Urrezko taldea zilarrezko Leb ligan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 6a, 12:34

Azpeitia Azkoitia ISBk, igandean 18:00etan, Cáceres Patrimonio de la Humanidad, ligako talderik sendoenetako bat hartuko du Azpeitiko kiroldegian.
Argazkia: Caceres2016basket

Argazkia: Caceres2016basket

LEB Plata. Azpeitia Azkoitia ISB bi aurpegi oso ezberdin ematera ohitzen hasi da azken aldian, eta aurpegiaren alde ona ematen duenean, edozeini aurre egiteko kapaz dela erakutsi du, Fuenlabradan, lehen zati guztian zehar, adibidez. Zatirik ilunena plazaratzen duenean ordea… Tamalez, ilunetik argitik baino gehiago erakusten ari da denboraldian zehar eta horrek kondenatu du, sailkapenean leku zail baten egotera. Hala ere, zulotik irteteko, garaipen pare bat jarraian lortu besterik ez du behar Iker Buenoren taldeak eta hortik hasi daitezke argi printza batzuk bistaratzen Iraurgikoak. Taldeak argi eduki beharra dauka zein joko motarekin egiten duen min eta hortik aurrera edozeinen kontra lehiakor agertuko da. Etxean gainera, jarrera ona erakutsiz gero, zaleek ez diote huts egingo, nahiz eta kontrarioa Caceres bezalako talde indartsua izan.

Extremadurako taldea izango da hain zuzen ere gipuzkoarren hurrengo aurkaria. Uda beroa pasa dute Caceres aldean Urrezko ligan taldea atera edo ez atera. Azkenean Zilarrezko Leb ligan irtetea erabaki zuten, baina beraien lemak dioen moduan “Urrean pentsatzen”. Argi eta garbi daukate beraz, aurtengoa atzera pauso bat izan dela kluba sendotu eta gero bi pauso aurrera eman ahal izateko. Izenen zerrenda ikusiz gero, Antonio Bohigas entrenatzaileak maila bat gorago lehiatzeko moduko taldea dutela argi gelditzen da. Joko antolatzaile moduan ACBn esperientzia duen eta azken bi urteetan Melillako gidaritza eraman duen Jose Antonio Marco edukitzea luxu bat da. Ez da gutxiagorako Parejo edo Blair jaurtitzaileen eskumuturra edukitzea kanpoko jokoan eta Kelsey Wiiliams-ek eta Javier “Air” Carter-ek, erakutsi dute, garaiegiak ez izan arren, taula azpiko jokoan eduki dezaketen garrantzia euren fisiko eta kalitatearekin. Azken hiru neurketak erreskadan irabazita bigarren postura aupatu dira eta gorantzako bide hori ez dute Azpeitian gelditu nahi izango.

Azpeitia Azkoitia ISBkoek berriz, hurrengo asteko Askatuaken aurkako derbyra larri iritsi nahi ez badute behintzat, garaipena lortzea beharrezko izango dute eta horretarako, Fuenlabradan lehen zatian erakutsitako defentsa maila errepikatzea derrigorrezkoa izango dute.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Fuenlabradan lehen zati benetan bikaina egin eta gero, zuritik beltzera pasatze horrek kezkatzen zaitu?
“Kezkatzen nau 40 minutuak partidu barruan egoteko ditugun gabeziak, horrez gain taldeak momentu jakin batzuetan dituen arazoak partidua irakurtzeko, jende esperimentatua duten taldeen aurrean batez ere. Hirugarren laurdena kenduz gero, oso lan txukuna burutu genuen partidan zehar, baina hirugarren laurdenak erakutsi zigun zer ez dugun egin behar. Talde oso gaztea gara eta erritmo altuko partiduak jolasten ditugunean sentitzen gara ondoen, erasoan korrika egin eta atzean gogor defenditzen, eta hori horrela ez denean asko sufritzen dugu kantxaren bi alderdietan. Horrez gain buru gehiagorekin jolastu behar ditugu partidu guztietan aurkituko ditugun zailtasunen aurrean.”

- Lehiakor behintzat agertu zarete.
“Taldea oso lehiakorra da, baina esperientzia gutxikoa ere bai Leb ligetan eta horrek bere desabantailak ditu. Esperientzia gutxika hartzen doa taldea eta orain arte jolastutako partidek horretarako balio behar digute. Hori bai, hurrengo neurketan garaipena lortzeko gure anbizioak eta ilusioak inoiz albo batera utzi gabe. Talde moduan aurrera goazen heinean oraindik ere lehiakorragoak izango gara eta garaipenak ere iritsiko dira.”

- Hurrengo neurketa ere ez da erraza izango. Caceres igotzeko hautagai nagusietakoa da.
“Oso neurketa gogorra daukagu aurrean, baina zein ez da izan? Gustuko ditugu neurketa hauek, eta etxeko azken bi neurketak irabazi ostean, etxeko partiduek duten garrantziaren jabe gara eta hirugarrena nahi dugu gure zaleen aurrean. Hasierako minutuetatik argi utzi behar dugu nor den etxean jokatzen ari dena, zale eta taldeak biak bateraturik, Azpeitiatik norbaitek garaipenarekin irten nahi badu jakin dezan gogotik sufrituko duela.”

- Marco, Williams, Parejo... postuz postu izutzeko moduko jokalariak. ¿Nola gelditu daiteke talde hau?
“Edozein jokalari edo talde aurrean jarrita ere ez dugu beldurrik, gure jokoan sinesten baitugu eta lehiakorrak garela erakutsi dugulako talde handien aurrean. Anbizioz egin behar diogu aurre partiduari, gure jokoan sinetsiz eta guk nahi dugun erritmoa ezarriz. Ez daitezela inoiz eroso sentitu eta 40 minutuetan talde bezala jolastuaz, gure aukerak izango ditugu.
Horrez gain, Marco gelditzea garrantzitsua izango da, bera baita talde horren motorra eta burua erasoan, soberan da ezaguna gainera daukan kalitateagatik. Baita ere Blair estatubatuarra, jokalari erabakigarria erasoan eta bere eskuetatik baloi asko pasatzen dira. Barruko jokoan aldiz jokalari oso altuak ez izan arren, bai dira oso gogorrak eta kapazitate fisiko handikoak. Beraz, sendo agertu beharko gara. Esan bezala talde lan oso ona egin beharko dugu garaipena etxean gelditu dadin.”