Iraurgi SBkoak Espainiako azpi-txapeldun Euskadirekin

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urt. 8a, 19:18
Euskadirekin aritu diren Iraurgiko jokalariak. (ISB)

Caceresen egunotan jokatu den Espainiako Kadete Txapelketan, Kanariekin galdu dute neskek finala eta Madrilekin mutilek.

Pena izaten da behin final batera iritsita hau ezin irabazi ahal izatea, baina finalera iristeko egundoko lana egin behar da normalean eta bai Euskadiko selekzioarekin jokatu duten kadete mutilek eta baita neskek ere, sekulako txapelketa jokatu dute Caceresen. Eta protagonista izan dira bi selekzioetan Iraurgi SBko jokalariak. Nesketan, Oihane Aizpuruak, Maitane Domingezek eta Eneritz Larrañagak jokatu dute; mutiletan, Aitor Astigarragak, Ander Merketegik eta Jon Zabartek.

Bi selekzioek bide nahiko bertsua eraman dute finalera iritsi arte. Bai batzuek eta baita besteek ere euren lehen bi neurketak irabazi zituzten. Andaluziaren eta Kantabriaren aurka lortu zuten garaipena neskek; Eneritz Larrañagak, gainera, egundoko partidua jokatu zuen andaluziarren kontra. Mutilek, berriz, Valentzia eta Gaztela-Leon garaitu zituzten eta Aitor Astigarraga izan zen bi neurketetan protagonista nagusia. Bigarren jardunaldian etorri ziren finalera arteko porrot bakarrak eta horiek gerora txapeldun irtengo ziren Kanaria eta Madrilen aurka izan ziren. Hirugarren jardunaldian garaipena lortu beharra zeukaten finalerdietarako txartela lortzeko eta ez zuten huts egin. Neskek Aragoiri irabazi zioten eta mutilek, Ander Merketegiren erakustaldia tarteko, Galizia garaituta lortu zuten txartela.

Arratsaldean jokatu zuten finalerdia. Dagoeneko lan bikaina eginda zuten bai neskek eta baita mutilek ere, baina lan horri ginga jarri nahi izan zioten finalerako sailkapen historikoa lortuta. Gaztela-Leonen eta Andaluziaren kontra sufritu egin zuten bai, baina baita txartela lortu ere. Mutiletan, adibidez, Aitor Astigarragak egindako lanak egundoko garrantzia eduki zuen andaluziarrak garaitzeko. Finalean, bigarren jardunaldian aurkari izan zituzten Kanaria eta Madril izango zituzten aurkari. Orduan galtzaile irten ziren, baina errebantxarako gogoak zituzten euskaldunek. Zoritxarrez, baina, aurreikuspenak bete egin ziren eta Euskadik ezin izan zuen urrearekin etorri Caceresetik. Borroka egin eta gauzak zail jarri zizkieten faboritoei baina azkenerako zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten. Urrea balio duen zilarrarekin.

Zorionak guztiei!!