Liderrari bisitan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 29a, 02:28

Azpeitia Azkoitia ISBk, igandean 19:30tan, jokatuko du Fuenlabradako Fernando Martin kiroldegian Zilarrezko Adecco ligako lehen sailkatuaren aurka.

Argazkia: Chema Gonzalez jokatzen

Argazkia: Chema Gonzalez jokatzen

LEB Plata. Garaipenek bidea aldapa behera jartzen dutela, erraztu egiten dutela esaten da. Baina aurreko astean partidu estu batean justu-justu denboraldiko bigarren garaipena lortu eta gero, Azpeitia Azkoitia ISBk Zilarrezko Adecco ligako liderrari egin beharko dio bisita, Fundación Baloncesto Fuenlabradari hain zuzen ere. Gogo aldartean aurreko astean irabazteak lagunduko bazuen ere, Iker Buenoren mutilek beste neurketa zail bati egin beharko diote aurre.

Sei partidu irabazi eta bi bakarrik galduta, lehen postua betetzen du Fuenlabradaren bigarren taldeak. Irten, ez irten egon ziren aurre-denboraldian, baina Avilatik Armando Gomez entrenatzailea eta bizpahiru jokalari hartu eta gero, esperientziadun eta etorkizun handiko gazteez osotu zuten taldea. Talde lehiakorra eta erritmo handian jokatzea gustuko duena. Baina pausa jarri behar zaionean ere eraginkorra izaten daki. Real Madrileko harrobiko Jorge Sanz joko antolatzaileak bikain gidatzen du taldea, baina ez du okerrago egiten azken zazpi urteetan Urrezko Leb ligan jokatu zuen Raul Menak. Kanpotik Ruben Martinezen eskumuturra ondo zaintzeko modukoa da eta Sergio Perez Agnostouk lauko posiziotik min asko egin ohi du. Hala ere, barruko jokoan Chema Gonzalez egiten ari den denboraldia txapela kentzeko modukoa da eta beti kate motzean lotuta edukitzea komeni izaten da Obilako jokalari ohia. Garrantzitsua izango da kanpoko jokoa zaintzeaz gain errebotean ere fin ibiltzea, jaurti eta segituan joaten baitira erasoan bigarren aukera bat edukitzeko asmoz errebote bila.

Iker Buenok notizi on bat jaso du astean zehar, Beñat Barberena dagoeneko jokatzeko moduan egongo baita. Denbora luzez ibili da bizkarrean min hartuta Arrasatekoa eta sasoirik onenean egongo ez bada ere, barruko jokoan laguntzeko prest egongo da. Gainera, Azpeitia Azkoitia ISBko zaleek neurketa irratiz zuenean entzuteko aukera izango dutela. “Más Baloncesto” irratiak honako link honetan http://www.masbaloncesto.com/modules.php?name=Live_Radio eskainiko du neurketa igandean arratsaldeko 19:30tatik aurrera.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Garaipen polemiko xamarra baina oso garrantzitsua aste honetan lortutakoa, ezta?
“Garaipen garrantzitsua taldeak bere jokoan eta lanean jarraitzeko. Partidu gogorra izan zen igandekoa eta amaiera estu batean garaipena lortu genuen. Animikoki lagunduko digu, lanean gogotsu jarraitu beharra baitaukagu hurrengo partida Fuenlabradaren aurka daukagulako, eta gauzak hobeto egin beharko ditugu, Madril aldetik garaipenarekin bueltatu nahi badugu.”

- Notizi onekin jarraitzeko, badirudi Beñat Barberena berreskuratuko duzula aste honetan.

“Bai, momentu zailak bizi izan ditu, bizkarreko arazoak lehenengo, gero gerrikoak, eta arazo hauek luze jotzen dute, beraz notizi oso ona da taldearentzat eta bereziki berarentzat. Hala ere, pixkanaka- pixkanaka sartzen joan behar du bai talde dinamika eta lehiaketa dinamikan, hilabeteak geldik eraman ondoren eta txapelketa martxan egonda ez baita erraza izaten erritmo horretara ohitzea. Pazientziaz hartu beharra daukagu. Hala ere, taldeari asko lagundu eta emango dio, beraz notizi oso ona da guztiontzat.”

- Hala ere, liderraren aurka jokatzea tokatzen zaizue. Zer dauka Fuenlabradak horren goian egoteko?
“Joko oso ona erakusten ari dira Madrildarrak, talde luzea dute, jende gazte eta talentu askokoa, eta jokalari beteranoak esperientzia asko ematen diote taldeari. Esan dezakegu talde oso orekatua dela posizio guztietan, joko oso oldarkorra defentsa lanetan eta erritmo handiko jokoa erasoan. Taldeak argi dauka ze joko nahi duen, defentsa gogorrak egin eta erasoan talentu gehien duten jokalariekin abantailak aurkitu. Gainera Armando entrenatzaileak, urteak daramatza horrelako taldeekin eta zukua ezin hobeki ateratzen dizkie, jokalariei oso argi uzten die ze joko mota egin behar duten eta bakoitzak argi ditu zeintzuk diren bere rolak.”

- Jorge Sanzi jokoa eratzen ez uztea izan daiteke gakoetako bat?
“Ez dut uste hori bakarrik beharko dugunik. 27 hiruko jaurtitzen dituzte partidako, beraz beraien kanpoko jaurtiketa gelditzen asmatzea garrantzitsua izango da. Boubacarrek hiruko jaurtiketetan edota Sergio Perezek 4ko posizioan min handia egiten dute eta Ruben Martinez ere denboraldi bikaina burutzen hari da. Barrutik Chema Gonzalez momentu onean aurkitzen da eta berau gelditu beharko dugu, beste jokalariekin ahaztu gabe.
Horretaz gain bigarren talderik onena da erasoko errebotean 11,3 eskuratuz partiduko. Beraz, erreboteko lanak bikaina izan beharko du gure aldetik partidu guztian zehar.”