Atzerapausoa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 24a, 11:30
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISBk aurreko partidetako defentsa lana ahaztuta, 67 eta 76 galtzen amaitu du Conservas de Cambadosen aurka.

Ezin esan dezake Azpeitia Azkoitia ISBk 2013a urte txarra izan dela berarentzat. Aurreko denboraldia play off-etan sartuta amaitu eta gero, eta udan taldea ateratzeko arazo franko egon diren arren, emaitza aldetik ez dago kexatzeko moduan. Gainera, denboraldi berri honetan, azken bi asteetan bi garaipena jarraian lortu eta gero aurrenekoz, 2013ari agur esateko Conservas de Cambados talde galiziarraren aurka garaipena lortuta baino modu hoberik ez zegoen. Irabazteak gainera, sailkapenean aurrerapauso handia ematea suposatzen zuen, baina Iker Buenoren mutilek ez dute helburua lortu eta aurkari zuzen baten aurrean galduta, atzerapausoa egin dute azkenean, taula erdiko postuetara gerturatzeko nahian.

Hasieratik apurtu nahi izan dute partida etxekoek. Defentsan nahiko ondo eta erasoan jokaldiak amaituz Guridiren barneraketekin batzuetan eta Zyleren bitartez besteetan, 8 eta 2 jarri arte. Baina seiko alde hori zabaltzearekin batera desagertu dira gipuzkoarrak kantxatik. Tentsioa aulkian ahaztu eta ideia handirik gabe, baloi inozoak galtzen hasi dira. Galiziarrek bikaina aprobetxatu dute egoera. Hiruko marratik asmatzen hasita eta Douglasek sortzen zuen jokoarekin buelta eman diote partidari. Iraurgiren partetik Zylek bakarrik aurkitu du uztaira bidea eta lehen laurdenaren amaierara 14 eta 18 iritsi dira. Bigarren laurdena era bertsuan hasi da, kanpotarrak erasoko errebotean ere min egiten hasi dira eta hiruko marratik asmatuaz alde egin dute markagailuan. Iker Buenok hutsartea eskatu behar izan du ideiak pixka bat argitzeko eta zonakako defentsa agindu du. Erreakzioa baina ez da iritsi. Chufi Rodriguez ezin zuten gelditu gipuzkoarrek eta beste aldean arazo franko izan dituzte puntuak lortzeko. Galiziarrak oso nagusi ziren eta puntuak errazegi lortzen zituztenaren sentsazioa zabaldu da harmailetan. Zylek bakarrik eman du aurpegia erasoan eta lituaniarra fin zebilela ikusita taldekideek behin eta berriz bilatu dute. Azpeitia Azkoitia ISBko pibota 15 punturekin iritsi da atsedenaldira, baina bere taldea 27 eta 39 galtzen zebilen.

Epelak entzungo zituzten Iker Buenoren mutilek aldageletan, hirugarren laurden hasieran erakutsitako jarrera oso bestelakoa izan delako. Oldarkorrago atzean eta kontraerasoan min egiten saiatuz. Taylor Douglasek ez zuen nahi baina zuten aldea gehiegi murriztu zedin, ahaleginak eta bi egin ditu saiakera horretan eta gehienez bostera gerturatu dira etxekoak. Kanpokoen abantaila ezin murriztu zebiltzala ikusita, gudua bakoitza bere aldetik egiten ahalegindu dira Iraurgikoak eta orduan bai alde egin dutela galiziarrek 0 eta 9ko partziala eginda.  Hirugarren laurdenaren amaieran 45 eta 60 ziren aurretik Cambadosekoak eta neurketa erabakita uzten hasita zeuden. Laugarren eta azken laurdena nahia eta ezinaren argazki itzela izan da. Kanpokoei dena irteten zitzaien eta etxekoei ezer ez (laurden honetan jaurtitako jaurtiketa libre guztiak huts egin dituzte bat izan ezik). Bihotzarekin buruarekin baino gehiago jokatuta markagailua zerbait txukundu nahi izan dute. Presioa eginez eta lehen asmatzen ez zena asmatuta aldea hamarretik jaistea ere lortu dute, baina azkenean 67 eta 76 galtzen amaitu dute.

Saskiratzaileak: (14-18/27-39/45-60/67-76)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit, Uclés (10), Zyle (23), Guridi (11) eta Lasa (9) –hasierako bostekoa- Oroz, Arruti (10), Zubizarreta, Ibargutxi (2), Barberena, Okoye (2) eta Sow.

CONSERVAS DE CAMBADOS: Orellano (9), Rodriguez (8), Wildner (7), Merino (12) eta Oubiña (7) hasierako bostekoa- Diop (10), Vaquero (5), Mato, Rey, Diatta (4), Douglas (13) eta Patiño (1).

MVP: Gedeminas Zyle (28)