Lander Lasa: “Talde moduan jokatuta gara arriskutsu eta horretaz konturatzen ez bagara, azken postuetan jarraituko dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 20a, 16:45
Lander Lasa, Azpeitia Azkoitia ISBren kapitaina. (IRAUrGI SB)

Azpeitia Azkoitia ISBko kapitainak onartzen du minduta daudela, dinamika negatiboan sartuta baitago taldea. Baina aurrera begira jarri ezean, gaitzak berdin jotzen jarraituko duelakoan dago.

Pixka bat minduta zaudete Marinen gertatu zenarekin eta daukazuen dinamika txarrarekin.

Bai, egia esan bai, taldea eta baita ni ere oso minduta gaude, dagoeneko hirugarren edo laugarren partidua delako azken minutuan galtzen duguna, eta gainera partiduak guk galtzen ditugunaren sentsazioa daukat. Erabaki txarrak direla medio, jokalari batzuek liga ezagutzen ez dutelako oraindik eta beraien esperientzia faltagatik... Baina argi daukat dinamika honi buelta eman ahal zaiola. Nik GBCrekin jokatu nuen azken urtean 2-8 balantzearekin hasi ginen eta azkenean Kopa eta play off-ak jokatzen bukatu genuen. Mentalki indartsuak izan behar dugu, aurrera begiratu behar dugu eta lanean jarraitu.

Baina badirudi zorteak ere ez duela zuen alde jarri nahi.

Zorte hori alde izan bagenu, seguruenik asteko lanak errazago hartuko genituzke, ilusio gehiagorekin ibiliko ginateke eta eguneroko lana ere beste aurpegi batekin egingo genuke. Baina zortea gure alde jartzea guk landu behar dugu, zortea ez zaigu etorriko bila. Lanean jarraitu behar dugu, bestela zorte txar honekin jarraituko dugu eta azken postuetan mantenduko gara, eta behar dugu hortik nolabait irtetea.

Eta zer falta zaio taldeari ematen duena baino gehiago emateko? Minutu batzuetan behintzat sekulako jokoa egin dezakeela erakutsi baitu.

Guztiek hitz egin dugu eta 20 minutu bakarrik onak jokatuz ez gara inora iritsiko. Jokatzen ditugun 20 minutu on horiek 40 minutura eraman behar ditugu edo 35era gutxienez, partiduak kontrolatuak izateko. Azken bi-hiru partiduetan lehen zatiak oso txarrak izan dira taldearen partetik, kadete itxura emanez ibili gara, kantxaren alde batetik bestera bueltaka, jokaldiak landu gabe... eta horrela ezin gara ibili. Gazteak gara eta gaztetasun hori erabili behar dugu hasiera-hasieratik oldarkor jokatzeko. Gainera, uste dut indibidualki jokatzeak kalte egiten digula, gu talde moduan jokatuta gara arriskutsu eta horretaz konturatzen ez bagara, azken postuetan jarraituko dugu.

Bi-hiru garaipen gehiagorekin, ez zinen horren ezkor mintzatuko.

Dena ezberdina litzateke. Nire ustez, talde honek garai honetarako gutxienez hiru garaipen poltsikoratuta izan behar zituen. Jokalari batzuek erakutsi dugun ilusioarengatik, kantxa gainean %100a eman dugulako, daukagun gogoarengatik... merezi genuen. Baina zorte txarra izan dugu eta horrek eragiten du talde dinamika negatiboan egotea; baina pasatu dena pasatu da eta aurrera begira jarri behar dugu, Eguberrietarako egoera honi buelta emanda egon behar dugu. Nire partetik behintzat, Azpeitia Azkoitia izena ahalik eta goren utzi nahi dut eta behar dugu zerbait hori gerta dadin.

Zuretzako urte garrantzitsua da hau ere. Kapitain lanetan zabiltza eta zure mailaren berri eman nahi duzu iazkoa ahaztuta, ezta?

Bi urte neramatzan ACBn jokatu gabe eta iaz Azpeitira etorri nintzenean pentsatzen nuen nentorren lekutik etorrita, ezer asko egin gabe taldeko izarretako bat izango nintzela. Ez nuen nire maila eman eta horrek eraman nau mentalki txipa aldatzera. Etxean asko lagundu didate burua bere lekuan mantentzen eta bada ordua Lander Lasak bere maila erakutsi dezan. Hurrengo urteetara begira gorago jokatu nahi baldin badut aurrerapausoa eman beharra daukat eta uste dut Azpeitia-Azkoitia horretarako lekurik aproposena dela. Nire aldetik behintzat beti emango dut klub honengatik %100a eta espero dut urtea ahalik eta ondoen amaitzea.

Tolosakoa zara, baina Iraurgi bihotzean daramazula dirudi, nahiz eta lau urtean bakarrik jokatu bertan.

Bai, lau urte dira, baina aurreko batean afari batean komentatu genuen bezala, lau urte hauek hamar dirudite. Nik klub eta herri honengatik sekulako kariñoa sentitzen dut, beraiek ere horrela transmititzen didatelako. Lau urte hauetan saskibaloi munduan beraiek eman didatena, ez didate beste inon eman eta Tolosakoa izan arren, bihotza behintzat beti izango dut klub honetan.

Aste honetan, Zornotzaren aurka, denboraldiko lehen derbia. Aurre-denboraldian derbi guztiak irabazi zenituzten, baina Zornotza indartsu dator.

Nahiz eta azken neurketa galdu, itxura oso ona ematen ari dira. Beraien aurka oraindik ez dugu jokatu baina kanpotik ikusten da argi dutela jokalari bakoitzak zein rol bete beharra daukan. Talde moduan jokatzen dute eta badituzte bi-hiru jokalari izugarrizko maila ematen ari direnak, Carreto besteak beste. Defentsa lana eta errebotea ondo zaindu beharko ditugu. Derbia da eta Azpeitian beti derbiak borrokatuak izan dira eta iaz derbi guztietan porrota jaso genuen bezala, ia aurten guztietan garaipena lortzen dugun eta jendeari ilusio pixka bat pizten hasten garen.