Imanol eta Maite Zubizarreta: "Kantxetan bizi izan ditugun momentu onak berriz bizitzeko gogoak mantentzen du bizirik ilusioa"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urt. 21a, 10:35
Imanol eta Maite Zubizarreta.

Euskal Herrian familia gutxi egongo dira saskibaloiari Zubizarreta familia baino lotuago dagoenik. Aita, Jose Luis, Iraurgi SBko gerente eta hainbat taldetako entrenatzailea da. Aitor, semea, Portland-en unibertsitatean ari da jokatzen. Imanolek eta Maitek, berriz, herriko taldean jarraitzen dute. Biak ala biak lehen taldearekin, nahiz eta, zoritxarrez, taldekideei aulkitik nahi baino gehiago ari diren laguntzen. 

Urte nahiko zaila izaten ari da biontzat.

Imanol Zubizarreta: Garbi dago jokalari guztiek nahi izaten dugula minutu asko jokatzea eta garbi dago erraza ez dela hori. Horrek ez du esan nahi taldean gustura ez nagoenik. Oso giro ona daukagu eta egunero gogor entrenatzen saiatzen naiz nire aukeraren bila. Ez da erraza, baina nik behintzat, lanean jarraituko dut.

Maite Zubizarreta: Nik dagoeneko bi urte daramatzat lesioekin ezin burua altxatuta. Gogorra ari da izaten, behin eta berriz hasi eta lesioan jausten naizelako eta sentsazio hori ez da bat ere gozoa. Hasi eta erori, hasi eta erori…

Garbi dago goi mailan jokatzea ez dela bat ere erreza, baina aulkitik bizi behar izate hori… Nola bizitzen da egoera hori?

IZ: Beste taldeetan gehiago jokatzen ohituta, orain aulkitik, okerrago pasatzen dut. Momentu oro lagundu nahi horrek askoz ere urduriago jartzen nau. Konpetentzia latza daukadala badakit, baina sufritu egiten da aulkian. Egia esan, aulkian jokalari guztiek sufritzen dutela esango nuke, guztiek lagundu nahi dutelako.

MZ: Ni jada ohitu egin naiz aulkitik neurketa ikusten (kar, kar, kar). Gainera nire taldekideek,  gaur egun, nire behar handirik ez dutela uste dut. Esan nien, lehen neurketa galdu arte ni ez nintzela jokatzera bueltatuko. Tamalez lehena galdu dute, baina niri ere taldera bueltatzeko beste lasaitasun bat ematen dit horrek (kar, kar, kar).

Bitxi da, baina zuen anaia bizitzen ari den esperientzia ikaragarri horretan, zuen antzeko egoeran dago.

IZ: Orokorrean, bizitzen ari den guztia sekulakoa da eta berarekin hitz egin izan dudanean, berak oso gustura dagoela esaten dit. Entrenatzen geroz eta hobeto ari dela esaten du, geroz eta gogorrago, geroz eta konfiantza gehiagorekin, baina minutuak ez dira iristen eta zentzu horretan gora-beherak ere izaten ditu normala den moduan. Gogorra da, 18 urterekin munduaren beste puntan bakar-bakarrik dagoelako. Hori dela-eta, mentalki gu baino gogorragoa izan beharra dauka. Azkenean, berak pentsatu beharra daukana da lau urteko proiektu batean dagoela murgilduta.

MZ: Garrantzitsuena da egoera horren aurrean ez duela etsi eta lanean gogor segitzen duela. Eta hori da eduki behar duen jarrera. Aitagatik badakigu oso gustura daudela berarekin han eta jarrai dezala horrela.

Eta horrelako momentu zailetan ilusioa nola mantentzen da?

MZ: Ez da erreza. Nik, adibidez, galdu dut ilusio pixka bat. Behin desgrazia gertatu eta errekuperatzen zarenean, berriz hasi eta beste desgrazi bat… Nik badakit lehen egun hauetan, entrenamenduetan eta jokatzen hasten naizenean, asko kostako zaidala normal jardutea. Baina, momentu onak ere iritsiko dira eta horretan pentsatu beharra dago ilusioa mantentzeko. Gustuko dugun zerbait da saskibaloia eta momentu on asko bizi izan ditugu kantxetan eta berriz ere momentu horiek bizitzeko gogoak mantentzen duu bizirik ilusioa.

IZ: Askotan astelehena iristen da eta zeure buruari buelta asko ematen dizkiozu, hau zergatik bai edo zergatik ez. Baina, horrenbeste gustatzen zaigun gauza bat da, txipa aldatu beharrean gaudela; Entrenatzen gogor segi eta aukeraren zain egon taldeari ekintzekin ere lagundu ahal izateko eta berriz ere momentu onak edukitzen saiatu beraiekin disfrutatzeko.

Azpeitian Zubizarreta familia esan eta saskibaloia datorkio mundu guztiari burura. Imajinatzen al duzue saskibaloi gabeko bizitza bat?

MZ: Gure etxean ezinezkoa da. Amak aspalditik bizi duen egoera bat da eta elkarrizketa erdiak saskibaloiari buruz direnez, uste dut azkenean entretenitu ere egiten dutela. Niri aitak esana dit, "zu ez bazina gure familian jaio, ez zinen saskibaloi jokalaria izango". Agian sen lehiakor hori falta zaidalako edo, baina ez gaitu inork saskibaloian aritzera derrigortu. Hori bai, horrenbeste saskibaloi partida ikusi ditugu etxean…

IZ: Nik argi daukat, noizbait kanpora joan behar banuke ere, talderen bat bilatuko nukeela saskibaloian jokatzeko eta beti egongo naizela kirol horri lotuta. Zaila egiten zait saskibaloirik gabeko bizitza imajinatzea. Betidanik bizi izan dugun gauza bat da, baina Maitek dioen moduan ez gaituzte behartu horretara. Futbolean aritzeko aukera ere eduki genuen, nahiz eta suposatzen dudan aitak nahiago zuela guk saskibaloian jokatzea. Gainera, gauza handi bat ere lortu dugu: amak horrenbeste saskibaloi ikusi du, ulertzera ere heldu dela (Kar, kar, kar)!