Azken laurdenean lortu zuen garaipena Tabirakok

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 18a, 11:53

Zurt Taberna ISBk denboraldiko hirugarren porrota jaso zuen larunbatean Durangoko Tabirakoren aurka 55 eta 66 galdu eta gero.

 

Jarraian bi neurketa oso zail izan dituzte Zurt Taberna ISBkoek, bigarrenaren eta hirugarrenaren aurka jokatu behar izan baitute urrenez urren. Seguruenik aurkariek ere horixe pentsatuko zuten, Iraurgiko neskek lehen postuari eusten baitiote oraindik, baina Tabirakoren aurka galdu eta gero dagoeneko lehen zuten abantailatxoa janda dago eta orain Atco. San Sebastianekin eta Tabirakorekin batera konpartitzen dute sailkapeneko lehen postua.

Lehena eta hirugarrena aurrez aurre egonda, neurketa parekatua espero zen Azkoitiko kiroldegian eta horrela izan zen lehen hiru laurdenetan zehar. Etxekoek jakin izan zuten lehen minutuetan bizkaitarrei nondik egin ahal zieten min eta barruan baloiak behin eta berriz jarrita lortu zituzten puntuak. Baina Tabirakoren erantzuna kanpoko jaurtiketekin iritsi zen eta laurden amaierara berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren laurdena ere ildo beretik joan zen, batzuk barrutik puntuak lortuaz eta besteek kanpotik. Atsedenaldira iritsi aurretiko azken minutuan baina, hiruko jaurtiketen bitartez 0 eta 7ko partziala lortu zuten kanpokoek eta aldageletara 30 eta 36 joan ziren aurretik.

Abantaila polita hartuta zuten Durangokoek, horren neurketa parekatuetan eta maila bertsuko bi taldeen artean, 6 puntu goitik egotea kontutan hartzekoa izaten baita beti. Bazirudien gainera, lasai hantzean ibiltzeko aukera izango zutela bizkaitarrek, baina Zurteko neskek zerbait baldin badute eta denboraldian zehar horrela erakutsi dute, kasta da. Hori erabili zuten berriz ere partidura bueltatzeko eta bihotzarekin buruarekin baino gehiago jokatuta, laurden amaierarako berriz neurketa parekatzea lortu zuten. Baina, buruarekin jokatzen ez baldin bada, azkenerako hutsak iristen dira. Agian nekeak ere eragin zien etxekoei baina saskira begira hutsegite asko egiten hasi ziren eta Tabirakok bikain aprobetxatu zuen hori. Gainera jaurtiketa libreetan ere askoz finago ibili ziren kanpokoak. 13 jaurtitzeko parada izan zuten azken laurden honetan eta etxekoek baino gehiago asmatu zuten marra horretatik. Azkenerako erraz lortu zuten Durangokoek garaipena: 55 eta 66 eta goiko borroka hori gehiago estutu dute.

Lehen postuan jarraitze horrek ez ditu obsesionatu behar orain Zurt Taberna ISBkoak. Egiten ari diren denboraldia txapela kentzeko modukoa da eta porrot batzuk heltzea normaltzat hartu beharra daukate. Onena, partiduz partidu pentsatzen jarraitzea da eta hurrengoa Loiola Indautxuren kantxan jokatuko dute larunbatean. 

Saskiratzaileak: (16-16/14-20/14-8/11-22)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (3), Eider Iturralde (3), Ana (3), Irati (13), Maite Zubizarreta, Intza Lizarazu (18), Berezi, Maitane (1), Itsaso (12).

TABIRAKO BAQUE: Sarasola, Mendibe, N. Maurtua (8), Berganza (3), Moreno (16), Garitaonaindia, M. Maurtua (8), Fernandez (11), Baque (14), Urain (3), Aldekoa (2).