Kopako azpi-txapelduna bisitari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ots. 7a, 11:04

Azpeitia Azkoitia ISBk gaur, ostirala, jokatuko du Azpeitiko Kiroldegian, 21:00etatik aurrera UFA Oviedo talde indartsuaren aurka.

Urte berriko egunak bezalaxe, Zilarrezko Adecco ligako jardunaldiak badoaz aurrera gutxinaka-gutxinaka. Aurreko astean Kopa Txapelketa jokatu izanagatik ligak geldiunea izan bazuen ere, asteburu honetan berriz ekingo dio lehiari Azpeitia Azkoitia ISBk. Gipuzkoarrak batean bale eta bestean kale dabiltza azken aldian eta hori horrela sailkapenaren erdialdean mantentzen badira ere, gorago joateko aukerak urritzen ari zaizkio. Eta asteburu honetan (inauteriak direla eta, ostiralera aurreratu da neurketa) gipuzkoarrek beste neurketa zail bati egin beharko diote aurre, Union Financiera Asturiana Oviedo Baloncesto, Kopako azpi-txapelduna, izango baita bisitari Azpeitiko kiroldegian. Gorabeherak gelditu eta behingoz gora eta gora egiten hasteko aurkaririk txarrenetakoak dira asturiarrak. Edo agian, mahai gainean kolpea jota, goikoei Azpeitia Azkoitia ISB ere hor dela esateko une aproposa izan daiteke Iraurgikoentzat.

Horretarako baina, Iurgi Caminosen mutilek ia perfektu jokatu beharko dute. Bi taldeak ondo ezagutzen dira elkar, dagoeneko hirutan jokatu baitute elkarren aurka denboraldi honetan. Birritan aurre-denboraldian, eta ligan beste behin, eta hiruretan alde nabarmenarekin asturiarrek irabazi dute. Guillermo Arenasek zuzentzen duen taldea ligako onenetarikoa da eta argi ikusten da hori sailkapenari begiratu bat emanez gero. 7 garaipen jarraian batu dituzte asturiarrek eta gaur egun bigarren dira sailkapenean, Kopako txapeldun irten den Guadalajararekin garaipenetara berdinduta. Willy Galick pibot amerikarraren lesioa daukaten arren, 2’13 metro luze den Gyorgy Kinter hungariarrak beldurra sorrarazten du kontrarioarengan taula azpiko jokoan. Horri gehitu behar zaio, ligako MVP-a eta bigarren saskiratzaile nagusi den William Hamleyren lana. Eta nola ez, Macía anaien beteranotasuna. Kanpotik ere ez dira hankamotzak. Victor Perezek aurreko astean Kopako finalean erakutsi zuen zer egiteko gai den 7 hiruko sartuta eta ACBn jokatutakoa den Diego Sanchezek jokoan duen pisua kontutan hartuta… Baina agian erreferentzia nagusia Fran Cardenas da. Joko antolatzailea partiduko erritmoaren jabe egiten baldin bada, akabo. Asturiarrak korrika irteten direnean, ez dago zer eginik, kontraerasoan ligan puntu gehien lortzen dituen taldea baita. Markagailua alde dutela gainera, bikain dakite jokatzen eta defentsa gehiago itxiz eta erasoko denborak bikain maneiatuz diferentziak handitzen oso iaioak dira.

Horregatik, Imanol Zubizarretak eta gainontzeko kanpoko jokalariek badakite lan estra bat izango dutela biharko partiduan: Fran Cardenasen jokoa gelditzea ezinbestekoa izango da garaipen aukerak eduki ahal izateko. Gainera Joseba Ibargutxiren bajari aurre egin beharko dio Iurgi Caminosek, orkatilan duen bihurritua dela eta ezin izango baitu jokatu. Baja garrantzitsua ezbairik gabe ligako talde handienetako bati aurre egin ahal izateko, horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa izango da batuta egon eta talde jokoarekin kontrarioari gauzak zail jartzen ahalegintzea.

Jarraian, Iurgi Caminosek adierazitakoak Oviedoren aurkako partiduaren aurretik:

Kopa Txapelketa dela eta egondako geldiunean ondoren berriz dator liga. Lehen postuetara berriz ere lotzeko asmoarekin?

Taldea berriz irabazteko gogo biziz dago. Palman neurketa berdindua jokatu genuen eta azken minutuetan galtzea egokitu zitzaigun. Liga erregularra amaitzeko zazpi partidu besterik ez dira gelditzen eta ahalik eta goren amaitu nahi dugu.

Zer eragin izan dezake taldean Josebak ezin jokatu ahal izateak?

Joseba gure jokoan oso jokalari garrantzitsua dela ez dago esan beharrik, urte oso ona egiten dabil, taldea ondo gidatuta, baina ezin jokatuta ere, taldea ondo prestatuta ikusten dut neurketa aurrera ateratzeko. Imanolek denboraldian zehar izan dituen minutuetan lan ona egin du eta berarengan konfiantza osoa daukat. Gainera Mikel edo Guillermo bezalako jokalariak ere baditugu eta urtean zehar jokatu behar izan dituzte minutuak postu horretan”.

Seguruenik Oviedo mailako talderik indartsuenetako bat da, baina Willy Galick-en baja antzeman dezakete?

Sailkapenari begira eta duten taldea ikusita uste dut Oviedo lehen postuan amaitzeko hautagai nagusia dela. Kalitatea eta esperientzia sobera dute eta horren erakusgarri da zazpi garaipen lortu dituztela jarraian. Joaneko partiduan ere ez zuen Galick-ek jokatu, denboraldian zehar hainbat partidu galdu ditu eta ez dute gehiegi antzeman bere baja, nahiz eta argi dagoen berarekin oraindik eta talde indartsuagoa dela.

Hirutan jokatu duzue beraien aurka eta hiruretan oso nagusi izan dira asturiarrak. Nola egin ahal zaie aurre?

Aurre-denboraldian erraz irabazi ziguten, egia da, eta ligako neurketan egin genuen hasiera kaxkarra gogotik ordaindu genuen eta nahiz eta bigarren eta hirugarren neurketan lehiakor agertu ginen 8-9 puntura gerturatuta, azken minutuetan aldea zabaltzea lortu zuten. Kontraerasoan puntu gehien lortzen duen taldea da eta horregatik partiduaren erritmoaren jabe egin behar gara eta beraiei korrika egiten ez utzi, Cardenas eroso sentitzen baldin bada, bere taldekideak hobe egiteko gaitasuna daukalako.