Betiko Kafea A ISB eta Sarralle ISB Euskadiko Txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iraurgi Saskibaloi Taldea | Kirolak
2013ko mai. 30a, 21:44

Errotaundi ISBk, berriz, luzapenean Tolosaren kontra finala galdu eta gero, ezin izango du Autonomika mailara igo.

Betiko Kafea A ISB txapeldun. (Iraurgi SB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Joan den asteburu ia borobila izan da Iraurgi SBrentzat, bi maila ezberdinetan Euskadiko Txapeldun izatea lortu baitu eta lehen erregionalean finala irabazi eta mailaz igotzeko puntuan egon baita Errotaundi ISB.

Pasa den larunbatean eta igandean durangaldean alebin eta infantil mailako Euskadiko Txapelketak jokatu ziren, hiru probintzietako talde onenekin. Bertan izan genituen Iraurgi SBko bi talde eta biek ere jokatutako bi neurketak irabazita Euskadiko Txapeldun izanez bukatu zuten asteburua. Infantil mailan Sarralle ISBk ez zuen aurkaririk izan Durangoko Tabira kiroldegian jokatutako neurketetan. Lehenengoan Gasteizko San Viator B izan zuten aurrean eta oso nagusi agertu ziren gipuzkoarrak. Erraz irabazi zuten: 74 eta 47. Bigarren neurketa irabaztearekin nahikoa zuten txapeldun izateko, baina bigarren hori jokatu beharrik ere ez zuten eduki. Izan ere, Bizkaiko Seber Altube taldea ez zen neurketara aurkeztu eta 20 eta 0ko emaitzarekin garaipena eman zioten Sarralle ISBri; Euskadiko Txapela eman zion garaipena.

Alebinetan, berriz, Betiko Kafea A ISBk zertxobait gehiago sufritu behar izan zuen Berrizen jokatutako txapelketan. Lehen neurketa nahiko erraz irabazi bazuen ere, lehenengo zatira arte estu hartu zuen Gasteizko San Viatorrek. Bigarren zatian baina, gauzak bere onera ekarri eta 78 eta 39 irabazi zuten. Igandean Bilboko Loiola Indautxuren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Larunbatekoa baino neurketa parekatuagoa espero zen eta halaxe izan zen, nahiz eta azkenerako 64 eta 56 irabazi Betiko Kafea A-k. Horrenbestez, alebin mailako Euskadiko Txapeldun izendatu ziren Iraurgikoak.

Merezi izan du  Errotaundi ISBk txapelarekin amaitzea denboraldia Gipuzkoako Lehen maila Erregionalean. Zortea, ordea, ez du aldeko izan, eta finaleko luzapenean bi puntugatik galduta, Autonomikara igotzeko ametsei agur esan behar izan die. Tolosan jokatu zuten Lauko Finala. Larunbatean faborito nagusienaren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak finalerdietan. Santo Tomas Lizeoak lehen postuan amaitu du fase erregularra eta ISBkoei denboraldian zehar bi alditan irabazi dien talde bakarra izan da, baina Errotaundikoek urduritasuna alde batera utzi eta donostiarrei aurre egiten jakin izan zuten. Partidu guztian markagailuan aurretik joan eta Lizeokoen ahalegin guztiak ezerezean utzita 40 eta 47 irabazi zuten. Garaipen horrekin igandeko finalerako txartela lortu zuten eta bertan etxeko taldearen aurka jokatu behar izan zuten. Bi taldeek ondo ezagutzen zuten elkar eta parekotasuna ikaragarria izan zen neurketa guztian zehar. 51nako berdinketarekin amaitu ziren aurreneko 40 minutuak. Minutu eta erdiren faltan bat goitik ziren ISBkoak baina gerora Txapelketako MVP-a izendatuko zuten Kike Condek hirukoa sartu eta azken 17 segundoetan Errotaundikoak ez ziren saskiratze bat lortzeko kapaz izan eta 63 eta 61koarekin TAKE Orbela taldeak garaipena eta Autonomika mailara igotzea lortu zuen.

Zorionak guztiei egindako denboraldi bikainagatik!

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu