ISBren beharra, Caceresen kalitatearen gainetik

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 8a, 21:18
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISBk, partidu oso serioa jokatuta, defentsan oinarritutako garaipen paregabea lortu du Caceresen aurka: 74 eta 61.

Neurketa handia espero zen gaur arratsaldean Azpeitiko Kiroldegian, Caceres Patrimonio de la Humanidad, mailaz igotzeko hautagai nagusietako batek jokatzen baitzuen bertan eta talde handiek jendea erakartzen dutenez, jai eguna ahaztu eta Iraurgiko zaleek harmailak bete dituzte euren jokalariak animatzeko asmoz. Extremadurakoek Zilarrezko Adecco Kopatik gertuago jarriko liokeen garaipen baten bila etorri dira Gipuzkoara. Iker Buenorenak ordea, sailkapenaren putzutik aterako zituen behar beharrezko garaipen bat nahi zuten. Azkenean Iraurgikoen beharra eta gogoa nagusitu da.

Gakoa atzeko lanean zegoela argi zegoen eta hasieran euren amerikarrak gelditzeko arazo batzuk izan badituzte ere, Okoye barruko jokoan nagusitzen hastearekin bat, etxekoen portaera oldarkorrak gora egin du atzean. Lander Lasa ere fin ibili da hiruko marratik eta Marco nahiko ondo zaindu dute etxekoen hegalekoek. Kanpokoen kalitateari gogoarekin egin diote aurre eta lehen laurdenean aurretik mantendu dira minutu askoan, bigarrenaren hasierara 20 eta 15eko emaitzarekin iritsi direlarik. Oso serio jokatzen ari zen Azpeitia Azkoitia ISB eta hori ikusita aurrerapausoa eman nahi izan dute Antonio Bohígasen mutilek. Hala ere, Assalitek ondo lotuta eduki du Marco eta Zyle eta Pape Sow Williams eta Carter baino gehiago izan dira. Horrek eragin du etxeko taldeak markagailuan agintzen jarraitzea. Arruti ere, min egiten hasi da bere barneraketekin; 8 puntu sartu ditu jarraian gasteiztarrak eta Ibon Guridik baloia lapurtu eta birrintze ikusgarri batekin 36 eta 24koa igo duenean, neurketa ikustera gerturatu diren 700 bat zaleak altxatu ditu euren eserlekuetatik. Bi puntu gehiago bakarrik eskuratu dituzte kanpotarrek atsedenaldirako eta etxekoak (jokalari eta jarraitzaile)gozatzen joan dira aldageletara.

Extremadurakoak ez zeuden eroso eta euren jokalari garrantzitsuek aurrerapausoa eman beharra zeukaten. Parejo hasi da azaltzen, baina kanpokoen saskiratze bakoitzari erantzuna eman diote etxekoek Ibargutxiren bitartez. Okoyek errebotean sekulako lana egin du eta taldeak korrika egin ahal izan du. Akats batzuk egin dituzte erasoan, baina atzean egindako lanak beti mantendu du aldea 8 puntutik gora. Juanma Ruiz hiruko marratik eta Medina eta konpainiak atzeko lanarekin hirugarren laurdena amaitu aurretik azken kolpe bat eman nahi izan dute, etxekoak urduri jarri eta markagailuan gerturatu ahal izateko. Urduritasuna etorri da erasoko jokoan batez ere, akats inozo batzuk egin baitira, baina atzeko lanean lehen bezain sendo jarraitu dute eta laurden amaieran 50 eta 45 iritsi dira. Erasoan gauzak pazientzia gehiagorekin egitearekin bat puntuak berriz hasi dira agertzen eta etxekoen aldeak gora egin du beste behin. Defentsa on baten ondoren Arrutik hirukoa kontraerasoan sartu eta diferentziarik altuena igoarazi du markagailuan neurketa amaitzeko 6 minuturen faltan: 63 eta 49. Hortik aurrera garrantzitsua zen kanpokoen ahaleginei eusten jakitea eta Ander Arrutiren eta Lasaren lanak horri lagundu dio. Azkenean garaipen oso garrantzitsua Azpeitia Azkoitia ISBrentzat, zulotik irteten hasteko balio duena: 74-61.

Saskiratzaileak: (20-15/36-26/50-45/74-61)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Uclés (6), Ibargutxi (8), Guridi (6), Lasa (17) eta Okoye (13) –hasierako bostekoa- Assalit, Oroz, Arruti (17), Zubizarreta, Zyle (5), Barberena eta Sow (2).

CACERES PATRIMONIO DE LA HUMANIDAD: Williams (2), Marco (2), Blair (8), Carter (16) eta Parejo (14) –hasierako bostekoa- Medina (5), Conejero (4), Bayle, Ferreiro, Ruiz (8) eta Kasse (2).

MVP: Carter (22).