Ezin partidan sartu, ezin garaipena lortu

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 12a, 19:18

Zurt Taberna ISBk denboraldiko bigarren porrota jaso zuen Atco. San Sebastianen aurka (63 eta 51), atzeratutako neurketan.

Beti ez dago garaipena lortzerik eta asteburu honetan Zurt Taberna ISBk denboraldiko bigarren porrota jaso du. Atzeratutako neurketa jokatu zuen Atco. San Sebastianen kantxan, ordu eta egunik desegokienean seguruenik, baina horrek ezin du aitzakia moduan funtzionatu. Kontua da aitzakiarik bilatu behar ez bada ere, neurketa hasieratik partidan ezin sartu ibili zirela Joseba Lizarralderen neskak. Erritmo egokiena ezin aurkitu erasoan eta defentsako lanean ere galdu xamar.

Etxekoak aldea zabaltzen hasi ziren markagailuan lehen minutuetatik. Ahalegindu ziren aldeak handiegiak ez izaten Zurtekoak eta lortu zuten, baina hori bai, donostiarrak beti aurretik ibili ziren. Atco. San Sebastianekoak eroso jokatzen hasi ziren, kanpotarren ezina ikusi bezain pronto eta aldeak geroz eta handiagoak izaten hasi ziren. Kanpotarrak, erasoan gauzak ez zitzaizkiela irteten ikustean defentsako lana sendotzen hasi ziren. Horrek eraman zituen bi puntura gerturatu ahal izatera, baina donostiarrek atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuan 7 eta 0ko partziala eginda, 31 eta 22 amaitu ziren lehen 20 minutuak.

Hirugarren laurdenean ikusi zen bi taldeen artean ez dagoela diferentzia handirik. Biak goi aldean dabiltza eta sekulako denboraldia burutzen: ISBkoak aurrenak dira eta donostiarrak bigarren. Defentsan egundoko ahalegina egin zuten batzuek eta besteek eta erasoan puntu gutxi ikusi ahal izan ziren laurden horretan. Baina azken minutuetan sartu bezain pronto kanpotarren ezina nabaritzen hasi zen. Etxekoek kanpoko jaurtiketak sartzeari ekin bazioten, Zurteko neskek behin eta berriz huts egin zuten eta horrela aldeak jatea zaila egiten da oso. Azkenean 63 eta 51 amaitu zen partida, denboraldian zehar egiten dabiltzan bide bikainean estropezu txiki bat besterik ez.

Aurreko asteburuan bigarren sailkatuaren aurka jokatu bazuten, datorrenean etxean hirugarrena hartuko dute Zurt Taberna ISBkoek. Durangoko Tabirako taldeak bisitatuko du Azkoitiko kiroldegia. Jokalariek esfortzua jarriko dute seguru, ia zaleek berotasuna jartzen duten.

Saskiratzaileak: (18-12/13-10/11-11/21-18)

ATCO. SAN SEBASTIAN: Fernandez (4), Zaldua (17), Ibarburu, Zatarain (3), Lomas, Villar (10), Morejon (5), Beldarrain (16), Oraa (8)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (9), Eider Iturralde, Irati (9), Maite Zubizarreta (6), Intza Lizarazu (12), Berezi (5), Maitane (2), Itsaso (8), Ane.