Izarraizpetik

Sorpresak

Erabiltzailearen aurpegia
(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sorpresak gogoko ditut, eta zuk?

Asko gustatzen zait sorpresak jasotzea, baina besteei egiten ere ikaragarri gozatzen dut. Gogoan ditudan pertsona bereziei tarteka egiten dizkiet oparitxoak. Norbait buruan ibili eta hura zerekin harritu, edo zerbait ikusi eta norbait burura etorri; beti dabil ideiaren bat nire esku artean.

Definizioz, asalduraren ondorioz gertatutako egoera fisiologiko laburra da. Espero ez den zerbaiten ondoren sortzen den zirrara, hain zuzen. Paul Ekmanek eta Wallace V. Friesenek 1975ean argitaratutako Unmasking the face liburuan diotenez, oinarrizko sei emozioetako bat da sopresa, eta hainbat modutan azalera daiteke, hala nola atsegina edo desatsegina izan daiteke. Nire jarduna ezusteko onei loturik dator.

Pasa berri ditugu Gabonak, eta zuon gehienon etxeetara ziur iritsi dela opariren bat. Mari Domingi, Olentzero, Erregeak, bikotekidea, aita, ama edo lagun ezkutua... hainbaten eskutik izan dugu opariak jasotzeko aukera. Niri ere iritsi zaizkit, eta zain nengoen. Erregaliren bat jakinekoa nuen arren, uste ez nuenen bat ere izan dut.

Gabon egunak eta urtebetetzeak izan ohi dira kutxa magiko gehien eman eta jasotzen dugun aldia. Gogoratzen al zarete 2017an Olentzerok zer ekarri zizuen? Gogoan al duzue 16 urte egin zenituztenean zer opari egin zizkizuten? Ni neu, ez. Ziur nago pozez jaso nituela, baina ez naiz gogoratzen!

Dena den, baditut etxean maitasun berezia diedan bi objektu. Udako astegun soil batean jaso nituen; biak pertsona ezberdinen eskutik eskuratu nituen arren, egun berean iritsi zitzaizkidan. Zarautzen izan zen. Ez nuen espero bi kide horiek egun hartan ikusterik, baina zaletasun berberak ditugunez, eta herri horretan zegoen emanaldi bat tarteko, beraiek ni han ikustea espero zutenez, sorpresatxo bana eraman zidaten. Ez dugu inoiz elkarri opariak egiteko ohiturarik izan, beraz, ezustekoa bikoitza izan zen. Eta zuek? Zer erregali dituzue gogoan?

Kontuak kontu, edozein egunetan egiten diren sorpresen zalea naizela esan behar dizuet. Noski, urtebetetzeak eta Gabonak gogoko ditut, baina edozein egunetan norbait berezi sentiaraztea ederra iruditzen zait. Askok behartuta egin ohi dituzte data seinalatuetako opariak; beraz, urtean zehar ere berezi sentiarazten zaituzten pertsona horiek argi erakusten dute harremanarekiko inplikazioa. Sorpresa hori prestatzen igaro duten tartea altxorra da. Hori hala, opari baten kalitatea hura prestatzen pasatutako denboran neurtzen dela deritzot. Zer duzu nahiago, norbaitek zuretzat erosi duen neguko txapel epel ederra, edo apur bat itsusiagoa izan arren, lagunak berak eskuz josi dizuna? Erostea errazagoa da, aldiz, eskulanari eskaini dion mimoak eta denborak ez dute parekorik.

Aurreko guztia irakurriz, sorpresa materialez soilik ari naizela ematen du. Baina ez! Hamaika eratakoak izan daitezke sorpresak: lagunari eskainitako kafe tertulia, abenturazko arratsalde pasa, etxeko sukaldean gozoki prestatutako afari espero gabea, aspaldian eman gabeko besarkada estua. Zaintza oinarrian hartuta, eta maitasuna eta irudimena jarioan utzita, erraza da. Zuk nolako opariak egin izan dituzu? Eta aurrerantzean nolakoak egingo dituzu?