Gedeminas Zyle 7. jardunaldiko MVP-a

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 18a, 14:53
Gedeminas Zyle, partida batean. (Javi Zurbano)

Azpeitia Azkoitia ISBko lituaniar piboak 34ko balorazioarekin amaitu zuen Marín Peixegalegoren aurkako neurketa.

Aurreko astean bosteko nagusian sartu eta gero, aste honetan Zilarrezko LEB Ligan, jardunaldiko MVP-a izatea lortu du Gedeminas Zyle lituaniar pibotak. Argi dago Azpeitia Azkoitia ISBko jokalaria momentu onean dagoela, eta bere jokoak ere goraka egin duela. Hala ere, ez da guztiz pozik egongo, bere neurketa bikaina ez baitzen nahikoa izan ISB taldeak denboraldiko bigarren neurketa irabazteko. Hori bai, Marín Peixegalegoren aurkako zenbakiak errepikatuta Iraurgi gertuago egongo da hurrengo garaipenetik. Izan ere, ez da-eta erraza neurketa batean 34ko balorazioa lortzea. Gauza asko egin behar dira ondo eta hori beti da taldearen onerako.

Pontevedran Zylek zenbaki bikoitzekin amaitu zuen: 24 puntu eta 11 errebote. Baina, horretaz gain, bi asistentzia banatu, hiru baloi berreskuratu, bi txapel jarri eta bost falta jaso zituen. 34ko balorazioa egin eta gero, ligako hamargarren baloratuena izatetik bosgarren postura pasa da. Iker Buenoren taldean duen garrantziaren berri, partidako ia 31 minutu jokatzen dituela ematen du, eta kantxan egoten den denbora horretan 14,2 puntu sartu eta 7,5 errebote eskuratzen ditu bataz-beste.