Beharren derbya

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 13a, 12:50

Azpeitia Azkoitia ISBk, larunbatean 20:15tan, Donostiako Josean Gaska kiroldegian jokatuko du Askatuak-en aurkako derbya.

Argazkia:Aritz Martinez erreboteko borrokan (encancha.com)

Argazkia:Aritz Martinez erreboteko borrokan (encancha.com)

LEB Plata. Pasa den astean seriotasun eta defentsa erakustaldia emanez garaipen handia lortu eta gero, Azpeitia Azkoitia ISBk erakutsitako joko onari jarraikortasuna eman nahi dio aste honetan Askatuaken aurka Donostian jokatuko duen derbyan. Bi taldeentzat da neurketa oso garrantzitsua, beheko postuetatik irteten lagunduko baitie batari edo besteari garaipenak. Biak ala biak behetik gora datozela dirudi azken neurketei so eginez gero eta galtzen duenak, seguru aski, atzerapauso bat emango du bere proiekzioan. Derbyak, beti izaten dira berezi, baina Gipuzkoako bi taldeen artean oraindik eta bereziago. Jokalari guztiek bikain ezagutzen dute elkar eta talde baten eta bestearen artean egon daitezkeen ustezko diferentziak ez dira gehiegi antzemango.

David Blancaren mutilak putzura kondenatuta zeudela zirudien orain aste batzuk. Lesioekin arazoak tarteko eta joko puntu egokiena ezin bilatu ibili eta gero, sailkapeneko azken posizioan egon dira garaipenik ezagutu gabe. Hau baina, orain bi aste aldatu zen. Cambadosen aurka 69 eta 67 irabazi eta gero, garaipenak biltzen badakitela sinesten hasi dira donostiarrak eta pasa den astean, Araberriri Gasteizen irabazi zioten, neurketa osoan zehar oso sentsazio onak emanda gainera. Santamaria min hartuta egon arren, Beñat Heviak nahiko txukun bete du hutsunea eta Urtasunek adibidez aurrerapausoa eman du bere jokoan. Xabi Perez ere egundoko denboraldia betetzen ari da eta barruko jokoan, Aritz Martinezek Iraurgin jokatzen zueneko maila berreskuratu duela esan daiteke. Askatuakek Azpeitia Azkoitia ISBk baino garaipen bat gutxiago dauka, baina iaz, pronostiko guztiak hautsita, jokatutako bi derbyak irabazi zituen. Horregatik Iker Buenoren mutilak ezin dira fio, ardi larruz jantzitako otsoak dagoeneko eman baitu horzkada pare bat.

Gainera, Iraurgikoek kontutan hartu behar dute egutegi nahiko aproposa dutela orain sailkapenean posizio batzuk gora egin ahal izateko. Gaur gaurkoz kontrario zuzenak diren taldeen aurka jokatu beharko du hurrengo hiru jardunaldietan. Garaipena lortu ezkero, lehen itzulia 6 garaipen eta beste horrenbeste porrotekin amaituko luke, seguruenik taularen erdialdean, eta kontutan hartuta zer nolako denboraldi hasiera zaila izan duten, sailkapenean ez ezik konfiantzan ere gora egiteko balio izango lieke horrek.

GipuzkoaSportek jakinarazi duenez gainera, neurketa zuzenean eskainiko dute. Bi aukera egongo dira neurketa jarraitzeko gainera: irratiz eta http://www.gipuzkoasport.com/tv/ estekan telebistaz ere bai.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Garaipen handi bati jarraikortasuna eman behar orain, ezta?
“Garaipen on bat lortu genuen baina jadanik atzean utzi dugu eta orain Askatuaken aurkako partida baino ez daukagu buruan. Jokoak eta lanak jarraikortasuna izan behar du, aurreko astean baino hobeagoak izan eta partidu hobe bat egin.Partidu ona jokatu genuen baina akatsak ere egin eta horiek zuzentzen saiatu beharra dugu.
Jarraikortasuna ere bai etxetik kanpo lehen garaipena lortzeko. Izan ere, neurketa txukuna jokatu arren, gehiago kostatzen zaigu gure lan eta kontzentrazio maila luzaroan mantentzea eta alde horretatik aurrerapausoa eman beharra daukagu, aurkari gogor baten aurrean.”

- Taldeak defentsan aurrerapausoa eman duela dirudi.
“Taldeak nahiko lan ona egin zuen bai defentsan eta bai erasoan ere, baina baditu gauza asko hobetzeko eta sendoago izateko defentsan; erreboteko lanean adibidez edota blokeo zuzenaren defentsan esate baterako. Gauza asko hobetzeko eta sendoagoak izateko. Aurreko astean lortu genuen seriotasuna defentsan eta intentsitatean 40 minutuetan edukitzea lortu behar dugu.”

- Askatuak, beste derby bat. Berezia, baina irabazi beharrekoa?
“Berezia da gertukotasunagatik, jende ezagun ugari dugulako beste taldean eta beraz, lehiatzeko irrikaz eta gogoz hartuko dugu partida. Partida guztiak dira irabazi beharrekoak eta hau ere modu berdinean hartuko dugu noski. Kontuan izanik oso aurkari zaila dugula aurrean eta lan asko eta ongi egin beharko ditugula gauzak, garaipena Azpeitira ekarri nahi badugu. Sailkapenak ez digu axola behar, azken postuan joan arren, talde gogorra baita eta etxean oso sendo jokatzen ari dena gainera. Kontutan hartu behar da ere, azkeneko bi partidetan garaipena lortu eta gero, konfiantzaz eta gogo handiz egongo direla gure aurkako partidan.”

- Zertan aldatu da talde donostiarra azken asteetan bi garaipen jarraian lortzeko?
“Ez dut uste taldea aldatu denik. Esan beharra dago Marinen aurka 1egatik galdu zuela eta Guadalajarak adibidez lan asko egin behar izan zuela Donostian irabazteko. Taldeak lanean jarraitu du eta bere saskibaloian sinetsiz eta horrela lortu dituzte azken bi garaipenak. Taldeko beteranoek, Pope edo Aritz Martinez esate baterako, taldea bizkarrean hartu dute eta duten esperientzia gazteei transmititzen jakin izan dute. Xabi Perez denboraldi ona egiten hari da eta Beñat Hevia, Jon Santamariaren hutsunea ezin hobeki betetzen hari da, bere lehen urtea izan arren. Beraz partidua intentsua eta arlo guztietan gogorra izango da. Horregatik, gogor lan egiteko prest egon beharko dugu.”