Kalitatearen gainetik talde jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 19a, 00:28

Lander Lasaren hiruko baten ondoren, azken momentuak bikain kudeatuta, denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratu du Iraurgik, 79 eta 71 irabazita.

 

Argazkia: Iraurgi SB
Argazkia: Iraurgi SB

LEB Plata. San Sebastian jaiak ospatzen hasteko egun baten falta saskibaloi festa bizi ahal izan da Azpeitiko kiroldegian, Zilarrezko Adecco ligan goi aldean egotera deituak dauden bi talderen arteko lehia ikusi ahal izan baitute bertara gerturatutakoek. Azpeitia Azkoitia ISBk astebeteko atsedenaldiaren ostean berriz ere jokatzeko aukera zuen gaurkoan eta aurrean bolada bikainean zetorren CB Prat Joventut, azken zazpi partiduetatik sei irabazita heldu da, Joventuteko harrobiko harribitxi guztiekin.

Hasiera zirraragarria eduki du neurketak. Abiadura bizi-bizian jokatu dute batzuek eta besteek eta parekotasuna handia izan da benetan. Batzuek besteen hutsak aprobetxatzeko nahiarekin alde batetik bestera korrika egiten zuten. Lander Lasak estreinatu du markagailua eta lehen bost minutuetan, alde txikiekin bazen ere, etxekoek markagailuan agindu baldi badute ere, Cavenek bi hiruko jarraian sartuta buelta eman dio partiduari. Baina normalean Iraurgik huts egiten duen atal batean egin dute gaurkoan huts kataluniarrek. Iurgi Caminosenek erasoko errebote pila bat batu dituzte, eta kanpotarrek hiruko marratik bost aldiz asmatu badute ere, horri eskerrak lehen laurdena berdinduta amaitu dute: 22-22.

Bigarren laurdenaren hasieran baina betiko mamuak agertzen hasi dira Azpeitia Azkoitia ISBkoen uztaipean. Pratek minutu bakarrean zazpi aukera izan ditu saskiratzea lortzeko, sei erasoko errebote eskuratu eta gero, baina ez dute asmatzen jakin. Egia esan bai batzuek eta besteek ere asko huts egin dute, Lance Kearsek birrintze ikusgarri batekin lehen puntuak sartu dituen arte. Defentsan sendo jarri dira etxekoak eta baloiak lapurtuta kontraerasoan irten ahal izan dira. 28 eta 22koarekin Carles Duranek hutsartea eskatu behar izan du, izan ere bere taldea ia lau minutu egon da punturik eskuratu gabe. Bere taldea uztaira bidea aurkitzen hasi da eta neurketa arriskutsu bihurtu da gipuzkoarrentzat. Baloi inozo batzuk galdu dituzte etxekoek eta Caven berriz ere asmatzen hasi da kanpotik, baina etxekoek aurretik mantentzea lortu dute Antonio Pantinen puntuei esker. 34 eta 33 atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan defentsa erakustaldia ikusi ahal izan da bi taldeen partetik. Kanpotarrek presioa nola egin behar den argi eta garbi utzi dute eta beste aldean defentsa estatikoan oso ondo aritu dira. Kanpotik duten abilezia erakutsi dute baina, kataluniarrek eta markagailuan agintzen hasi dira. Lander Lasak gainera min hartu du eta erasoan Iurgi Caminosenek ez zuten asmatzen. Gutxika-gutxika kanpotarren aldeak gora egin du. Baina Barberenaren eta Justoren bi hirukok berriz sartu dute partiduan etxeko taldea eta Ibargutxik jaurtiketa libreen marratik 47 eta 46koa igoarazi du. Neurketak ez zeukan jaberik, nahiz eta Prat ia beti aurretik joan den eta azken minutu politak biziko zirela aurreikusten zen. Barberenak hiruko marratik asmatuta berriz eta Guridik defentsan egindako lan bikainari esker 60 eta 55 amaitu da hirugarren laurdena.

Guridik beste intentsitate bat ematen dio taldeari eta taldekideak kontagiatu egin ditu. Defentsan zegoen gakoa eta jokalariek ulertu egin dute. Zailtasun franko izan dute Carles Duranen mutilek saskira begira lehen minutuetan. Erasoan huts egiten hasi dira bat-batean etxekoak eta defendatzaileak kendu egin ditu Iurgi Caminosek (atseden hartzeko edo) eta Prat gerturatu egin da markagailuan 2 eta 7ko partziala eginda. Joseba Ibargutxiren bitartez etorri da erreakzioa. Hiruko bat eta Pantini asistentzia bat eta berriz ere 7ko aldea zabaldu du Azpeitia Azkoitia ISBk. Pratekoak hiruko marratik jokatzen itsutu dira eta Ibargutxik bere festarekin jarraitu du. Kanpokoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du, 3 minuturen faltan 9 puntu azpitik baitzen bere taldea. Motosi kontaktu batean antzerkia egiteagatik falta teknikoa adierazi diote epaileek (bosgarrena zen gainera) eta kanpotarrek zertxobait gerturatzeko aprobetxatu dute. 1-3-1eko defentsarekin gainera zoratu egin dute etxekoen erasoa eta Barrerak hiruko batekin bi puntura jarri du bere taldea. Baina Iurgi Caminosenak ez dira urduri jarri, denbora kudeatzen jakin izan dute eta Lasak beste hiruko batekin lasaitasuna ekarri du garaipena bideratuta utziz. Azkenean 79 eta 71. Kalitateari gaurkoan talde jokoa gailendu zaio. Garaipen bikaina San Sebastian jaiak modu ezin hobean ospatzeko!!

Saskiratzaileak: (22-22/34-33/60-55/79-71)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Kearse (7), Motos (4), Ibargutxi (15), Lasa (13) eta Pantin (10) –hasierako bostekoa- Justo (8), Oroz, Zubizarreta, Urbizu, Fohler (2), Barberena (12) eta Guridi (8).

CB Prat Joventut: Ros (6), Raya (6), Vives (9), Suarez (6) eta Caven (20) –hasierako bostekoa- Aboubacar, Bassas (10), Vilanova, Homs eta Barrera (9).