Zortea ez dago Azpeitia Azkoitia ISBren alde

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 11a, 11:12

Partidako minutu askoan nagusi izan arren, Azpeitia Azkoitia ISBk galdu egin zuen bi luzapen eta Zylek eta Uclések garaipenerako saskiratzea huts egin eta gero.

Bi asteko atsedenaren ondoren berriz bueltatu da gaur lehiara Azpeitia Azkoitia ISB Castelloko jipoiaz ahaztu eta berriz ere bere aurpegirik onena erakusteko asmoz. Entrenatzaileek ez dituzte nahi izaten lehiaketaren barruan etenik edukitzerik, erritmoa galtzeko arriskua baitago, baina batzuetan eta partidetan hutsarteekin gertatu ahal den modura, ongi etortzen dira eten hauek, jokalarien ideiak freskatu eta berriz bide ona topatu ahal izateko. Iker Buenoren mutilei ere ez zaie gaizki etorri eten hori, bide irregularra erakutsi baitute orain arte, eta hemendik eta denboraldia amaitu arte erregulartasuna aurkitzea beharrezkoa da uste baino arazo gehiagotan ez sartzeko. Hala ere, etenalditik bueltan lehen neurketa ez da nolanahikoa izan, Palma Air Europaren aurka jokatu behar izan dutelako Mallorkan. Urrezko LEB ligara igotzeko hautagai nagusietako bati gauzak oso zail jarri dizkio, minutu askoan gehiago izan da, baina argi dago zorteak ez diola lagundu nahi, eta bi luzapen eta gero garaipena etxean gelditu da.

DiBartolomeo gelditzearen garrantziaz jakitun eta Ceceresen aurka taktika antzeko erabilita ondo irten zitzaiola ikusita, Iker Buenok, Imanol Zubizarreta eta Ibon Guridi jarri ditu kantxan hasieratik, defentsan oldarkor jokatzeko asmoz. Eta oraingoan ere nahiko ondo atera zaio entrenatzaile azpeitiarrari, 0 eta 9ko partziala burutu ahal izan baitu neurketa hasteko Iraurgik. Lasak aginte makila hartu du eta puntuak sartzeari ekin dio. Defentsan ere bikain zebilen taldea, Pantín erabat geldituz eta Pampín eta Matemalas kate motzean lotuta. Angel Cepedak hutsartea eskatu behar izan du neurketa gelditzeko, baina Azpeitia Azkoitia ISBk gauzak estu jartzen jarraitzeko asmoa zeukan eta Lasak metraileta kargatuta zeukanez markagailuan ihes egiten jarraitu du talde gipuzkoarrak. Lehen laurdena 8 eta 20 amaitu da eta aipatzekoa da Iker Buenok, jokatzeko zituen jokalari ia guztiak erabili dituela. Defentsako lana bikaina izaten zebilen eta errebotean ere Okoye jaun eta jabe agertu da. Egia da etxekoen lehen laurden txarraren ondoren erreakzioa bilatuko zutela, baina ondo eutsi dio Palmari ISBk. Piboten arteko jokoarekin min egiten jarraitu dute gipuzkoarrek eta hori lortzen ez zenean, kanpotik Lasa agertu da. Iker Buenoren mutilak oso nagusi agertu dira eta une oro 10 puntutik gorako abantailari eutsi diote. DiBartolomeo eta Pampinen bitartez jarraian lortutako 11 puntuek baina esperantza piztu dute etxekoendako eta atsedenaldira 35 eta 39 joatea lortu dute.

Hirugarren laurdena hutsetik hutsera hasi da. Batzuek saskiratzea lortzen ez bazuten, besteek baloia galtzen zuten. Horrela pasa dira ia bi minutu. Baina DiBartolomeo berriz hasi da bereak eta bi egiten eta Pantinen laguntzarekin lehendabiziko aldiz aurretik jarri du etxeko taldea. Ez dira behera etorri baina gipuzkoarrak eta lanean jarraitu dute. Neurketa zerotik hasiko balitz bezala hartu dute eta aurreko taldea baino gutxiago ez direla erakutsi nahi izan dute. Arrutik orkatilako bihurritua ahaztu eta taldeari lagundu nahi izan dio, Barberenak eta Ibargutxik ere erasoan zein defentsan lagundu dute eta taldeari behar zuten bizipoza eman diote. DiBartolomero ahalegindu da berriz ere bere taldeari behar zuen indarra ematen, baina orduan Arrutik bere eskumuturra paseatzera atera du eta 8 puntu jarraian lortuta 46 eta 57koa jarri du markagailuan hirugarren laurdenaren amaieran. Minutu hauek hasierakoen antza izan badute, azken laurdenaren lehenek bigarrenaren antza ikaragarria izan dute. Oraingo honetan baina DiBartolomeo beharrean Matemalas izan da protagonista. Hiruko marratik triskantza egin du jaurtitzaile finak eta kanpokoen abantaila ezerezean utzi du. Iker Buenok hutsartea eskatu eta bere jokalariek lanerako grina erakusten jarraitu dute. Zylek eta Okoyek min egiten jarraitu dute uztai azpian eta neurketa parekatua eramatea lortu dute. Minutu eta erdiren faltan 4 puntuko aldea zabaldu dute etxekoek eta bazirudien erabakigarria izango zela, baina orduan agertu da Ander Arruti, aurrez egin duen lan ona borobiltzera eta hiruko batekin eta asistentzia batekin partidari buelta eman dio. Jaurtiketa libreen marratik ere ez du huts egin, baina azken segundoan Matemalasek postura oso behartuan egundoko hirukoa sartuta luzapenera eraman du partida: 77-77. Patua krudela izaten hasi da gipuzkoarrentzat, merezi zuten garaipena eskuetatik kendu baitio azken unean. Kolpea latza izan da eta luzapeneko lehen minutuetan igarri egin dute hori Iker Buenoren mutilek, baina erantzuten jakin dute baita eta 0 eta 8ko partziala eginda berriz garaipena eskura izan dute, baina jaurtiketa libreen marratik oraingoan Vicens izan da partida bigarren luzapenera eraman duena: 90-90. Bigarren denbora estra honetan kanpotarrek eraman dute iniziatiba markagailuan Uclésen eta Zyleren erasoko lanak lagunduta eta garaipen gosea erakutsiz, Llompartek baina, bost segundoren faltan bi jaurtiketa libreak sartu eta 99 eta 98koa igoarazi du. Azken aukera bat eduki du Azpeitia Azkoitia ISBk merezi zuen garaipena lortzeko, baina Zyleren jaurtiketak ez du sartu izan nahi eta Uclésen zaplada ere ez da sartu, garaipena etxean gelditu delarik.Porrot mingarria gaurkoa, garaipena lortzeko merezimenduak egin baititu taldeak, baina datorren astean CB Prat Kopa txapeldunaren aurka bilatu beharko da denboraldiko seigarrena.

Saskiratzaileak: (8-20/35-39/46-57/77-77/90-90/99-98)

PALMA AIR EUROPA: Torres, Pantín (12), DiBartolomeo (27), Pampín (3) eta Matemalas (25) –bosteko nagusia- Adrover, Tugores, Asanin, García (5), LLompart (6), Vicens (21) eta Cañellas.

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Uclés (12), Zubizarreta (2), Zyle (12), Guridi (9) eta Lasa (19) –bosteko nagusia- Assalit, Oroz (4), Arruti (15), Ibargutxi (4), Barberena (5) eta Okoye (16).

MVP: DiBartolomeo (40)