Behin martxa hartuta zertarako gelditu?

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 27a, 22:34
Zurt ISBko jokalariak. (ISB)

Zurt Taberna ISBk bere zortzigarren garaipena lortu zuen Fundacion Ardoi taldeari 47 eta 51 irabazi eta gero.

Esatea errazagoa da egitea baino. Zortzitik zortzi garaipen daramatza Zurt Taberna ISBk denboraldi honetan, eta berdin zaio etxean jokatu edota Zizurreko kantxa zailean jokatu, partida txarra jokatu edota landutako garaipenak lortu. Kontua da irabaztera ohitu direla Iraurgiko neskak, eta lana gogotik egitea oraindik eta errazago egiten zaiela, lan horrek bere fruituak ematen baititu. Fundacion Ardoiren aurkako neurketa ez zen bat ere erraza, etxetik kanpo bere maila jaisten duen taldea izan arren, etxeko azken hiru neurketetan 20 puntuko aldearekin irabazi zituelako. Beraz, lortutako garaipenak meritu itzela dauka.

Partida oso parekatua izan bazen ere, lehen laurdenean kanpotarrek alde txiki bat zabaldu zuten hiru hiruko jarraian sartu eta gero. Bigarren laurdenean iritsi zen gipuzkoarren abantailarik handiena, baina hori gertatu bezain pronto, etxekoen susperraldia iritsi zen. Di-da batean 12 eta 2ko partziala egin eta berriz ere markagailua hasierako parekotasunera eraman zuten. Atsedenaldira puntu bat goitik bakarrik iritsi zen Zurt Taberna ISB: 24 eta 25.

Kolpeka joan zen hortik aurrera partida. Momentu gehienetan Iraurgikoak aurretik ibili baziren ere, bost puntuko aldea izan zuten gehienez, eta etxekoek partida berdintzeko arazo handirik ez zuten eduki. Hori bai, azken laurdenera bi puntu goitik iritsi ziren Zurtekoak. Garrantzitsua zen etxekoei aurre hartzen ez uztea eta horretarako defentsan lana sendo egin beharra zegoen. Hori jakinda eta kontzentrazioa mantenduz, bederatzi puntuko aldea ere zabaltzera iritsi ziren. Partida ondo bideratuta zegoen, baina zortzigarren garaipena gertu ikusteagatik edo, urduri jartzen hasi ziren Zurt Taberna ISBkoak eta egindako huts batzuen ondorioz Fundación Ardoikoak hiru puntura jartzea lortu zuten. Burua hotz mantentzea lortu zuten baina gipuzkoarrek eta azkenerako neurketa 47 eta 51 irabaztea lortu zuten.

Bederatzigarren jardunaldia ezohiko ordutegian jokatuko du Zurt Taberna ISBk, igandean, arratsaldeko 18:00etan jokatuko baitu Azpeitiko kiroldegian. Azken lau partidak jarraian irabazi dituen Burlada izango dute aurkari. Ia jendea hurbiltzen den Azpeitiko kiroldegira neska hauek animatzera, duda gabe merezi dute eta.

Saskiratzaileak: (10-15/14-10/11-12/12-14)

FUNDACION ARDOI: Martinez (5), Perez (2), Santesteban (11), Gil (7), Alfonso (6), P. Perez (2), Arregi, Satrustegi (2), Herrera (6), Moracho (4), Castro

ZURT TABERNA ISB: Garazi (7), Eider Iturralde, Ana (6), Irati (9), Intza Lizarazu (15), Berezi, Maite Lizarazu (10), Itsaso (4)