Porrota luzapenean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ots. 23a, 23:10
Azken unean galdu zuen Azpeitia Azkoitia ISBk partida.

Azpeitia Azkoitia ISBk beste behin neurketa errazik ez dagoela ikusi ahal izan du Amics Castellonen aurka galdu eta gero.

Azken bost partiduetatik lau irabazi eta gero, Azpeitia Azkoitia ISB sasoi ezin hobean iritsi da Amics Castello taldearen aurkako neurketara. Iurgi Caminosenak sailkapenean dauden postuan baino gorago egon nahi dutela erakutsi dute azken asteetan eta gora jarraitzeko asmoz joan dira Castellora. Azken asteetan goi aldean sailkatuta dauden taldeen aurka neurtu behar izan badituzte indarrak, gaurkoan putzutik irten nahian dabilen talde bati egin behar zioten bisita, baina hori ez da arrazoia neurketa erraza izango zela pentsatzeko, izan ere Toni Tenek zuzentzen duen taldeak zortea ez du aldeko eduki denboraldian zehar eta erakusten duen jokoa, sailkapenak ez du islatzen.

Neurketaren zailtasunaren adibide garbiena hasiera izan da: 8 eta 0ko partziala egin dute etxekoek eta momentu oro atzetik aurrera eginez ibili behar izan da Iraurgi. Pantin gripeak jota dabil eta ez da hasierako bostekoan irten, baina etxekoek batez ere kanpotik egin dute min. Hasieran Garciak zoratu egin ditu Motos eta Justo eta puntuak batu ditu bata bestearen atzetik. Erreakzioa bilatzen saiatu dira gipuzkoarrak eta lau puntura ere jartzea lortu dute, baina defentsan arazo asko izan dituzte. Hidalgok eta Ortegak espazio asko zabaltzen zituzten Parejo eta konpainiarentzat eta ISB pixka bat gerturatu bezain pronto kanpotik min eginez alde egin dute berriz markagailuan lehen laurdena 27 eta 15 amaitu arte.

Bigarren laurdenaren hasieran beste aurpegi bat erakutsi dute Iurgi Caminosenek. Guridi kantxan zegoela, defentsan beste intentsitate bat erakutsi du taldeak eta gazte azpeitiarrak puntuak ere bildu ditu erasoan. Lehen laurdenean jasota puntu pila seinale txarra zen gipuzkoarrentzat eta laneko buzoa jarri beharra zeukatela jakin izan dute. 27 eta 23 jarri dira 0 eta 8ko partziala eginda eta Toni Tenek hutsartea eskatu behar izan du. Aurreneko laurdenean hiruko marratik min egin duela jakinda hortik saiatu dira berriz ere etxekoek, baina Lander Lasak ere eskumutur fina duela erakutsita erantzun egin du eta Joseba Ibargutxik sartutako beste hiruko bati esker lehen aldiz aurretik jarri da markagailuan Azpeitia Azkoitia ISB atsedenaldira iristeko lau minutu faltan (30-31). Castellokoen puntu iturriak murriztuta, erasoan erosoago ibili dira gipuzkoarrak eta partiduko erritmoaren jabe egin dira. Justo eta Kearse puntuak batzen hasi dira eta atsedenaldirako errenta polita eskuratu du ISBk: 37 eta 42.

Neurketaren denboraren jabe egiten jakin izan du bigarren laurdenean Azpeitia Azkoitia ISBk eta hirugarren laurdenean ere berdin jarraitzeko asmoz irten da kantxara. Kearse puntuak batzen jarraitu du eta bere taldekidea baino gutxiago izan nahi ez zuela erakutsita Justok hiruko marratik asmatu du. Gutxika-gutxika gipuzkoarren errenta handitzen joan da. Joaneko partiduan Amics Castellók ikusi zuen Iraurgik partidua nola puskatzen zuen garaipen erraza lortu arte eta gaur ez zuen horrelakorik errepikatzerik nahi. Ordura arte kanpotik saiatu baldin badira, hortik aurrera barrutik egin nahi izan dute min erreakzioaren bila. Pantini hirugarren falta atera diote markagailuan apurka-apurka aldea jaten hasi dira. Gerturatu bai, baina aurretik jarri ez. Hala ere, Azpeitia Azkoitia ISBri gauzak zail jartzeko asmoa erakutsi dute eta laurdena amaieran 60 eta 63koa erakusten zuen markagailuak.

Erritmoaren eta ia-ia partiduaren jabe izatetik asko sufritzera pasa Iurgi Caminosen taldea. Gehiago David Ortegak hiruko batekin neurketa berdindu duenean. Bazirudien erasoko ideia guztiak desagertuta zeudela eta nahiz eta defentsan lana eskasegia ez bazen ere, puntuak sartu ezean jai. Kearse kantxaratuta beste zerbait bilatu nahi izan du entrenatzaile gipuzkoarrak, baina oraingoan markagailuan agintzen zutenak etxekoak ziren eta ez zuten aginte makila hori galdu nahi. Urduritasunak jota edo, normalean baino huts gehiago egin dituzte taula azpian ISBkoek eta hori ikusita kanpoko jokalariek hartu behar izan dute erantzukizuna. Lasak jaurtiketa libreak asmatuta eta Ibargutxik beste hiruko batekin berriz ere aurretik jarri ditu Iurgi Caminosenak. Oraindik ez zegoen ezer erabakita eta azken minutuak gogorrak izango zirela aurreikusten zen. Pantinek bere bosgarren falta egin du eta baliabide garrantzitsu bat galdu du Iraurgik minutu eta erdiren faltan. Parekotasuna izugarria izan da hortik eta amaiera arte, horrenbestekoa izan da 79nako berdinketarekin luzapenera joan dela partidua.

5 minutu estra horietan markagailuan atzetik joatea egokitu zaio Azpeitia Azkoitia ISBri David Ortegak hirukoa sartu duenetik. Etxekoak markagailua alde zutela bikain jakin izan dute jokatzen eta gipuzkoarren ahalegin guztiak antzu bihurtu dira azkenean 91 eta 90 galtzen amaituz. Goikoekin borrokan jarraitzeko atzerapausoa eman du Azpeitia Azkoitia ISBk.

Saskiratzaileak: (27-15/37-42/60-63/79-79/91-90)

AMICS CASTELLÓ: Castello (9), Ortega (18), Garcia (19), Hidalgo (16) eta Parejo (7) –hasierako bostekoa- Barrera, Archiles (9), Fernandez, Ausina (6), Sales eta Chaparra.

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (21), Kearse (24), Zubizarreta, Motos (8) eta Fohler (2) –hasierako bostekoa- Ibargutxi (10), Lasa (10), Barberena (2), Pantin (7) eta Guridi (6).