Hasi da martxan Iraurgi SB

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 30a, 02:06
Iraurgi SBren 2013-14 denboraldiko taldea.

Joan den astelehenetik ari dira Iraurgiko jokalariak entrenatzen, urriaren 5eko partidara ahalik eta egoera onenean iristeko.

Denboraldi txukuna egiteko egoera fisikoak sekulako garrantzia dauka. Ahalik eta ondoen egoteko beraz, derrigorrezkoa da aurrez lana egitea eta, horregatik, 2013-14 denboraldiko Iraurgi SB taldea hasi da lanean dagoeneko.

Astelehenean hasi ziren jokalariak Iker Bueno entrenatzailea eta Xabier Aranburu prestatzaile fisikoaren esanetara lanean. Helburua, nola ez, liga hasierarako, hau da, urriaren bosterako ahalik eta egoera onenean iristea da. Oraingoz, entrenamenduak bakarrik izan dituzte, eta arlo fisikoa landu eta kantxarekin lehen hartu-emanak izan dituzte, lagun arteko neurketak beranduago helduko baitira.

Oraingoz, lotuta dauden neurketa bakarrak Euskal Kopan jokatu beharrekoak izango dira. Irailaren 14an EBA ligako Unamuno taldearen aurka jokatuko dute lehen partida. Hilaren 21 eta 22ko asteburuan, berriz, bigarrena jokatuko dute, Easo talde donostiarraren aurka eta multzoko lehen postuan sailkatuz gero, hurrengo asteburuan jokatuko dute Lauko Finala. Hala ere, horiek ez dira izango neurketa bakarrak eta kontrarioak lotzen joan ahala egutegia betetzen joango dira Iraurgi SBko jokalariak.