Ibargutxik eta Barberenak Iraurgi SBn jarraituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko uzt. 27a, 15:28

Joko antolatzaileak bederatzigarren urtea egingo du klubean; hegal-pibotak berriz, hirugarrena.

Aste honetan datorren denboraldia Zilarrezko LEB ligan jokatuko diela baieztatu eta gero, Iraurgi SB dagoeneko hasi da taldea osotzeko lanean. Lehenengo pausua “etxeko” bi jokalari berritzea izan da: Joseba Ibargutxi joko antolatzailea eta Beñat Barberena hegal-pibota.

Ibargutxi donostiarrak (1982/10/08–1.89 metro) bederatzigarren urtez jantziko du Iraurgi SBko kamiseta. Iaz, kapitain lanetan ezinbesteko jokalari bihurtu zen, ia 24 minutu eman baitzituen kantxa gainean bataz beste. Jokatuta denbora horretan 5 puntu sartu, 4.4 asistentzia banatu zituen eta ia 2 errebote eskuratu zituen, guztira 5.4ko balorazioa lortzeraino partiduko. Beste urtebetez bere garrantziaren berri emango du seguruenik, kantxa gainean duen jakintza mailarekin gazteek asko ikasi ahal izango dutelako.

Barberena arrasatearrak (1989/02/16–2.04 metro), berriz, hirugarren urtez jokatuko du Iraurgi SBrekin. Lehen urtetik bigarren urtera gorakada handia eman du hegal-pibot gazteak eta minutu kopuru gorakadan ez ezik jokaldiak amaitzerako orduan ere igarri da hori. 17 minututik gora jokatu izan ditu eta bataz beste 5 puntu lortzeaz gain, 3.5 errebote eskuratu ditu, ia 6ko balorazioa lortu arte. Bere lan onaren ondorioz, aurten ere, Pablo Lasok Euskal Selekzioarekin jokatzeko deitu du udara honetan eta datorren urterako helburua bere jokoan beste aurrerapauso bat ematea izango da.