Luzapen beharrean baina garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 14a, 18:35
Denboraldiko 5. garaipena lortu zuen Zurt Taberna ISBk Getxon 60 eta 68 irabazita.
Argazkia: Gurutze Eizagirre
Argazkia: Gurutze Eizagirre

Nesken Lehenengo Maila. Zurt Taberna ISBko neskak sasoiko direla ezin da ukatu eta beheko postuak ahalik eta urrunen ikusi nahi dituztela ezta ere. Denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuten Getxon asteburu honetan eta dagoeneko putzua hiru garaipenetara daukate lehen itzulia amaitzeko partidu baten faltan.
Dermitek Getxoren kantxan 60 eta 68ko emaitzaz lorturiko garaipena uste baino garrantzitsuagoa da. Batetik, aurrez esan bezala, beheko postuetatik oraindik eta gehiago urruntzeko balio dielako ISBkoei. Eta bestetik, mailari mantentzeko borrokan, aurkari zuzen bat izan daitekeenari bere etxean irabazi dielako, 8 puntuko basketaberagea alde lortuta gainera. Hori bai, neurketa hau irabaztea asko kosta zitzaien Zurtekoei. Izan ere, neurketa guztian zehar markagailuan aurretik ibili arren, luzapen baten beharra izan baitzuten garaipena eskuratu ahal izateko.
Lehen minutuak, etxekoei beldur pixka bat eragiteko asmoz, topera jokatu zituzten gipuzkoarrek hiruko marratik hainbat aldiz asmatuta eta aldea zabalduz markagailuan. Hasierako kolpe horretatik esnatzea kosta egin zitzaien etxekoei, baina lortutakoan neurketa berriz ere estutzea lortu zuten eta lehen laurden amaierara bi puntu goitik bakarrik ziren Iraurgikoak. Bigarren laurdenean bi taldeen arteko parekotasuna nabaria izan zen. Egia da halaber, Zurt Taberna izan zela denbora osoan aurretik ibili zena markagailuan, baina ihes egiterik ez zuen lortu eta atsedenaldira puntu bakarreko aldearekin iritsi zen.
Bigarren zatian ere nagusi izan ziren ISBkoak minutu askoan. Hirugarren laurdenean sei puntuko aldea edukitzea lortu zuten gehienez, baina denbora osoan markagailuan aurretik ibili ziren. Eta azken laurdenean, defentsako lan bikaina eginda, Getxokoen “erraldoia” ondo geldituta eta erasoan asmatuta, neurketa erabakita uzteko puntuan izan ziren hiru minuturen faltan bederatziko aldea zabaldu zutenean. Baina etxekoek ez zuten etsi eta Zurtekoen erabaki txar batzuk medio, neurketa berdintzea lortu zuten, partidua luzapenera eramanez.
Esan ohi da luzapenera atzetik datorrenak abantaila izan ohi duela, baina oraingo honetan Zurtekoek sekulako erakustaldia eman zuten erasoan. Kanpotik asmatuta, (Intzak bi hiruko eta Itsasnek beste bat) hamazazpi puntu lortu zituzten bost minutuan eta garaipena poltsikoan sartu zuten horrela.
Saskiratzaileak: (15-17/11-10/13-15/12-9/9-17)
ZURT TABERNA ISB: Garazi (13), Berezi, Irati (2), Maialen, Intza (16), Itsasne (15), Maitane, E, Bereziartua (8), Itsaso (12), E. Iturralde eta Aitziber (2)