San Guridi

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 24a, 21:30
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Hegaleko azpeitiar gazteak hamar puntu jarraian sartuta, etxekoen denboraldiko bigarren garaipena ziurtatu du.

 

Derbyek beti izaten dute kutxu berezi bat eta askotan gainera ondoegi ez dagoen talde bati indarra emateko balio izaten dio. Batetik, ez direlako neurketa normalak eta indartsuen dagoenak ez duelako beti garaipena lortzen; bestetik okerrago dagoenak beti erakutsi nahi izaten diolako bizilagunari, bera bezain beste edo hobea izan daitekeela. Iaz, Azpeitia Azkoitia ISBk jokatutako derby guztiak galdu zituen baina inguruko talde batzuek baino gorago amaitu zuen. Aurten aurre-denboraldian jokatutako derby guztiak irabazita Euskal Kopako txapeldun izaten amaitu zuen. Denboraldiko derbyak ere bereganatzeko asmoz zeuden Iker Buenorenak eta lehena Zornotzaren aurka gaur arratsaldean jokatu dutena.

Arratsaldea hotza izan da eta modu berdinean irten da kantxara etxeko taldea. Bizkaitarrek ia eraso guztietan egin dute min, puntuak edo faltak lortuta. Carretok bere denboraldi hasiera zergatik den bikaina erakutsi du bi hiruko jarraian sartuta. Beste aldean berriz, puntuak eskuratzeko egundoko arazoak egon dira. Hala ere, Imanol Zubizarretak sartutako hiruko batek eta Guridik baloia berreskuratuta kontraerasoan saskiratzea lortu eta gero berriz sartu ditu partidan Iraurgikoak. Zyle eta Arruti ere berotzen hasi dira eta erasoan gauzak irteten hasteaz bat defentsan ere aurrerapausoa eman du taldeak. Guzti hau batzeak, 15 eta 3ko partziala ekarri du etxekoen alde eta lehen laurdena 20 eta 17 amaitu dute. Parekotasuna izan da nagusi hortik aurrera, baina denbora gehienean aurretik ibili dira gipuzkoarrak. Azken bi minutuetan ordea, barruko jokoan nagusitzen hasita aldea pixka bat zabaltzea lortu du Iraurgik. Okoye nagusi zen errebote lanean, Pape Sowk ere bikain lagundu du lan horretan eta Zornotzakoak gainera uztaira bidea ezin topatu aurkitu dira. Atsedenaldira 40 eta 31.

Neurketa bideratzen hasita zegoen, baina oraindik lan franko egin beharra zeukaten ISBkoek partida aurrera ateratzeko. Carretok eta konpainiak ez zuten neurketa galdutzat ematen eta borrokan jarraitu dute. Eskuak luzatu dituzte defentsan eta etxekoen erasoa zaildu dute. 9 puntuko aldea zena 2tan utzi dute. Hala ere, etxekoak ez dira behera etorri eta kanpotarren presioa apurtzen jakin izan dute Zyleren eta Arrutiren bitartez. Faltekin arazoak zituzten hala ere etxekoek eta Lander Lasak ere ez du egunik onena izan. Hori dela eta aldea ezin zabaldu ibili dira. Hori bai, aurretik mantendu ahal izan dira momentu oro. Hirugarren laurdenaren amaieran 50 eta 48. Sufritzea tokatzen zen eta protagonista izan behar dutenek agertzeko ordua zuten. Zornotzatik, Casado eta Rowley azaldu dira, markagailuari buelta emateko. Etxekoen partetik ordea, Okoyek eta Zylek aulkira bidea hartu behar izan dute, lehenak bost faltarekin, bigarrenak laurekin. Lander Lasak hartu du orduan aginte makila eta ordura arte egiten zebilen neurketa txarra ahaztuta neurketan sartuta egotera eraman du bere taldea. Faltekin arazo latzak izan dituzte baina etxekoek. Alde batean eskua sartzeagatik adierazten zena, beste aldean ez omen zen falta eta horrek zailtasunetan jarri ditu etxekoak (24 alde batean 15 bestean). Guridi azaldu da baina gauzak nolabait konpontzeko eta 8 puntu jarraian sartuta markagailua irauli du. Rowleyk min egiten jarraitu du bere pisuarekin uztai azpian eta azken minutura markagailuan pare-parean zegoela heldu dira. 8 segundoren faltan Zornotzakoen pibot amerikarrak bi jaurtiketa libre izan ditu 69nako berdinketarekin. Lehena barrura joan da, baina bigarren ez du asmatu eta Guridik kontraerasoan saskiratzea lortu du. 2 segundo izan ditu Zornotzak jokaldi bat asmatzeko baina Carretoren jaurtiketa ez da sartu eta garaipena etxean gelditu da: 71 eta 70. Garaipen sufritua baina bigarena zakuan da dagoeneko.

Saskiratzaileak: (20-17/40-31/50-48/71-70)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (9), Uclés (4), Zubizarreta (3), Zyle (18) eta Guridi (14) –bosteko nagusia- Assalit (2), Urbizu, Ibargutxi (), Lasa (9), Okoye (6), Sow (6) eta Alberdi.

ZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA: Casado (9), Bandoumel (6), Mendia (11), Salazar, Carreto (26) –bosteko nagusia – Quero, Iglesias (5), Ocerin, Moran, Torres eta Rowley (13).

MVP: Carreto (31)