Iraurgi SBk eta Gipuzkoa Basketek hitzarmena berritu dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 28a, 18:52

Bi klub gipuzkoarrek zortzigarren urtez berritu dute hitzarmena, saskibaloia probintzian bultzatzen jarraitzeko.

Atzokoan pintxo poteo egun berezia bizi izan zen Azpeitiko Saski Tabernan, ez bakarrik Inauterietako lehen eguna zela-eta eskaintza desberdinak egon zirelako, baizik eta egun hori aprobetxatu zelako Iraurgi SBren eta Gipuzkoa Basketen arteko hitzarmena zortzigarren urtez berritzeko. Bertan egon ziren Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi SBren ordezkari gisara eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, eta Gipuzkoa Basketen partetik Alvaro Bilbao presidentea eta German Cea, klubeko zuzendari orokorra. Guztiak Azpeitia Azkoitia ISB taldeko jokalariez lagunduta.

Hitzarmen honen berriztapenaren helburua Gipuzkoako saskibaloiaren garapena indartzen saiatzen jarraitzea da, dauden zailtasunen gainetik kirol hau probintzian bultzatzen segitzeko. Gaur egun Endesa ligan jokatzen duten Mikel Motosek eta Julen Olaizolak Zilarrezko LEB ligan jokatu zuten Iraurgi SBrekin hitzarmen honi esker. Horrez gain, gaur egun Xavi Assalitek GBCk utzita jokatzen du Azpeitia Azkoitia ISBrekin eta Urola Kostako taldeko harrobiko Xabi Orozek noizean behin Sito Alonsoren aginduetara entrenatzen du, eta berdina egin izan dute Lander Lasak, Ibon Guridik edota Aitor Zubizarretak ere.