Carlos Sastre kiroldegiak gotorleku izaten jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 24a, 11:28

Azpeitia Azkoitia ISBk, lehen zati txukuna egin eta gero, etxekoen hiruko festa jasan behar izan du hirugarren laurdenean eta azkenerako ezin izan dio neurketari buelta eman.

Seigarrenaren atzetik zazpigarrena datorrela eta, aurreko astean utzitako sentsazio bikaina berresteko asmoz, play-offetan sartzeko borrokan bete-betean murgilduko zuen garaipen baten bila joan da Azpeitia Azkoitia ISB Avilara. Etxeko taldeak Carlos Sastre kiroldegian denboraldian zehar partidarik galdu ez duela jakitun, neurketa benetan zail bati aurre egin beharko ziotela ondo barneratuta zeukaten Iker Buenoren mutilek, baina sorpresa emateko gogo biziz kantxaratu dira.

Gipuzkoarren entrenatzaileak Imanol Zubizarreta jarri du hasieratik, Carles Marzok eragin dezakeen jokoa gelditzea zeinen garrantzitsua den jakitun. Iraurgikoek jakin bazekiten barruko jokoarekin egin zezaketela min gehien eta horretan saiatu dira lehen minutuetan, baina uztaira begira ez dute asmatu. Zyleren eguna ez zela izango zirudien, jaurtitako guztia huts egin du, baloiak galdu ditu... Beste aldean, ordea, Novalek min egin ahal izan du eta batez ere Mendezen eskumuturra ibili da oso fin. Iraurgikoen kanpoko jokalarien lana ere bikaina izan da, Arruti eta Lasa puntuak sartzen eta Cubela, Justoren zaintzan. Etxekoen erreferentzia nagusia gelditzea lortu du kroaziarrak. Gora eta behera ibili da markagailua laurden guztian zehar, baina Lasak bost puntu jarraian eskuratuta 17 eta 19 amaitu dira lehen hamar minutuak. Bigarren laurdenaren hasieran, bostekoa ia erabat aldatu badu ere, Azpeitia Azkoitia ISB markagailuan alde egiten saiatu da. Lasaren eta Ibargutxiren eskutik 7 puntuko aldea zabaldu dute, nahiz eta etxekoek erreakzionatzen jakin izan duten eta diferentzia horrek ez duen gora egiten jarraitu. Ondo bideratuta zeukaten gipuzkoarrek neurketa, baina Avilakoek bi hiruko jarraian sartu eta neurketa berdintzearekin bat Iker Bueno hutsartea eskatzera behartuta ikusi da. Duty, baina, min egiten hasia zegoen ordurako eta etxekoak eroso jokatzen hasi dira. Okoyeren lanak mantendu du bizirik talde gipuzkoarra eta atsedenaldira 40 eta 35 iritsi dira.

Hirugarren laurdenean Herrero eta Justo agertzen hasi dira etxekoen partetik eta lasai ibiltzeko moduko aldea zabaldu du Grupo Eulen Carrefour El Bulevar de Avilak. Ez dute etxekoen jokoa gelditzen jakin izan gipuzkoarrek eta bi hiruko jarraian sartuta, etxekoek partidako alderik zabalena lortu dute 26. minutuan: 13 puntu. Iker Buenok, neurketaren erritmoa puskatu behar izan du hutsarte batekin. Gauza asko zeuden hobetzeko eta batez ere Justo gelditzen hasi beharra zegoen. Kanariarrak, baina, bere jokoarekin jarraitu du eta gipuzkoarrak etxekoen aldea ezin txikitu ibili dira. Zyle azaldu da azkenean min egiteko eta horri eskerrak 62 eta 53 iritsi dira laurden amaierara. Zerbait desberdina bilatu beharra zeukan Azpeitia Azkoitia ISBk eta akats batzuk egin baditu ere erasoan, batez ere, baloiak galduta, Ibargutxik hiruko batekin sei puntura jarri ditu gipuzkoarrak. Bazirudien gutxika-gutxika gorantz zetorrela, baina Adrian Mendezek erabat apurtu du kanpokoen erreakzioa eta, 7 puntu erreskadan sartuta, berriz zabaldu du aldea etxekoentzako. Azken minutuetara iritsita bazirudien etxekoen alde egingo zuela neurketak, baina Uclesen hiruko batek berriz ere bizitza eman dio Azpeitia Azkoitia ISBri. Aldea oraindik murrizteke zegoen eta hiruko marratik egiten saiatu dira Iker Buenorenak. Ez dute asmatu eta etxekoak, berriz, jaurtiketa libreetan nahiko fin ibili dira. Baina ez du etsi Azpeitia Azkoitia ISBk eta dena galduta zegoela zirudienean 4ra jarri da, Lasak bi jaurtiketa libre sartuta eta Uclesen beste hiruko baten ondoren. 22 segundo bakarrik falta ziren neurketa amaitzeko, baina miraria ez da iritsi eta Novalek jaurtiketa libreen marratik ez duenez huts egin, 83 eta 77 amaitu da neurketa. Zazpigarrenak datorren astean iritsi beharko du, Marin Peixegalegoren aurka.

Saskiratzaileak: (17-19/40-35/62-53/83-77)

GRUPO EULEN CARREFOUR EL BULEVAR DE AVILA: Justo (16), Herrero (6), Marzo (5), Mendez (21) eta Noval (13) -hasierako bostekoa- Bethencourt, Bermejo, Makonda (3), Simek, Fernandez (13), Camino eta Duty (7).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (9), Ucles (11), Zubizarreta (3), Zyle (9) eta Cubela (4) -hasierako bostekoa- Assalit, Ibargutxi (9), Barberena (2), Guridi (7), Lasa (9) eta Okoye (14).

MVP: Mendez (29)