Iraurgikoak Euskadiko txapeldun Gipuzkoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko aza. 4a, 18:06
Kadete mailako Gipuzkoako selekzioan sei azpeitiar aritu dira. (BASKETBASKO.COM)

Gasteizen jokatutako kadete mailako txapelketan irten dira garaile gipuzkoarrak, tartean Iraurgi Saskibaloiko zortzi ordezkari zirela.

Asteburu honetako zubia aprobetxatuta, kadete eta infantil mailako Probintzien arteko Euskadiko Txapelketak jokatu dira Gasteizen eta Oñatin, urrenez urren. Gipuzkoako selekzioekin Iraurgiko hainbat jokalarik hartu dute parte eta gainera kadete mailako neska zein mutilek Euskadiko txapeldun izaten amaitu dute.

Infantil mailan, Gorka Garate, Shyam Azpiazu eta Ierai Azpitarte izan dira mutilen selekzioan parte hartu dutenak. Hirugarren postuan amaitu zuten hauek, Bizkaia txapeldunaren aurka lehia polita bizi eta bi luzapenen ondoren galdu eta hurrengo egunean Arabarekin bost puntugatik soilik galdu eta gero. Infantil neskei dagokienez, txapelketa jokatzeko Ana Ugarte, Maddalen Sudupe, Ainhoa Zuazolazigorraga eta Ainara Uriarte izan ziren hautatuak Iraurgitik. Bigarren amaitu zuten neskek Bizkaia txapeldunaren aurka lehen neurketan puntu bakarragatik galdu eta bigarren partiduan Arabari bi puntugatik irabazi eta gero.

Zorte gehiago izan zuten kadete mailako neska-mutilek, txapeldun izatea lortu baitzuten. Mutiletan, Ander Merketegi eta Jon Zabarterekin, Gipuzkoak lehen postuan amaitzea lortu zuen Bizkaiari 12 puntugatik irabazi eta Arabari neurketa oso parekatu batean 52 eta 50 irabazi eta gero. Neskei dagokienez, lehen neurketan Bizkaiarekin sufritu eta gero, erraz irabazi zioten Joseba Lizarralderen aginduetara zeuden neskek Arabari. Iraurgiko Oihane Aizpurua, Maitane Dominguez, Laura Olaizola, Eneritz Larrañaga, Eider Larrañaga eta Larraitz Larrañaga txapeldun izan ziren, beraz.

Zorionak egindako lanagatik guztiei!