Iraurgi SBk Guadalajaran hasiko du liga

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 23a, 21:14

Azkenean 13 taldek hartuko dute parte urriaren bostean hasiko den Zilarrrezko LEB ligan.

Gaur eman du jakitera Espainiako Saskibaloi Federazioak 2013-14 denboraldirako Zilarrezko LEB Ligako egutegia. Guztira 13 taldek hartuko dute parte aurten, iaz baino bi gehiagok eta urriaren 5ean hasiko da ofizialki. Zortzi hilabetetan (liga erregularra apirilaren 12an amaituko da) taldeek duten onena emango dute, liga ahalik eta goren amaitu ahal izateko eta kirol arloan behintzat, Urrezko LEB ligara igoera lortu ahal izateko.

Hauek dira liga jokatuko duten 13 taldeak: Iraurgi SB, Grupo Eulen Carrefour El Bulevar de Ávila, Palma Air Europa, CB Prat, Cáceres Patrimonio de la Humanidad, Amics Castelló, CEBA Guadalajara, Cafés Aitona, Fundación B. Fuenlabrada, Conservas de Cambados, Araberri, Marín Peixegalego eta Zornotza Saskibaloi Tadea.

Ohitura bihurtu den moduan, lehen itzulia aurreneko bi postuetan amaitzen dutenek jokatuko dute Kopa. Aurten Otsailaren 1ean izango da. Igoera playoffak berriz apirilaren 26an hasiko dituzte eta kanporaketa hauek ekainaren 3 arte luzatu ahal izango dira.

Iraurgi SBk beraz, 12 aurkari izango ditu, horietatik 3 euskaldunak (Araberri eta Askatuak, iaz bezala eta igo berria den Zornotza), eta iaz gertatu antzera, talde kopuru bakoitia denez liga jokatuko dutenak, jardunaldiren batean atseden hartzea tokatuko zaie. Urola bailarakoek Guadalajaran hasiko dute liga bertako taldearen aurka eta etxean lehen neurketa, urriaren 12ko asteburuan jokatuko dute, Amics Castelló taldearen aurka. Lehen derbya, zortzigarren jardunaldian iritsiko da. Azpeitian jokatuko da, Zornotza talde bizkaitar igo berriaren aurka. Liga erregularra bukatzeko ere derbya jokatuko dute Iker Buenoren mutilek, iaz gertatu zen moduan, Araberriren aurka, baina oraingoan, etxean jokatuko dute gipuzkoarrek.

Euskal Kopako egutegia ere zehaztuta

Urtero moduan, Iraurgi SB Euskal Kopa jokatuko duen taldeetako bat izango da. Aurre-denboraldirako test ona izaten da hau EBA eta Zilarrezko LEB ligako taldeen aurka neurtu behar izaten baititu indarrak. Aurten Irailaren 14an hasiko du Iraurgik Txapelketa. Lehenengo, Unamuno eta Easo, multzoko taldeen aurka lehiatu beharko da eta lehen sailkatuak, Lauko Finalerako txartela lortuko du.