Azkenean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 10a, 21:16
Iraurgik lehen partida irabazi du ligan.

Azpeitia Azkoitia ISBk denboraldiko lehen garaipena lortu du bigarren zati ikusgarria eginez.

 

Azpeitia Azkoitia ISB sentsazio positiboak berreskuratzen hasi da aurreko astean berriz galdu arren. Ez da erraza izaten neurketa ona jokatu eta galtzeak uzten dizun zaporeari buelta ematea, baina galtzen hasita zeuden identitatea berreskuratu dutela jakitun, Grupo Eulen Carrefour de Ávilaren aurkako lehia erabili nahi izan dute Iker Buenorenek aurrerapauso bat emateko. Baita lortu ere, denboraldiko lehen garaipena iritsi delako.

Etxekoek argi zuten gaztelarren jokoaren gakoa Carles Marzoren gidaritzan eta Guille Justoren eskumutur finak eman zezakeenaren baitan zegoela hein handi batean eta hori gelditzen ahalegindu dira. Baina Iraurgiko jokalari ohiak bere kalitatearen berri eman du lehen jokaldietan eta Herrerok lagundurik segituan jarri dute bost puntuko aldea markagailuan. Etxekoak baina pixkanaka-pixkanaka euren jokoa plazaratzen hasi dira. Zyle eta Ucles kantxaratzearekin batera barruko jokoan agintzen hasi dira, Arrutik eta Lasak ere puntuak bildu dituzte eta partida parekatzea lortu dute Arturo Fernandezen ahaleginak ahalegin hiruko marratik. Lehen laurdenaren amaieran: 17-21. Erritmoaren jabe egitea falta zitzaion Iraurgiri. Horregatik Joseba Ibargutxi kantxaratu du Iker Buenok, baina Fernandezek bere hirukoekin min egiten jarraitu du eta 21 eta 29koarekin gipuzkoarrek hutsartea eskatu behar izan dute. Kosta zaio etxeko taldeari baina azkenean ulertu du barruko jokoarekin egin zezakeela min eta Zyleren bitartez leuntzen hasi dira berriz ere oso malkarra bihurtzen hari zitzaien aldapa. Lander Lasaren eskumuturra ere berotzen hasi da eta Ucles ere animatu da kontraerasoan korri egin eta taula azpian puntuak batzera, partidari buelta emateraino. Atsedenaldian 41 eta 40.

Uclés bero zebilen eta taldekideek aurkitzen jakin izan dute baita hirugarren laurdeneko lehen minutuetan. Okoye min egiten hasi da erasoko errebotean eta amerikarrak baloia lapurtu eta kontraeraso bat birrintze batekin amitu eta gero, David Mangas hutsartea eskatzera behartuta ikusi da. Zazpi puntu goitik zen Azpeitia Azkoitia ISB baina nagusitasunez jokatzen zebilen. Gora etorri da Iker Buenoren taldea eta ezinean aurkitu dira kanpokoak. Defentsa onak burutu eta kontraerasoan min egin du behin eta berriz ISBk. Okoyek bikain egin du korrika eta puntuak eskuratzen ez zituenean falta ateratzen zuen. Amerikarra ez zenean, Arruti eta bestela gaur egundoko partida burutu duen Uclés. Lasaren hiruko batek 65 eta 46koa igoarazi du laurdena amaitzeko 3 minuturen faltan eta garaipena ondo bideratua zegoela esan zitekeen ordurako. Laurden amaieran 72 eta 54. Hortik eta neurketa amaitu arte abantaila kudeatzen jakitea zen garrantzitsua eta lortu du etxeko taldeak, baita alde hori handitu ere. Kanpokoen ahalegin orori erantzuna ematen jakin izan dute Iker Buenorenek, oldarkor jokatuz eta zaleei gozatzeko moduko jokoa erakutsiz. Azkenean merezitako garaipen bat ospatzen amaitu dute: 90-68.

Bolada onaren hasiera izan dadila!

Saskiratzaileak: (17-21/41-40/72-54/90-68)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (2), Arruti (12), Lasa (14), Okoye (11) eta Sow –bosteko nagusia- Oroz (4), Uclés (24), Zubizarreta (2), Ibargutxi (3), Zyle (16), Guridi (2) eta Alberdi.

GRUP EULEN CARREFOUR EL BULEVAR DE AVILA: Justo (13), Herrero (9), Marzo (6), Mendez (4) eta Ryan (15) –bosteko nagusia- Bethencourt (5), Bermejo, Simek (2), Fernandez (14), Camino eta F. Noval.