Defentsan serio eta laugarrena poltsikora

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 17a, 10:40

Azpeitia Azkoitia ISBk, larunbatean 20:15tan, Donostiako Josean Gaska kiroldegian jokatuko du Askatuak-en aurkako derbya. 

Gaur Donostia Saskibaloiz jantzi da, GBCk jokatu duen neurketaz gain, Gipuzkoa UPVk ere bertan jokatu baitu eta nesken partidaren ondoren, Zilarrezko Adecco ligako gipuzkoar derbya jokatu da Josean Gaska kiroldegian. Bai Askatuak eta baita Azpeitia Azkoitia ISB bolada onean heldu dira neurketara, baina biak ala biak garaipen beharrarekin iritsi dira derby honetara, gaur irabazteak zulotik aldentzen lagunduko zielako. Azkenean Azpeitia Azkoitia ISB izango da taula erdian sailkatuta dauden taldeen artean sartuko dena.

Hasieratik erritmoa Iker Buenoren taldeak ezarri du. Lander Lasak hiruko marratik taldeak zituen gogoak erakutsi ditu. Urtasunen eta Kaneren ahaleginak tarteko, hasieran etxekoak partidan mantendu ditu. Baina Azpeitia Azkoitia ISBk defentsan erakutsitako intentsitateak Askatuakeko jokalariak jan egin ditu. Ezinean aurkitu dira etxekoak eta jaurtiketa libreei esker bakarrik lortu dituzte puntuak minutu askotan. Kanpokoek berriz, kontraerasoei esker eta joko azkarrari esker aldea zabaldu du markagailuan. Azken minutuan egindako huts batzuk tarteko lehen laurdena 16 eta 23 amaitu da.  Bigarren laurdenean neurketa apurtzera irten da Azpeitia Azkoitia ISB eta gutxika-gutxika aldea zabaldu du. Defentsa gogorrak korrika egiteko aukera eman dio eta Guridik bikain amaitu ditu kontraerasoak. Askatuakek zailtasun handiak izan ditu saskira begira eta baloi asko galdu dituzte. Kanpokoek berriz, errebotea zaintzen ahaleginduta, nahikoa zuten. Okoye oso nagusi zen barruan, Uclések ere puntuak eman ditu eta kanpoko jokalariek puntuak batzeaz gain defentsa bikainak erakutsi dituzte. Atsedenaldira Iker Buenoren mutilen nagusitasuna oso nabarmena zen: 25 eta 44.

Partida oso ondo bideratuta zeukaten, baina iaz ere, faborito izanda nabarmen galdu zuten Askatuakekin Urola bailarakoek eta ezin ziren fidatu. David Blancarenek hegalekoekin posteatuz egin nahi izan dute min, baina Zyle beste uztaipean oso nagusi izan da eta saskiratze trukaketetan Iraurgikoak irten dira irabazle. Markagailuko aldea mantentzea bakarrik ez, handitu ere egin dute eta iraurgizaleek Guridiren saskiratze batzuek tarteko gozatzen amaitu dute hirugarren laurden honetan. Neurketa ia-ia erabakita zegoen: 37 eta 61. Agian emaitza ikusita erlaxatu egin dira ISBkoak eta 9 eta 0ko partziala egin ahal izan du Askatuakek. Iker Buenok segituan gelditu nahi izan du laugarren laurdenaren hasiera kaxkar hau eta hutsartea eskatu du. Jokoa lasaitu beharrean zoratu egin da, baina behintzat aurreneko puntuak lortu ditu azken laurdenean. Ibargutxik lortu du pixka bat erritmoa geldotzea. Hori komeni zitzaion Azpeitia Azkoitia ISBri eta  azkenerako erakustaldia ematen amaitu dute Zyle, Sow eta konpainiak. Amaieran 53 eta 73. Beste neurketa serio bat defentsan eta beste garaipen bat. Derbyak irabazten jarraitzen du Azpeitia Azkoitia ISBk eta sailkapenean gora egiteko balioko dio garaipenak.

Saskiratzaileak: (16-23/25-44/37-61/53-73)

ASKATUAK: Kane (8), Millares (5), Perez (4), Arzallus (3) eta Urtasun (8) –bosteko nagusia- Hevia (7), Andia (4), Fernandez de Retana (3), Arroyo, Grimes (4) eta Martinez (7).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (3), Lasa (9), Sow (3), Uclés (15) eta Okoye (8) –bosteko nagusia- Arruti (7), Zubizarreta, Ibargutxi, Zyle (12), Barberena (2) eta Guridi (14).

MVP: Gedeminas Zyle (18)