Iruñetik esku hutsik

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ots. 5a, 15:23

Zurt Tabernak ezin izan zuen zazpigarren garaipena batu Fundación Ardoiren aurka. 62 eta 54 galdu zuen Iraurgiko nesken taldeak.

Azken neurketan gogotik borrokatu eta gero, garaipen garrantzitsua lortu zuten Zurt Taberna ISBkoek eta morala goian zutela joan ziren Iruñeara denboraldiko zazpigarren garaipena lortu eta, bide batez, Fundación Ardoiri sailkapenean aurre hartzeko gogoz. Baina, batzuetan nahiak eta ahalmenak ez dute bat egiten eta, nahiz eta, irabazteko aukerak eduki zituzten, neurketa kaxkarra jokatuta, partida galduta bueltatu ziren etxera Iraurgikoak.

Nafarroan egiten zuen eguraldiaren moduan irten ziren kantxara Zurtekoak: hotz. Atzean bigun eta erasoan ideiarik gabe. Etxekoek oparia bikain aprobetxatu zuten lehen laurdenean bederatzi puntuko aldea zabaltzeko. Zama hori gehiegizkoa izan zen, gainontzeko minutu guztietan bi taldeen arteko parekotasuna izan baitzen ezaugarri nagusia. Laurden guztietan baten alde edo bestearen alde, baina puntu bakarreko aldea ikusi zen markagailuan, bi taldeak maila igualtsukoak direla argi eta garbi utzita.

Azken laurdenean, ordea, markagailuan gerturatu eta gauzak estu jartzekotan egon ziren Zurt Tabernakoak. Bi puntura jartzea lortu zuten, baina faltekin arazoak izaten hasi ziren. Defentsan sortutako kontaktu guztiak falta adierazi zituzten epaileek eta makina bat jaurtiketa libre izan zituzten etxekoek modu horretan. Markagailuari buelta ematea ezinezkoa bihurtu zitzaion Zurt Tabernari, eta azkenean etxekoek 8 puntuko aldeaz irabazi zuten: 62 eta 54.

Epaileen lan zalantzagarria alde batera utzita, esan behar da ez zela Iraurgiko nesken partidurik onena izan. Ideia gutxirekin jokatu zuten, kanpoko jaurtiketetan kamuts ibili ziren eta erabaki txar asko hartu zituzten. Hala ere, talde honek badauka zerbait, gaizki jokatuta ere irabazteko aukera edukitzeko.

Datorren astean, ondo jokatuta ere, garaipenerako aukerak edukitzea ez da erraza izango. Liderra izango dute bisitari Azkoitiko kiroldegian, eta kontutan hartuta Bera Bera UPVk orain arteko neurketa guztiak irabazi dituela... hori bai, ilusioa eta borrokarako gogoa, barra-barra aterako dute Zurt Taberna ISBkoek. Hori ziur.

Saskiratzaileak: (19-10/15-16/11-12/17-16)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (10), Berezi, Ainhoa, Irati (6), Maialen, Intza (9), Itsasne (8), Maite (5), Maitane (6), Eider (2), Itsaso (7), Aitziber (1).