Behar-beharrezko garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 17a, 11:15

Azpeitia Azkoitia ISBk, denboraldiko seigarren garaipena eskuratu du Kopako txapeldunaren aurka, bigarren zati bikaina eginez eta Okoye-Zyle-Arruti hirukotean oinarrituta.

 

18. jardunaldiak enfrentamendu zuzen asko eman ditu eta eman diren emaitzak ikusita, jardunaldiko azken neurketan, Azpeitia Azkoitia ISB garaipenaren beharrean ikusi da, bere aurretik dauden taldeak aldentzen ez hasteko. Gainera, patuak denboraldian zehar taldeari lagundu ez diola ikusita, bada ordua zortea ere alde jartzen hasteko. Egia da aurrean ez duela horretarako aurkaririk errazena eduki. CB Prat aurtengo Zilarrezko Kopa Txapelduna izan da Azpeitiko kiroldegira jokatzera etorri den aurkaria. Kataluniarrak azken ligako bi neurketak galtzetik zetozen eta lehen postuetan mantentzen jarraitzen baldin badute ere garaipen gosearekin heldu dira, baina etxekoak ez dira atzean gelditu eta bigarren zati bikaina eginez behar-beharrezkoa zuten garaipena lortu dute.

Joaneko neurketa benetan parekatua izan zen eta gaurkoaren hasierako minutuak ere horrelakoak izan dira. Batzuek nagusitasuna erakutsi dute hasiera batean, eta besteek gero. Etxekoen partetik Guridik egindako lana izan da benetan azpimarragarria. Bost puntu jarraian eskuratuta lau aurretik jarri du bere taldea. Baina beste aldean Serrano nagusi izan da taula azpian eta min handia egin du, batez ere erasoko errebotean. Hori horrela, partidaren parekotasuna handia izan da. Cubelak ere egin du debuta Azpeitia Azkoitia ISBren kamisetarekin eta lehen puntuak eskuratu, gainera. Alberto Abaldek azken jokaldian sartutako saskiratze bati esker 13 eta 16koarekin heldu dira lehen laurdenaren amaierara. Bigarren laurdena hasi bezain pronto, Cavenek eta Nikolicek bere kalitatearen berri eman dute eta Okoyek beste aldean bere ahaleginak egin baditu ere, CB Pratek alde egin du pixka bat markagailuan. Errebotea hobeto zaintzen zebilen etxeko taldea, baina hiruko marratik min egiten hasi dira Pratekoak. 10 puntu goitik jartzea ere lortu dute Carles Duranen mutilek, baina Zyle eta Lasaren eskutik erreakzio txiki bat heldu da eta horrek bizirik mantendu ditu gipuzkoarrak. Zylek egindako birrintze ikusgarri batek ere zaleak piztu ditu eta David Iriarteren laugarren pertsonala ez da txarra izan etxekoentzat. Piru Rosek, baina, asmatzen jarraitu du kanpotik eta Serranok ere bere zentimetroen berri ematen jarraitu du. Hala ere, etxekoak behetik gora zetozen eta atsedenaldira 36 eta 37 iritsi dira.

Lehen zatiko azken minutuetan erasoko jokaldi politak ikusi ahal izan baditugu ere, atsedenalditik bueltan defentsak izan dira nagusi alde batean eta bestean. Horrelakoetan, baina, askotan gertatzen da kalitatea gailendu ohi dela eta horrek mantendu ditu aurretik kataluniarrak. Palman gertatu antzera Arrutik bere protagonismoa bilatu nahi izan du eta neurketa parekatu du. Gainera Guridik bere bertikaltasunarekin min egiten jarraitu du eta Piru Rosen laugarren falta ateratzea lortu du. Zyleren ordez Okoye atera da eta Serranoren nekearen kontra jo du, min egite aldera. Baita lortu ere, eta modu horretara Azpeitia Azkoitia ISB markagailuan nagusitzen ikusi ahal izan dugu aspaldiko partez. Okoye-Arruti bikoteak min handia egin du kataluniarren defentsan eta Uclesek ere berea eman duenez, etxekoek partidako alde nagusia lortu dute hirugarren laurdenaren amaieran: 58-48. Kataluniarrek dena eman behar zuten etxekoen aldea lehenbailehen jateko eta horretan saiatu dira, baina etxekoek ondo eutsi diete Carles Duranen mutilei eta 10 puntu inguruko aldea mantendu ahal izan dute. Batez ere defentsa nahiko txukuna egin dutelako eta Okoye sekulako partida egiten zebilelako. Ros kantxara itzultzearekin batera kanpotik asmatzen hasi dira kanpotarrak baina Arrutik lapurtutako baloi batek eta kontraerasoan lortutako 2+1eko batek berriz jarri du distantzia markagailuan. Lau minuturen faltan 13 gora ziren etxekoak. Kanpokoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du. Saiatu dira aldea nolabait murrizten CB Pratekoak eta min egiten hasi dira beraien barneraketekin. Burua hotz edukitzeko momentua zen eta aldeari eusten jakin beharra zegoen. Gaztetasunaren aurka esperientzia erakutsi behar zen. Luze jokatu eta ahalik eta huts gutxien egin. Ez dute jakin hori egiten eta sufritzen amaitu dute etxekoek. Eskerrak jaurtiketa libreen marratik asmatu duten eta azkenean 85 eta 76 irabazten amaitu dute. Garaipen benetan garrantzitsua. 

Saskiratzaileak: (13-16/36-37/58-48/85-76)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit , Ucles (14), Zyle (15), Guridi (10) eta Lasa (8) -bosteko nagusia- Arruti (14), Zubizarreta, Ibargutxi (2), Barberena, Cubela (4) eta Okoye (23).

CB PRAT JOVENTUT: Ros (13), Iriarte, Nogues (7), Serrano (14) eta Sans (4) -bosteko nagusia- Aboubacar, Abalde (12), Vilanova (10), Guallar, Gomila (2), Nikolic (4) eta Caven (10).

MVP: Okoye (28)