Beñat Barberena: "Jokalari sentitu nahi dut berriro"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 11a, 00:39
Beñat Barberena kantxatik kanpo izan da denbora luzez, bizkarreko lesio bat tarteko. (ISB)

Bizkarreko lesio batek denbora luzez utzi du Beñat Barnerena kantxetatik kanpo, baina bueltan da dagoeneko, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko asmoz.

 

 

Lortutako garaipen garrantzitsuaren ondoren, taldea beste aldarte batean al dago?

Bai, garaipen oso garrantzitsua izan zen guretzako, batik bat Askatuakek aurrez irabazi zuela ikusi genuelako eta jakinda egin dugun lan onak ez digula orain arte fruiturik eman, igandekoaren ondoren pozarren gaude, lan gehiago egiteko animoarekin. Datorren asteburuan Askatuaken aurkako derbya jokatzen dugu, aurkari zuzena dela jakinik. Eta sailkapenari begiratuz gero, bederatzigarrenarekin berdinduta gaude eta taula erdiko taldeekin lehia bete betean sar gaitezkeela ere ikusten dugu. Hiru neurketa gelditzen zaizkigu lehen itzulia amaitzeko eta kosta ala kosta hiruretan garaipena lortzeko asmoz gabiltza.

Gainera hirurak aurkari zuzenak dira. Irabaziz gero, eta ikusita denboraldi hasiera zein gogorra izan den zuentzat, aurrerapauso izugarria litzateke.

Bai handia litzateke. Gainera kontutan hartu behar dugu neurketa asko galdu ditugula markagailu estuetan edo luzapenean eta horrek min handia egin digu. Neurketa horietako batzuk irabazita beharko genituela uste dut, baina ez da horrela izan. Horregatik hurrengo neurketek garrantzia handiagoa hartzen dute.

Zuretzako, denboraldi nahiko txarra izaten ari da. Behin kontratua berrituta, lesio batek kantxetatik kanpo utzi zaitu orain arte.

Batez ere psikologikoki oso gogorra izan da. Nire lehen desioa, Iraurgirekin berritzea, lortuta, eta jakinda ondo amaitu nuela aurreko denboraldia, nire intentzioa aurre-denboraldira ahalik eta ondoen heltzea zen.Gogor saiatu nintzen udan, baina behin min hartuta, burua beti aurrera pentsatzen jarri behar izan dut. Hasieran aurre-denboraldira ondo iristeko; gero, denboraldiaren hasierara iritsi ahal izateko; ahalik eta azkarren sendatzeko gero… Gainera ikasketak honetara ditut bideratuta eta badakit zein garrantzitsua den jokalari batentzat aurre-denboraldi on bat burutzea. Prestatzaile fisiko, masajista eta medikuarekin lan handia egin dut eta beraiei esker dagoeneko jokatzeko moduan nago. Ez nago ehuneko ehunean, eta denboratxo bat tardatuko dut nire sasoi onenean egoten, baina dakidana erakusteko gogotsu nago eta taldeari ahal dudan guztian laguntzeko prest.

Berritu zenuenean pieza garrantzitsu moduan egin zenuen, kantxan eta aldageletan eman dezakezunagatik. Bigarren itzulian ikusiko al dugu Beñatik onena?

Nik horretarako egiten dut lan egunero. Esfortzu handia egiten ari naiz, batez ere fisikoki, berriz ez lesionatzeko. Argi daukat kosta egingo zaidala, baina ez dut denboraldia zaborretara bota nahi eta sendo bueltatzeko asmoz nabil lanean. Jokalari sentitu nahi dut berriro. Lesioen parterik gogorrena hori da. Talde baten partaide zara, baina ezin duzu beraiekin parte hartu. Kanpotik ikusi behar dituzu entrenamenduak, bakarka lana egin, taldean zaude, baina taldetik kanpo. Taldekide zara, baina ez zara jokalari sentitzen eta hori oso gogorra da.

Lehiaketara bueltatuz, izan dituzuen emaitza txarren aspektu negatiboa agian hori da, partida asko gutxigatik galdu dituzuela eta bigarren itzulian basketberageak jokoan egongo direla.

Egia esan liga oso parekatuta dago. Castello, Palma eta Caceres, hasiera batean faborito nagusiak zirenak hainbat neurketa galtzen ikusi ditugu eta Fuenlabrada bakarrik dago hor goian. Beraz, parekotasun honek, galdu ditugun diferentzia txikiei buelta ematen jakin ezkero, gora egiteko balioko digula argi dago.

Beraz, taldea play-offetara begira ikusten duzu?

Nik bai. Talde oso polita ikusten dut, oso orekatua ikusten dut posizio guztietan, eta gainera barietate handikoa eta moldakorra. Bi joko antolatzaile oso desberdin ditugu eta hegaleko postuan ere, leku desberdinetara moldatu daitezkeen jokalariak. Eta Barruko jokoari dagokionez, kanpotik jaurti dezakegun jokalariak, eta Okoye, taula azpian gogor jokatzen duen jokalari bat. Amerikarraren fitxaketak, behar genuena eman digu. Indarra, kontrarioa beldurrarazte hori, errebotea… pibot puru batek ematen duen ziurtasun hori.

Konpetentzia latza daukazu orduan.

Ez dago dudarik. Hasiera batean, diru arazoak tarteko aurreikusi zitekeen taldean, presentzia gehiago edukiko nuelakoan nago, baina Jose Luis Zubizarretak eta orokorrean klub guztiak oso lan ona egin dute eta talde oso lehiakorra egin dugu.

Eskerrik asko Beñat eta zorterik onena opa dizugu.