San Sebastianak garaipenarekin ospatzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 17a, 01:36
Bihar ostirala, gaueko 21:00etan jokatuko du Azpeitia Azkoitia ISBk CB Prat Joventuten aurka.
Argazkia: CB Prat
Argazkia: CB Prat

LEB Plata. San Sebastianak jai handiak dira Azpeitian eta hori dela eta, ostiralera aurreratu da Azpeitia Azkoitia ISB eta CB Prat Joventut taldeen arteko neurketa. Partidu benetan interesgarria, goi aldean borrokan egongo diren bi talderen arteko lehia ikusi ahal izango delako. Gipuzkoarrak, lehen itzuli bukaera kaxkarra izan eta gero, bigarrena garaipen batekin hasi zuten duela 15 egun Avilari etxean irabazita. Sentsazio positiboak berreskuratzeko balio izan zien horrek, baina bide horretatik jarraitzeko ez dute aurkari erreza izango. Izan ere, Joventuten harrobiko harribitxiak izango dituzte aurrean.

CB Pratek ISBren kontrako bidea izan du denboraldian zehar. Lesioak eta beste aspektu batzuk tarteko, zailtasun handiekin hasi zuten denboraldia. Lehenengo lau jardunaldietan garaipen bakarra lortu eta gero taldea bere jokoa hobetzen hasi zen eta garaipenak bata bestearen atzetik etortzen hasi ziren. Ohikoa izaten da harrobiko taldeak denboraldia aurrera joan ahala hobetzen joatea eta normalean behintzat goiko postuetan amaitzea. Horrela gertatu zaie Pratekoei baita aurreko denboraldietan ere. Baina aurten badirudi aurrerapauso bat eman nahi dutela eta garaipen zakua uste baino lehenago hasi zira potolatzen. Carlos Duranen mutilak laugarren daude sailkatuta zazpi garaipenekin eta horretarako lehen itzuli amaieran egindako lana ezinbestekoa izan da. Sei neurketa irabazi zituzten jarraian eta garaipen bolada hori aurreko astean bakarrik apurtu zen Oviedoren aurka 63 eta 69 galdu eta gero. Todorovic taldean gelditu ez izana uste baino gehiago ordainduko zutela pentsatzen zuena ahoa bete hortz utzi dute kataluniarrek. Gerbert Martík bikain bete du Montenegrokoak utzitako zuloa eta “Piru” Rosek gazteei bere esperientzia banatzeaz gain, puntuak sartzeko duen gaitasuna erakutsi du partiduz-partidu, taldeko saskiratzaile nagusi bihurtu arte, ia 12 puntu sartuta bataz beste. Honi Alex Barrera edo Guillen Vives (biek ere lehen taldearekin debuta eginikoak) bezalako kanpoko jokoa gehituz gero… argi gelditzen da talde benetan polita osotzen dutela Pratekoek. Gazteak dira oso, Clinicas Rinconen atzetik ligako bigarren talderik gazteena, baina talde honen ezaugarri nagusia bere jokalariek duten talentua da.

Egia da halaber, lehen itzulian Iurgi Caminosen mutilak Praten irabazteko kapaz izan zirela. Bien partetik neurketa kaxkarra izan zen hura, puntu gutxikoa (52 eta 59 amaitu zen) eta huts askokoa. Azken minutuetara arte ezin izan zuen erabaki neurketa Azpeitia Azkoitia ISBk eta Pantinek eta Motosek bukaera aldera lortutako saskiratzeei esker lortu zuten garaipena. Pantin izan zen orduko protagonistetako bat, 12 puntu eta 15 erreboterekin amaitu zuelako neurketa. Pantin onena berreskuratzea beharrezkoa izango da asteburuko neurketa irabazi ahal izateko eta baita taldeak egiten dituen huts batzuk zuzentzen saiatzea ere, batez ere erreboteko lanean. Azken asteetan, gabezi handia erakutsi du Iurgi Caminosen taldeak atal horretan eta kontrarioari bigarren aukerak ematea arrisku asko hartzea izango da. Puntuak sartzeko ahalmen ikaragarria erakutsi dute gipuzkoarrek orain arte baina batzuetan hori ez da nahikoa izaten. Ikusi egin beharko da aurreko astean atseden eduki izanak taldean nolako eragina duen, Gabonetako geldiuneak bezain besteko onura ekartzen duen, edo kontrara, garaipenaren bidea berriz ere aurkitu eta gero, okerra besterik ez duen ekartzen.

Jarraian Iurgi Caminosek partidu aurretik adierazitakoak:

- Polita litzateke San Sebastian jaiak garaipen batekin ospatu ahal izatea ezta?
“Irabaztea beti da ona, jaia izan edo ez, baina argi dago herriko jai egun bat beti ospatzen dela gogo gehiagorekin garaipena lortu eta gero eta guztiak horren irrikaz gaude.”

- Gabonetako geldiunea ondo etorri zitzaion taldeari, aste honetakoa?
“Uste dut gelditu beharra ez dela sekula ona izaten eta nahiz eta aurreko asteko eta honetako lan saioak onak izan diren, lehiaketa erritmoa ezberdina da beti eta sentsazio horiek jokatzen bakarrik lortzen dira. Espero dut taldeak lehiaketan geldiunea egin behar izana ez ordaintzea.”

- Prat momentu ezin hobean heltzen da, azken 7 partiduetatik 6 irabazita.
“Praten hasierako egoera ez zen normala. Talentu eta etorkizun handiko jokalariak ditu taldean: Barrera, Suarez, Bassas edo Homs, besteak beste, baina liga hasieran eduki zituzten lesioek beheko postuetara eraman zituzten. Oso abendu ona burutu zuten, beraietaz espero zen bezala talde lehiakorra direla erakutsita eta amaiera parekatuetan garaile irtenda. Talde osoa jokatzeko dutenetik, espero genuen moduan, lehen postuetan jarri dira.”

- Kataluniarrak garaitzea berriz ere goiko postuetara bueltatzea suposatzen du. Lehen itzulian bezala puntu gutxiko neurketa izango al da?
“Uste dut antz gutxi izango dutela, izan ere ez gu eta ezta beraiek ere ez gara orduko taldea. Beraiek baja asko zituzten orduan eta gu orduan hasi ginen Motosekin eta Justorekin jokatzen, gerora asko eman diguten bi jokalari. Hala ere, bai uste dut neurketa gogorra izango dela, ordukoa bezala, baina gehiago asmatu beharko genuke, izan ere bai batzuek eta baita besteek ere akatsa asko burutu genituen, nahiz eta jaurtiketa posizio onak bilatu.”