Azpeitia Azkoitia ISBk gora begira jarraitzeko garaipena lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2012ko aza. 27a, 12:16
Partidako une bat.

Clínicas Rinconen aurka galdu eta gero, Azpeitia Azkoitia ISBk Amics Castelló taldea hartu zuen etxean igandean, eta 102 eta 83 nagusitu zen Iurgi Caminosen taldea. ISBk atsedenaldirako neurketa apurtzea lortu zuen eta nahiko erraz irabazi zuen neurketa.

 

Clínicas Rinconen aurka galdu eta gero, Azpeitia Azkoitia ISBk bigarren aukera zeukan bere zaleei beste garaipen bat eskaini ahal izateko. Aurrean Amics Castelló taldea, azken bi neurketak irabazitakoa, eta Zilarrezko Adecco Ligara igo berria izan arren, gutxinaka-gutxinaka mailari neurria hartutakoa. Beraz, aurreikusi zitekeena baino neurketa zailagoa zen, baina goia aldean egon nahi izanez gero, derrigorrez irabazi beharrekoa. Jokalariek ere bazekiten hori eta erasoan neurketa polita eginda garaipena eskaini ahal izan zioten harmailak bete dituzten zaleei.

Lehen laurdena gogotsu hasi zuten bi taldeek. Erasoko joko gehiago ikusi zen defentsakoa baino, eta bai saski batean eta baita bestean ere, saskiratzeak erraz xamar ikusi ahal izan ziren. Korrika egiteko edo azkar jokatzeko aukera zeukaten bakoitzean min egiten saiatzen ziren bai gipuzkoarrak eta baita Castellokoak ere. Kearse eta Pantin min egiten hasi ziren taula azpian, gehiago Ausinak min hartu eta gero (kanpokoen izarrak seguruenik eskuin eskuko laugarren metakarpianoa hautsi zuen eta ezin izan zuen gehiago jokatu). Hor hasi zen aldea pixkat zabaltzen Iurgi Caminosen taldea eta lehen laurdenaren amaierarako bost puntuko aldea zeukan: 27 eta 22.

Lehenbailehen zuloa zabaldu nahiz zuen Azpeitia Azkoitia ISBk eta bigarren laurdeneko lehen minutuetan horretan saiatu zen. Barberenak bikain ordezkatu zuen Kearse eta bost puntu jarraian sartuta hamar puntu goitik jarri zuen bere taldea. Defentsan estutu beharra zeukaten etxekoek zuloa zabaldu nahi bazuten, eta horrela egin zute, jokoari erritmo gehiago jarriz. Justok eta Motosek korrika egin ahal izan zuten eta kanpotarrak ezinean aurkitu ziren. Baina, momentu onak ez dira betirako izaten eta laurdenaren erdi aldera Castellókoen erreakzioa etorri zen. Gehiegi lasaitu ziren etxekoak erasoko jokoan eta baloi inozoak galtzen hasi ziren behin eta berriz. Antonio Ten-en mutilek aukera bikain aprobetxatu zuten eta huts eta seiko partziala eginda, berriz estutu zuten neurketa.  Barruko jokoan nagusi zirela bazekiten baina etxekoek, eta Pantinekin jokatzen hasi ziren. Ausina kanpoan eta Hidalgo hiru faltarekin egonda, galiziarrak bere nagusitasuna berretsi zuen taula azpian. Horri esker, berriz ere hamar puntuko aldea zabaldu ahal izan du ISBk. Hortik eta atsedenaldia iritsi arte, bere nagusitasuna erakusten jarraitu zuen Iraurgik, nahiz eta ezin izan zuen askoz ere gehiago zabaldu zeukan aldea. Imanol Zubizarretak azken segundoa sartutako saskiratze bati esker 54 eta 39koarekin joan dira aldageletara jokalariak.

Etxekoen ustezko nagusitasuna baina aldagelan gelditu dela dirudi. Lo irten dira kantxara Iurgi Caminosenak eta 2 eta 9ko partziala egin zuten kanpotarrek. Azpeitia Azkoitia ISBkoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen bere mutilak esnatzeko, neurketak zailtzeko bidea hartua baitzeukan. Eta jokalariek erantzun zuten. Atzean gehiago saiatu ziren eta berriz alde egin zuten markagailuan. Jokaldiak landuaz kanpotik asmatzen hasi ziren Ibargutxi eta Justo eta atzean baloia lapurtzen zuten bakoitzean kontraerasoan irten zen etxeko taldea. Kearse ere bere ohiko hegaldiak egiten hasi zen zaleen gozamenerako eta hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan 21 gora zen Azpeitia Azkoitia ISB: 72 eta 51. Castellokoek neurketan zerbait egin nahi baldin bazuten erreakzionatu beharra zeukaten eta hori Archiles eta García gazteen esku utzi zuen Antonio Ten-ek eta horiek erantzun zuten, azken hamar minutuetara 77 eta 64koarekin heldu zirelarik.

Gauzak politegi egin nahi izan zituenean zoratu egin zen Iraurgi. Erraz egin zituenean, ordea, kontrarioa baino gehiago zela erakutsi zuen. Ez zuen lasai jokatzen jakin minutu askoan Iurgi Caminosen taldeak, eta patxadarekin jokatu zutenean, batzuetan gehiegizkoa ere erakutsi zuen. Baina, tarteka minutu oso onak egin zituzten gipuzkoarrek eta hori nahikoa izan zen aldea 10 puntuetatik sekula ez jaisteko. Defentsan saiatu ziren orotan gainera zailtasun izugarriak jarri zizkion kontrarioari eta baloi dezente lapurtzeko aukera ere izan zuten kontraerasoan irteteko gero.  Bihotzarekin buruarekin baino gehiago hasi zen jokatzen talde kanpotarra aldea murriztu nahian, eta aldeak behera egin beharrean gora egin zuen. Azkenerako erraz irabazten amaitu zuen Azpeitia Azkoitia ISBk: 102 eta 83. Gora begira jartzeko garaipena.