Agur kopari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2012ko abe. 17a, 12:15

Azken sailkatuaren kantxan 75 eta 72 galdu eta gero, Azpeitia Azkoitia ISB aukerarik gabe gelditu da Zilarrezko Adecco ligako Kopa jokatzeko.

 

Avilan ostegunean bosgarren garaipena lortu eta gero, azken sailkatuari egin dio bisita gaur Azpeitia Azkoitia ISBk. Seigarrenaren bila joan dira Iurgi Caminosenak, Kopara sailkatzeko aukerekin jarraitzeko asmoz. Kanaria Handia sailkapenean azkena izateagatik, azken hiru asteetan euren jokoa asko hobetuta zetozen eta gaur ere, gauzak oso zail jarri dizkio Iraurgiri. Gipuzkoarrak oso gutxitan izan dira aurretik markagailuan eta izan direnean ez dute puntu bat baino gehiagogatik egin. Kanariarrek ordea, jakin izan dute noiz min egin eta gero, osta-osta izan bada ere, zabaldutako aldea kudeatu eta beraien bigarren garaipena eskuratu dute.

Lehen laurdena benetan parekatua izan da. Etxekoak aurretik mantendu dira ia momentu oro, baina saskiratzea lortzen zuten bakoitzean gipuzkoarrek erantzuteko kapazitatea erakutsi dute. 5 puntuko abantaila izan dute gehienez Pablo Meloren mutilek, 13 eta 8koan. Ordura arte Fohlerrek (gaur bosteko nagusian) sartu izan baldin baditu ISBkoen puntu gehienak, Justok hartu dio errelebua eta laurdena amaierarako 7 puntu sartuak zituen Azpeitia Azkoitia ISBko eskolta kanariarrak. Hala ere, Díaz eta Cruzen puntuak tarteko, etxekoek aurretik amaitu dituzte lehen hamar minutuak: 17-16.

Bigarren laurdena topera hasi dute kanariarrek. Neurketa apurtzeko gogoz, aurrean duen taldeak egin dezakeenaren beldur, lehenbailehen distantzia jartzeko asmoz. Baina lehen minutuetan gertatu moduan, Gran Canariaren kolpe guztiei erantzuna ematen jakin izan dio Iurgi Caminosen taldeak. Juanmi Morales eskolta beteranoak eskumuturra ondo berotua zeukan eta kanpotik eta barrutik asmatu du, baina gipuzkoarren partetik, Pantin eta Lasa agertzen hasi dira erasoan eta 30 eta 31 eta baita 34 eta 35 aurretik jartzea lortu dute, baina ezin izan dute aldea gehiago handitu eta atsedenaldira azkenean bi puntu azpitik iritsi dira Iraurgikoak.

Aldageletatik bueltan jokatu diren lehen minutuak bigarren laurdenean gertatutakoaren kalko bat zirudien. Etxekoek, min egiten zuten Santana eta Dominguezen bitartez, baina Kearse ere agertzen hasi da eta eutsi egiten zion Azpeitia Azkoitia ISBk etxekoen bultzadari. Hori baina, berriz ere Añaterve Cruz agertu den arte. Avila eta Tenerifeko jokalari ohiak di-da batean 8 puntu sartu ditu jarraian eta 50 eta 42koa jarri du markagailuan. Krisi txiki bat pasatzen ari zen bere jokoan Iraurgi eta erreakzioak etorri beharra zeukan. Pantinek taldea bere bizkar-gainean hartu du eta horri eta Ibargutxiren hiruko bati esker, ez du alde handiagoa zabaldu etxeko taldeak. Hori bai, Díaz joko antolatzaileak bikain jakin du etxeko taldearen abantaila kudeatzen eta gora egin ez badu ere, behera ere ez du egin aldeak, Lasaren eta Ibargutxiren ahalegin guztiak ezerezean utzita. Laurdenaren amaieran 62 eta 56.

Talde handiek minutu erabakigarrietan euren nagusitasuna erakusten omen dute eta Azpeitia Azkoitia ISBk erakutsi beharra zeukan azken laurdenean zergatik zituen aurkariak baino lau garaipen gehiago ligan. Eta horretarako lehen pausoa, markagailua estutzea zen. Hori lehen bost minutuetan lortu dute Iurgi Caminosenek. 66 eta 64koa markagailura igo bezain laster hasi dira urduritasunak agertzen. Baina  nerbioek ez diete etxekoei bakarrik eragin eta bost erasotan jarraian huts egin du Iraurgik. Hala ere, Pantin (gaurkoan ere zenbaki bikoitzekin amaitu du) eta Justoren eskutik bazirudien buelta emango ziola neurketari, baina 55 segundoren faltan Moralesek sartutako hiruko batek garaipena etxean utziko zuela zirudien. Lander Lasak hiruko batekin berriz estutu du neurketa eta Díazek jaurtiketa libre bat huts egin eta gero aurretik jartzeko aukeran baloia galdu du Lasak berak. Dominguezek beste jaurtiketa libre bat sartu du eta azken hiruko jaurtiketan Ibargutxik ez du neurketa luzapenera eraman ahal izan. Azkenean beraz, 75 eta 72, eta agur Kopan sartzeko aukera guztiei.