Behekoen kontra galtzera ohituta

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko mar. 19a, 10:27
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISB azken laurdenean borroka eginda garaipenetik gertu ibili da, baina Kanaria Handiak merezita irabazi du.

Zilarrezko Adecco ligako 2012-13 denboraldiko fase erregularreko azkenaurreko neurketak elkartu ditu Azpeitiko kiroldegian Azpeitia Azkoitia ISB eta Kanaria Handia 2014. Etxekoek igoera playoffak hasi aurretik azken neurketa zuten euren zaleen aurrean eta aurreko astean gipuzkoarren arteko derbya galdu eta gero, zaleen aurrean denboraldiko hamaikagarren garaipena lortu nahi zuten, bide batez kantxa faktorea lortu ahal izateko. Kanariarrak berriz, mailari eusteko azken aukera jokoan zutela kantxaratu dira. Pablo Melorenek bi partidutan garaipena lortu beharra zuten eta bai Avilak eta baita Askatuakek ere euren bi neurketak galtzea, berdinketa hirukoitza sortuz sailkapenean eta modu horretara salbazioa lortuz. Baina irletakoak ez dira bere azken izarrarekin etorri. Tavares etxean gelditu da eta baita Juanmi Morales eskolta ere euren indarra asko murriztuz. Iurgi Caminosek ere Ibon Guridiren baja izan du, belaunean bihurritu txiki batekin.

Tavares kantxan izan edo ez, taula azpian borroka gogorra egotea espero zen eta lehen puntuak zona barrutik etorri dira. Etxekoen partetik Pantinek lortu ditu saskiratzeak eta jokoan nahiko erraz zebiltzala ikusita edo, gehiegi lasaitu dira Iraurgikoak. Kanariarrak azkenak daude sailkapenean baina horrek ez du esan nahi kalitaterik ez dutenik eta bai uztaia birrinduta eta baita hiruko marratik asmatuta ere, 4 eta 12koa jarri dute markagailuan hiru minutu exkaxean. Iurgi Caminosen hutsarteak pixka bat esnatu ditu bere jokalariak, batez ere defentsan, baina erasoan Kearseren birrintze pare bat izan ezik beste dena hutsak izan dira. Zonakako defentsak eta aulkitik ateratako jokalariek beste itxura bat eman nahi zioten taldeari, baina Añaterve Cruzek sekulako sarraskia egin du hiruko marratik eta aldeak behera egin beharrean gora egin du. Batzuek uztaia oso txiki ikusten zuten moduan, besteek ez zuten puntuak sartzeko arazo gehiegirik eta lehen laurdenaren amaierara 11 eta 24 iritsi dira.

Bigarren laurdenean gauzak ez dira asko hobetu. Momentu puntualetan izan ezik ISBkoak ez dira kapaz izan irletakoen defentsa puskatzeko. Ez da ohikoa Azpeitia Azkoitia ISBk horren puntu gutxi sartzea, kontutan hartuta ligako bigarren talde onena dela puntu alorrean. Baina batzuetan gauzak politegi egin nahi izateagatik eta bestetan ikusmira desbideratuta izateagatik huts gehiegi egin dituzte. Atsedenaldira 24 puntu bakarrik sartu dituzte. Kanariarrak berriz, gauzak lasai antzean eginda, dakiten jokoa erakutsita eta hiruko marratik asko asmatuta, zulo handia zabaldu dute. Markagailua alde zutela jokatzen jakin izan dute eta huts egin dutenean ere ez dira urduri jarri eta lanean jarraitu dute. Aldageletara joan orduko neurketa ia erabakita zegoela esan zitekeen, eta zaleak ikusten ari zirena ezin sinetsi, kaleko hotzaren pare gelditu dira: 24-37.

Hirugarren laurdenean taldea zuritik beltzera pasa da, edo beltzetik zurira, bakoitzak erabaki. Defentsan askoz tenkatuago, kanpotarrak lau minutu baino gehiago egon dira saskiratzerik lortu gabe. Erasoan berriz, barruan eta kanpoan jokatzen ahalegindu dira eta nahi baino huts gehiago egin arren, gutxika-gutxika aldea murrizten hasi dira. Lance Kearsek Dominguezen laugarren falta eragin du eta Pablo Melok bere jokalari garrantzitsuenetako bat aulkira eraman behar izan du. Gauza bat zeukan alde etxeko taldeak, kanariarrek falta askotxo egin dituztela eta partidu bukaerako minutuei begira hori oso garrantzitsua izan zitekeen. Baina, aldea txikitzen hasi diren moduan, defentsa lasaitzen hasi dira etxekoak eta bi hiruko jarraian sartuta, Kanaria Handia 2014k berriz ere alde egin du markagailuan. Laurdena amaitzear zegoela Justok sartutako hiruko bati esker 42 eta 50 heldu dira azken minutuetara.

Laugarren laurdena hastearekin bat hasi da taldea (eta baita harmailetako zaleak ere) garaipenean sinesten. Lasak hiruko batekin bostera gerturatu ditu bereak, baina arnasa hartzeko betarik ere ez dute eduki. Horiek ez zuten garaipenak ihes egiterik nahi. Lehen itzulian gipuzkoarrak baino hobeak izan ziren eta gaur ere hori erakutsi nahi zuten. Hiruko marratik min egiten segitu dute, etxekoen zona mistoa behin eta berriz apurtu dute. Zaleak euren animoekin taldea berotu nahi izan dute eta Iurgi Caminosenek laneko buzoa jantzi dute. Lander Lasa Avilaren aurkako neurketaren antzera puntuak batzen hasi da eta bi puntura jarri du Azpeitia Azkoitia ISB zaleen gozamenerako. 5 minutu eta erdi gelditzen ziren eta neurketa berriz hasten zela zirudien. Dena eman beharra zegoen eta dena eman dute bi taldeek. Baina kanpotarrak Barro gabe gelditu dira eta urduritasuna nabarmentzen hasiak zirela ematen zuenean bi defentsa on eta saskiratze bat ea berriz lasaitasun pixka bat lortu dute. Pantinek bere garrantziaren jakitun, erantzukizuna hartu du erasoan eta taldekideek defentsako lanean jarraitu egin diote liderrari. Lander Lasak baloia lapurtu eta kirolez kontrako falta atera du eta bi puntura gerturatu bereak. Defentsa on bat eta Motosek berdindu egin du neurketa baina Añaterve Cruzek hirukoarekin erantzun du eta garaipena irletara joan da: 66 eta 71. Behekoen kontra galtzera ohitu da Azpeitia Azkoitia ISB.

Saskiratzaileak: (11-24/24-37/42-50/66-71)

AZPEITIA AZKOITI ISB: Kearse (12), Motos (2), Ibargutxi (3), Lasa (16) eta Pantin (17) –hasierako bostekoa- Justo (10), Oroz, A. Zubizarreta, I. Zubizarreta (2), Urbizu, Fohler eta Barberena (4).

KANARIA HANDIA 2014: Santana (4), Portugues (6), Dominguez (14), Konate (7) eta Barro (4) –hasierako bostekoa- Makonda (8), Ndieye (7), Cruz (18) eta Thiam (3).