Batekin nahikoa ez, eta bi garaipen asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ots. 5a, 11:13
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Zurt Taberna ISBk lidergoa sendotu du Getxoren eta Araskiren aurka irabazita.

Asteburu zail xamarra izan da azken hau Zurt Taberna ISBko neskentzat, bi egunetan jarraian neurketak jokatu behar izan dituztelako, aurreko asteburuan ustekabean jai izan eta gero (Atco. San Sebastianen aurkako partida bertan behera gelditu zen). Baina neska hauek egiten ari diren denboraldia txapela kentzeko modukoa da eta larunbatean Getxori irabazi eta gero, igandean Araskiren aurka garaipena lortuta, dagoeneko hamalau garaipen dauzkate patrikan eta lidergoa sendotzen jarraitzen dute.

Zurt Taberna ISB 66-42 Getxo SB

Larunbatean Getxo ISB talde bizkaitarra hartu zuten etxean Iraurgiko neskek. Behe aldean sailkatuta dagoen taldea izanda ere, jokalari garaiez osotutako dago eta horregatik errebote lana ondo zaintzea zen neurketa irabazteko gakoetako bat. Lehen minutuetan gipuzkoarrek ondo lotu zuten aspektu hori eta erasoan ere zentratuta jokatuz, gutxika-gutxika aldeak zabaldu zituzten markagailuan. 15eko aldea izatera ere iritsi ziren, baina Getxokoak errebotean nagusitzen hastearekin bat 11 eta 0ko partziala burutu zuten eta neurketa berriz ere parekatu.

Hirugarren laurdenean baina, Zurteko neskak neurketa puskatzera irten ziren eta bizkaitarrak ustekabean harrapatu zituzten. Motorra martxan jarri eta di-da batean 20 eta 5eko partziala eginda garaipenaren zimenduak bikain ezarri zituzten. Azken minutuak etxekoen gozamenerako izan ziren, hurrengo egunean izango zuten neurketan pentsatzen hasteko aukera izan baitzuten eta minutuak banatu zituztelako jokalari guztien artean, azkenerako gainera garaipen erraza lortuta: 66 eta 42.

Saskiratzaileak: (17-9/15-15/20-5/14-13)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (8), Eider Iturralde (9), Irati (3), Intza Lizarazu (15), Maite Lizarazu (7), Maitane (2), Galdos (2), Itsaso (9), Ane Goenaga (2), Aitziber (9).

GETXO  SB: Hernandez (2), Elgezabal, Astobiza (17), Urresti (7), Schmitt, Mazo, Dominguez (2), Menendez (2), Bueso (10), Infante, Friera (1), Cortina (2).

UPV/EHU Araba Araski 49-57 Zurt Taberna ISB

Igandean, Gasteizko Araski taldeak horrela eskatuta, aurreratutako neurketa jokatzera joan ziren Zurt Taberna ISBko neskak Arabako hiriburura. Etxeko taldea ere behe aldean sailkatuta dago, baina neurketa horretara hiru partida jarraian irabaztetik heldu zen. Bolada onean zegoen talde baten aurka jokatu behar izan zuten beraz Iraurgikoek, larunbatean jokatutako neurketak eragin zezakeen nekearekin. Partida oso borrokatua izan zen, baina hasieratik markagailuan aurretik jartzea jakin izan zuten Joseba Lizarralderen neskek eta amaiera arte horrela mantendu ziren.

Lehen laurdenean bederatzi puntuko aldea zabaldu eta gero, abantaila hori mantentzen jakin izan zuten ia neurketa osoan zehar Zurtekoek. Egia da, etxekoen bultzadaren ondorioz, bost puntura gerturatzea lortu zutela, baina ISBkoek erantzuten jakin izan zuten eta amaierarako 49 eta 57 irabazten amaitu zuten.

Saskiratzaileak: (12-21/12-11/10-13/15-12)

UPV/EHU ARABA ARASKI: De la Torre (12), Picazo (10), Vesga (9), Brizuela, Iñiguez (8), Paniagua, Larrazabal, Ortega, Basterra, Del Campo (2), Sarasti (4), Magan (4)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (3), Eider Iturralde (6), Irati (7), Intza Lizarazu (15), Berezi (5), Maite Lizarazu (10), Maitane (4), Itsaso (5), Aitziber (2).

Datorren astean, berez jai izan behar zuen Zurt Taberna ISBk, Araskiren aurkako neurketa aurreratu zutelako pasa den asteburura, baina Atco. San Sebastianen aurkako atzeratutako neurketa jokatzeko aprobetxatuko dute, eta beraz, igandean 15:00etan, Donostiako Aiete kiroldegian garaipen berri bat bilatuko dute.