldeari, baina Azpeitia Azkoitia ISB nagusi zen kantxan eta markagailuak ere horrela erakutsi du. Lehen laurdenaren amaieran 24 eta 14. Bigarren laurdenean donostiarrek ulertu dute, min egitekotan barrutik jokatuta egin zezaketela eta Grimesen barneraketekin eta Fallen indarrarekin markagailua pixka bat txukundu dute. Hala ere, partidaren erritmoa etxekoek kontrolatzea lortu dute eta abantailak ez du 8 puntuetatik behera egin. Iker Buenorenek korrika egitea lortu dutenean gainera min izugarria egin dute eta markagailuan aldea zabaldu dute, atsedenaldira 38 eta 21 joan direlarik.

Ez zuen etxeko taldeak erlaxaziorik nahi. Atsedenalditik bueltan lanean jarraitzeko asmoz irten dira kantxara Iraurgikoak eta defentsa oldarkorrarekin jarraitu dute. Askatuakek arazo franko izan ditu erasoan. Partida puskatuta zegoen erabat etxekoen alde, baina eman beharreko itxurak ere garrantzia zeukan eta jokalarien aurpegietara begiratzearekin soilik joko serioa egiteko gogoa nabarmentzen zen. Agian nahi horrek pixka bat tenkatu ditu etxekoak, baina okerrera eta David Blancaren mutilek, dagoeneko bat ere presiorik gabe, euren jokoa atera ahal izan dute. Markagailua txukuntzen hastea zen euren lehen helburua, gerora, pausuz pausu partidan berriz sartzeko. Iker Buenok hori ikusita hutsartea eskatu du eta Arrutik erasoan erantzukizuna hartzearekin bat berriz lasaitasuna heldu da etxekoen jokora. Hirugarren laurdenaren amaieran 55 eta 37. Azken laurdena bide beretik joan da. Grimesek eta Bitinasek jarri dituzte puntuak Askatuaken partetik, baina etxekoek serio jarraitu dute lanean eta Zyle, Arrutik eta konpainiak euren zenbakiak loditzen jarraitzeko aukera eduki dute. Donostiarrek partida amaiera aldera bakarrik txukundu ahal izan dute markagailua, neurketa dagoeneko erabakita zegoenean eta hala ere, 74 eta 57 amaitu da.

Saskiratzaileak: (24-14/38-21/55-37/74-57)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (13), Uclés (2), Zubizarreta (4), Zyle (18) eta Guridi (7) –bosteko nagusia- Assalit (5), Oroz (4), Barberena, Lasa (9), Cubela eta Okoye (12).

ASKATUAK: Perez (5), Miller (2), Bitinas (8), Urtasun eta Martinez (8) –bosteko nagusia- Fall (13), Hevia (6), Andia (2), Grimes (13), Millares eta Fernandez de Retana.

MVP: Zyle (22)