Kasta, kasta eta kasta

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ots. 11a, 00:48

Azpeitia Azkoitia ISBk UFA Oviedoren bolada ona apurtu du, azken laurdenean talde joko eta grina erakustaldia emanda.

Argazkia: Iraurgi SB

Gasteizen Errege Kopa jokoan egonagatik, saskibaloi festa beste leku askotan bizi daitekeela erakusteko nahiarekin gerturatu dira gaurkoan Azpeitiko kiroldegira Azpeitia Azkoitia ISBko eta UFA Oviedoko jokalariak. Inauterietako mozorroak jantzi eta astelehenean ere “Txikiteo Elegante” ospatzen hasi aurretik etxeko lanak egin nahi zituen gaurkoan Iurgi Caminosen taldeak, nahiz eta aurrean Zilarrezko Adecco ligako talde onenetako, onena ez baldin bada, baten aurka jokatu beharra zeukan. Asturiarren kontra hirutan neurtuak zituzten indarrak gaur arte eta hiruretan Oviedokoak oso nagusi agertu ziren. Gaur gipuzkoarrek maldizioa apurtzeko asmoa erakutsi dute Guillermo Arenasen ,ligako hilabeteko entrenatzaile onena, taldearen aurka. Asturiarrek zazpi garaipen jarraian zituzten eskuratua, baina zortzigarrena, denboraldikoa, etxekoentzat iritsi da.

Ezohiko bostekoa jarri du Iurgi Caminosek kantxan. Aldaketetako bat behartuta, Joseba Ibargutxik ezin zuen jokatu orkatilan daukan bihurritua dela eta, baina Fohler ere hasieratik ikusi ahal izan dugu, euren barruko joko indartsua gelditzeko asmotan agian. Hasieratik zonakako defentsarekin aritu da gainera etxeko taldea, jokoa mantsotu eta beraien joko azkarra ekidin nahian edo, baina Diego Sanchezek sarraskia egin du hiruko marratik. Hori bai, taula azpian Fohler eta Kearse nagusi ziren, erasoko errebote mordoxka bat eskuratu dituzte eta horri esker oso parekatua joan da neurketa Oviedokoek baloi pare bat berreskuratu eta kontraerasoan 7 puntuko aldea zabaldu duten arte. Etxekoek hutsartea eskatu behar izan dute eta handik bueltan Justoren hirukoek eta Barberenaren puntuek berriz berdindu dute neurketa. 22-22 laurden amaieran.

Hasierako minutuetan, nolabait kanpokoen joko azkarra ekiditeko kapaz izan badira ere gipuzkoarrak, bigarren laurdena hasi bezain pronto, eta harritzekoa bada ere Cardenas aulkian egonda, asturiarrek horren gogoko duten jokoa egin ahal izan dute: defentsan, presio gogorra egin eta ziztu bizian kontraerasoan irten. Modu honetara 2 eta 13ko partziala egin dute hiru minutu eta erdian eta 11 puntu goitik jarrita neurketa oso alde jarri dute. Iraurgikoen ahaleginak ahalegin Guillermo Arenasenek abantailari eusten jakin izan diote. Pantinek ezin zuen Hanleyrekin (18 punturekin eta 23ko balorazioarekin iritsi da atsedenaldira ligako MVP-a) , baina defentsa sendotu dute gipuzkoarrek gakoa hor zegoela jakitun. Erasoan gutxika-gutxika puntuak heltzen joan dira eta atsedenaldira 5 puntu azpitik bakarrik iritsi dira.

Guille Justok gaur bazekien erantzukizun doblea zeukala, Joseba Ibargutxiren baja zela eta erasoko erantzukizuna hartu behar izango zuelako maizago. Eta ordura arte taldeko saskiratzaile onena baldin bazen ere, Kearserekin batera puntuak batzearen pisua hartu du bere gain. Baina markagailua alde daukatela oso ondo jokatzen dakite Oviedokoek eta zuten abantaila murriztea ez da bat ere erraza izan. Puntu batera gerturatzen zirenean hor agertzen ziren Hanley edo Marzo berriz ere diferentzia 5 puntuetara eramateko. Epaileek ere euren protagonismoa bilatu nahi izan dute: Beñat Barberenari errebotean egindako bultzakada garbi bat ez dute falta adierazi nahi izan eta jarraian kantxa erdian Mikel Motosi kirolez kontrako falta bat adierazi diote, epaile batek bakarrik ikusitako kirol gabetasun falta. Kanpokoek bikain aprobetxatu dute oparia eta hiruko bat sartuta 53 eta 60 igoarazi dute markagailura.

Hirugarren laurdenaren azken minutuetan gertatutakoagatik amorratuta edo, aurkaria estutasunetan jartzeko gogo biziz irten dira etxekoak laugarren laurdenean. Cardenasen hiruko batek eta Macíaren saskiratze batek aurretik mantendu ditu kanpotarrak. Baina gogor zebiltzan lanean Iurgi Caminosenak eta Justok 67nako berdinketa jarri du. Zaleak presioa jartzen hasi dira baita harmailetatik eta Lander Lasak bere eskumuturra denerako prest zegoela erakutsiz bi hiruko jarraian sartuta aurretik jarri du Azpeitia Azkoitia ISB aspaldiko partez. Justok bost puntura zabaldu du aldea eta harmailak zoratzen jarri ditu. Tentsioa izugarria izan da amaiera arte baina etxekoek errebotea bikain itxi dute eta horrek erasorako aukera gehiago eman dio, abantaila eusten ahalbidetuz. Azkenean garaipen ikusgarria 84 eta 80ko emaitzarekin.

Saskiratzaileak: (22-22/39-44/55-62/84-80)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (22), Kearse (18), I. Zubizarreta (2), Lasa (13) eta Fohler (2) –hasierako bostekoa- Oroz, A. Zubizarreta, Motos (12), Urbizu, Barberena (3), Pantin (8) eta Guridi (4).

UNION FINANCIERA ASTURIANA OVIEDO BALONCESTO: Cardenas (10), Sanchez (15), Hanley (24), Marzo (4) eta Kinter –hasierako bostekoa- Quiros, A. Macía (7), Prieto, Perez (10), Pámpano, H. Macía (10) eta García.