Denboraldiko lehen derbya

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 22a, 00:46

Azpeitia Azkoitia ISBk, igandean 18:00etan, Zornotza Saskibaloi Taldearen bisita jasoko du Azpeitiko kiroldegian.

Argazkia: Zornotzast.eu

Argazkia: Zornotzast.eu

LEB Plata. Minduta daude Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariak, dagoeneko lau partidu direlako puntu bakarrengatik edota luzapenean galdu dituztenak. Zortea alde izan ez dutela argi dago baina autokritika ere egin dute Iker Buenorenek, minutu askoan duten maiatik urrun ibili direlako. Guzti horrek, garaipen bakarrarekin, sailkapenaren putzuan egotera kondenatu ditu. Beherago ezin dutela sinetsita daude ordea ISBkoak eta hortik gora joango direla, momentu askotan gaizki jokatzen ibili badira ere, beste askotan saskibaloi bikaina egiteko kapaz direla erakutsi dutelako eta Palmaren aurkakoa izan ezik, beste guztietan talde lehiakorra izan daitezkeela erakutsi dutelako. Sentsazio gazi-gozo horiekin helduko da denboraldiko lehen derbya. Igandean Zornotza Saskibaloi Taldea izango da Azpeitian bisitari.

Bizkaitarrak aurten igo dira Zilarrezko Adecco ligara baina hala ere ez zaie handiegi gelditu denboraldi hasiera honetan. Mikel Garitaonaindiarenek hiru garaipen lortu dituzte dagoeneko eta horietatik bi Guadalajara eta Caceres-en aurka. Lesioekin zorte handirik eduki ez duten arren itxura ona eman dute neurketa guztietan eta jokalari bakoitzak zein rol bete behar duen oso garbi daukatela erakutsi dute. Ligako saskiratzaile nagusiak Zornotzako taldean jokatzen du. Ibon Carreto sekulako denboraldi egiten dabil. Partiduko 19 puntutik gora sartzen ditu eta 4 errebotetik gora batu. Bizkaitarren jokoan oso garrantzitsua da hegal-pibota ia 31 minutu ematen baititu bataz beste kantxan eta taldeko jokalari baloratuena izatera ere iritsi da. Beste izen garrantzitsu batzuk dira Borja Mendia, Bizkaiko harrobiko harribitxietako bat, Toni Lorenzo edota orain bi urte Iraurgiko kamiseta jantzi zuen Marcos Casado joko antolatzailea. Guzti hauek, atzerritarrak izendatu gabe. Kyle Christian armairu hutsa da eta zona barrutik mugitzen zailtasun handia izango dute Azpeitia Azkoitia ISBko pibotek. Bandoumel berriz, animali hutsa da, dena fisikoa eta uztaiaren gainetik bikain jokatzeaz gain erreboteak batzen oso iaioa da.

Iraurgikoek badaukate kontrarioan pentsatzen jarrita kezkatuta egoteko arrazoiak, baina kezka handiena euren jokoan izan behar dute. Obilaren aurkako bigarren zatian, edo Marinen hirugarren laurdenean erakutsitako jokoa plazaratzen badute garaipenetik oso gertu egongo dira. Bi neurketa hauetan lehen zatian egindako jokoa atera ezkero berriz, galtzea errazagoa izango da. Garaipena behar beharrezkoa da, baina ez bakarrik goiko postuetara berriz ere katigatu ahal izateko, baizik eta beraiengan berriz ere sinesten hasteko.

Jarraian Iker Buenok partiduaren aurretik esanikoak:

- Beste emaitza estu bat eta beste porrot bat. Zorte falta?
“Azken jaurtiketa izan genuen garaipena lortzeko eta ez zen sartu, baina ez da zorte txarra bakarrik. Gure hasierek partidu amaierak baldintzatzen dituzte. Ez ginen partiduan ongi sartu, erritmo falta eta aktibitate eta intentsitate falta handiz, eta jakina da kalitateko taldeen aurrean jolasten duzunean, gogor zigortzen dutela akats bakoitza. 3. laurdenak 20 puntuko desabantailarekin hasteak guztiz baldintzatzen ditu gure partiduen amaierak.”

- Bazirudien taldea gorantz zetorrela, baina atzerapausotzat hartu al daiteke pasa den astekoa?
“Taldeak gauza onak ditu, baina lan asko egin beharra daukagu, gure akatsak hobetzeko eta ez berriz errepikatzeko. Ohartu behar gara zein joko mota egin nahi dugun, ze jokorekin disfrutatzen duen taldeak saskibaloian eta hori garbi izanik, gai izan partidu guztian gure joko hori egiteko. Aurrera pausoak ez dira garaipen edo porrotekin neurtzen, ikasteko eta hobetzeko balio behar digu partiduak, aurrera pauso bat izan dadin.”

- Derbyak beti derby. Partidu bereziak, baina iaz behintzat Iraurgiren kalterako izan ziren.
“Gertuko taldeen aurka jolasten duzunean partiduak badu bere xarma, baina beste partiduen antzera prestatzen ditugu. Ez du ezer berezirik harmailetako giroa eta horren inguruan sortzen dena salbu. Taldean bertan bizitzen den gauza bat baino, inguruan sortzen den zerbait da. Ez dut uste aurreko urtekoarekin zerikusirik duenik, partida bakoitza ezberdina da, baita denboraldi bakoitza ere, eta jokalari aldaketa asko daude urte batetik bestera. Ez dut uste aurreko urteko emaitzek eta bataz bestekoek ezertarako balio dutenik.”

- Zornotza igo berria da baina Calbarroren bajari aurre egiten jakinda saskibaloi txukuna egiten dabiltza, ezta?
“Kalitatezko saskibaloia egiten hari dira. Aurreko urtean zituzten jokalari taldea mantenduz eta entrenatzailea ere bai eta horrek elkar ondo ezagutzea eta jokoa ondo ulertzea dakar. Gainera fitxaketekin asmatu dute eta puntu bat gehiago eman diote taldeari. Talde oso orekatua da. Kanpotik Toni Lorenzo, Quero edo Casado bezalako jokalari erabakigarriak dituzte eta gero postu bat baino gehiagotan jokatzeko gai diren jokalariak, besteak beste, Joseba Iglesias edo Carreto, azken hau momentu ezin hobean iritsiko dena.”