Agur 2012-13 denboraldiari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko eka. 12a, 12:11

Urtebete pasatu da, eta bukatu da denboraldia dagoeneko Iraurgi SBrentzat. Guztiek gogoratuko duten beste denboraldi bat izan da aurtengoa. Lehen taldeak bigarren urtez jarraian jokatu ditu Urrezko LEB ligara igotzeko kanporaketak eta harrobia ere ez da atzean gelditu emaitza onak batzerako orduan. Euskadiko, Gipuzkoako eta gainontzeko selekzioetan jokatu duten jokalariak edukitzeaz harro dago kluba, baina hori denboraldian zehar egiten den lan gogorraren fruitua da. Emaitza horiek ikusi ahal izan dira, besteak beste, Espainiako Txapelketan bi talde izan direlako, eta Movilquick Azpeitiak lehen 16 taldeen artean amaitu du, Euskadiko txapel bana ere lortu dute Betiko Kafea A eta Sarralle ISBk.

Ospatzeko asko zegoen, beraz, eta denboraldi bukaera ospatzeko eguna Oñatzera igoerarekin hasi zuten jokalari eta entrenatzaileek. Aurtengoa zazpigarren igoera izan zen eta 30 bat lagunek hartu zuten parte. Indarrak berreskuratzeko bazkaria egin zen gero, eta Hotel Loiolako jangela goraino bete zen. Klubeko jendeaz gain Udaleko ordezkariak ere izan ziren bertan eta bazkari bikainaz gain, giro ezin hobeaz disfrutatzeko aukera izan zuten. Mus partidak, bertsolariak, txiste eta anekdotak… talde bakoitzeko jokalari onenaren garaikurrak ere ez ziren falta izan. Klubeko arduradunek esan bezala, ez zen agurra soilik izan, 2013-2014 denboraldiari ongi etorria egin baitzioten.