Bederatzigarrena ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abe. 3a, 13:58

Zurt Taberna ISBk lidergoa sendotzen jarraitzen du Burladari, Azpeitian, 62 eta 52 irabazi eta gero.

Argazkia: Iraurgi SB

Argazkia: Iraurgi SB

LEB Plata. Batzuek irabazteari beldurra omen diote, eta batzuetan partiduetan sufritzen dute gaitz hori. Beste batzuek berriz garaipena zer den ere ezin usaindu ibiltzen dira. Badira zortea duten batzuk ordea: garaipenera ohituta daudenak. Hauek gainera, behin bolada hartuta, inertziaz lortzen dituzte garaipenak batzuetan. Horrelako zerbait gertatzen ari zaio Zurt Taberna ISBri. Garaipenak inertziaz lortzen dituela, eta nahiz eta partiduko momentu batzuetan irabazten jarraitzeko beldur hori izan dezaketela iruditu, garaipenak sortzen duen sentsazioak gogorragoa izaten amaitzen du eta bata bestearen atzetik neurketak irabazten jarraitzen dute. Dagoeneko bederatzi dira eta lidergoa ondo sendotuta daukate honezkero.

Burlada sasoi onean iritsi zen Azpeitiko kiroldegira, azken lau partiduak irabazita. Beraz neurketa zaila aurreikusi zitekeen eta agian horregatik edota liderra etxeko taldea delako, harmailetan jende pila bat elkartu zen neurketa ikusteko asmoz. Zurtekoek baina ez zuten nahi bezain ondo jokatu lehen minutuetan. Defentsako lana ona bazen ere, erasoan akats gehiegi egin zituzten eta nafarrek markagailuan nola agintzen zuten ikusi behar izan zuten. Bigarren laurdena guztiz bestelakoa izan zen. Joko azkarra eginda kontrarioa zoratzen amaitu zuten etxekoek. Baloiak lapurtzen hasi eta kontraerasoan min eginez, sekulako partziala lortu zuten alde. Horretaz gain, kanpotik ere asmatzen hasi ziren eta atsedenaldirako hamaika puntuko aldearekin joan ziren Iraurgiko neskak: 35 eta 24.

Min zelan egin ikusita, horretan saiatu ziren aldageletatik bueltan baita Zurtekoak. Hori bai, neurketa kontrolpean izaten ahaleginduz eta jokoa gehiegi zoratu gabe, behin markagailuan abantaila hartuta, joko zoroak ez zielako onik egingo. Partiduko alderik handiena (16 puntu) izatera iritsi ziren horrela hirugarren laurdenean. Partidua kontrolpean zegoela zirudien, baina badirudi, aurrez esan dugun bezala, garaipenak batzen jarraitzeko beldurra sartu zitzaiela etxekoei. Erasoan ideiak galtzen hasi eta defentsan arazoak edukitzen hasi ziren. Burlatakoek 4 eta 14ko partziala eginda neurketa asko estutu zuten, bi puntura jarri baitziren. Hala ere, inertziak inertzia dira eta burua hotz mantenduz gero, garaipenaren batutak berriz ere zure aldeko magia egin eta irabazten amaitzeko aukerak izango dituzu. Zurtek 10 eta 2ko partziala egin zuen azken bi minutu eta erdian eta 62 eta 52 irabazten amaitu zuen.

Datorren asteburuan atsedena izango dute, merezitako atsedena, arnas pixka bat hartzeko egokia izango dena, eta baita orain arte lortu dutena asimilatu ahal izateko.

Saskiratzaileak: (10-13/25-11/13-11/14-16)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (6), Eider Iturralde, Maite Galdos, Ana (12),Irati (9), Intza Lizarazu (12), Berezi (2), Maite Lizarazu (10), Itsaso (7), Ane Goenaga(4)

BURLADA: Vicente (7), Arana (1), Gastaminza (10), Berro (4), Sestoain (3), Etxeberria (5), Parra (2), Araiz (12), Tollar (8), Andueza