Defentsan sakatuta eta talde jokoan, garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urt. 13a, 10:46
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISBk egundoko garaipena erdietsi du, talde jokoan oinarrituta eta defentsan sekulako lana eginez.

Bigarren itzuliari hasiera emateko sasoi betean dagoen aurkaria egokitu zaio Azpeitia Azkoitia ISBri. CEBA Guadalajara liderrekin garaipenetara berdinduta iritsi da Azpeitiko kiroldegira eta azken astean Marinen galdu izanagatik bakarrik gelditu da Zilarrezko Adecco Kopa jokatzetik kanpo. Iker Buenoren mutilak gainera ez dira bolada onean iritsi gaurko partidara eta Ander Arrutiren bajak (gripeak jota ibili da aste guztian) eta Joseba Ibargutxiren aitatasunak ez die lagundu entrenamendu aste egokiena edukitzen. Baina boladak ere apurtzeko egoten dira eta talde lanean oinarrituta egundoko garaipena lortu du Azpeitia Azkoitia ISBk. 

Oso gogor hasi dira etxekoak. Imanol Zubizarretarekin eta Guridirekin bostekoan presioa goi goitik egin eta arazotan jarri dituzte Guadalajarakoak. Okoyek partida aproposa zuen uztai azpian nagusi izateko nahiz eta Alkarriakoek azken fitxaketa bat egin (Akomolafe) zona barruko jokorako, eta Azpeitia Azkoitia ISBko amerikarra bere parekoak baino gehiago izan da. Modu horretan 10 eta 2ko partziala egin eta alde egin dute markagailuan. Gutxinaka-gutxinaka baina bere onera etorri dira kanpokoak eta neurketa parekatzea lortu dute baina bidean esfortzu handia eginda. Hiruko marratik neurketa parekatzea lortu dute azkenerako eta lehen laurdena 15 eta 13 amaitu da. Bigarren laurdena saskiratze trukaketa polit batean bihurtu da. Etxekoek barneraketekin lortzen zituzten puntuak, Javi Juarezen mutilek berriz, Edu Duranen eskumutur finak lagunduta. Momentu oro baina etxekoak izan dira aurretik 2 eta 5 puntu tarteko abantailekin, eta hori Zylek ez zeukala bere egunik onena. Ibargutxik bi hiruko jarraian sartuta alde egin nahi izan dute etxekoek baina kolpeari ondo erantzun diote Guadalajarakoek eta gainera ISBkoek erasoan galdutako baloiak aprobetxatzen jakin izan dute laurdena amaitzeko 15 segundoren faltan lehendabizikoz markagailuan aurretik jartzeko. Atsedenaldira 29 eta 30. 

Hirugarren laurdena benetan parekatua izan da hasierako minutuetan. Ez batak eta ezta besteak ere ez dute asmatu saskira begira defentsak oso gogorrak izan direlako. Kanpokoek baina 2+1eko polemiko xamar bati esker beraien abantaila nagusiena lortu dute (4 puntu), baina ez dute etsi etxekoek eta talde jokoa ateratzen ahalegindu dira. Hori bai, jaurtiketa libreetan egindako hutsek ez diote utzi markagailua iraultzen. Erasoan puntuak zail badira lortzen defentsan gehiago sakatu beharra egoten da. Iker Buenoren mutilek horixe egin dute eta honek kontraerasoan irteteko aukera eman die. Modu honetara 10 eta 0ko partziala egin eta 44 eta 39 amaitu dute laurdena.  Solé agertzen hasi da kanpotarren paretik, baina baita Zyle ere etxekoenetik. Borroka benetan polita ikusi dugu baina erasoko errebotean min egiten hastearekin bat etxekoek abantailatxoa lortu dute eta Lasak hiruko batekin 56 eta 47koa igoarazi du markagailura. Javi Juarezek hutsartea eskatu behar izan du. Bere taldeak zertxobait hobetu du baina ez nahikoa. Etxekoak hazita zeuden, Lasak eta Zylek bikain gidatu dituzte taldekideak eta 8-10 puntuko abantaila mantentzen jakin izan dute amaiera arte. Guadalajarakoek burua galtzen amaitu dute eta azkenean 70 eta 56 irabazten amaitu du Azpeitia Azkoitia ISBk Donostiako martxapean. Garaipen benetan garrantzitsua Iker Buenoren mutilek lortutakoa.

Saskiratzaileak: (15-13/29-30/44 eta 39/70-56)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Zubizarreta (2), Zyle (17), Guridi (4), Lasa (11) eta Okoye (12) –bosteko nagusia- Assalit (4), Urbizu, Oroz (4), Uclés (8), Ibargutxi (8), Barberena eta Sow.

CEBA GUADALAJARA: Sole (14), Lazaro, Medori (10), Guillen (2) eta Kouril –bosteko nagusia- Durán (12), Vidal, Martín (12), Akomolafe (6) eta Gonzalez.

MVP:  Zyle (19)