Izarraizpetik

Igerilekuko ispiluari

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2022ko uzt. 4a, 09:36
(Pixabay)

Irati Arangurenek 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Banator igerilekura, goraino betetako maleta besoan hartuta. "Orain ere bost minutu gutxiago uretan ibiltzeko!", pentsatuz nator. Igeritokira nahi baino beranduago iristeak uretan ibiltzeko denbora kentzen dit, bai, aldagelako denbora murrizten ez baitut asmatu oraindik. Behin nire ikasle heldu batek esan zuen ez zuela ulertzen kit osoa hartuta kiroldegira joan ohi den jendea: ile lehorgailua, ile leungailua eta abar. "Zertarako hainbeste traste? Hori etxean egin eta listo!". Bada, ni horietakoa naiz. Hainbesterainokoa, agian, ez, baina ezin dut ile lehorgailurik gabe joan. Miresten dut ilea sikatu gabe kalera irteten den jendea; ni han hasi ohi naiz, ordea, kuleroak jantzi eta galtzak janzteko denborarik gabe doministikuka, iskanbila ateratzen. Mundua anitza da, eta hori argi ikusten da gure herriko igerilekuko jantzitegietan ere.

Bizitza honetan oso baliagarria izan zait aldageletako esperientzia. Nire buruarekiko nituen konplexuak, aurreiritziak, lotsak, kritikak eta abar eraldatzeko oso lagungarriak egin zaizkit gela horietako egonaldiak. Hamaika buruhauste sortzen zizkidan hasieran igeritokirako bidaiak. "Zer barruko arropa eramango dut aldatzeko? Hau ez! Hau zaharkitua dago! Beste hau...", "bainujantzi itsusi honekin joango al naiz? Ez al daukat estuegi? Hau lasaiegi?", "depilatzea ahaztu zait!", "zer esango du nire amak oparitutako txankleta hortero hauekin ikusten nauenak?".

Lurretik begiak altxatzean, ordea, jabetzen zara inor ez dagoela modaz pasatutako zure txankletei begira, eta zuretzat vintage direla sentitzen duzu, onenak dira! Kontuak kontu, hiru aldagai aipatuko ditut jarraian.

Lehendabizi, gure janzkeraz edo besteenaz ditugun aurreiritziak. Hasieran lotsatu nintekeen nire kuleroak bistan zeudelako. "Ai! Gehiegi pentsatu gabe hartu ditut kulero hauek! Politagoak diren batzuk hartu izan banitu...", esanez nekatuko nuen burua. Baina zer kontxo? Begiak ireki eta ikusten duzu zure ondokoak kulero berdinak dituela. Beste aldean dagoenak, berriz, zulotxoa du titi-zorroan, eta lotsarik gabe dabil aurrera eta atzera.

Bigarrena, depilazioa. Pasa den astean, lagun batek besteari hala esan zion: "Ai, ahaztu egin zait besazpiak depilatzea!". Nik dudan miopiarekin eta betaurrekoak oraindik jantzi gabe nituela, bere ileak ikusiko nizkiola pentsatuko zuen hark, ziur!

Azkenik, geure fisikoarekiko kritikan sartuko naiz. Zenbat akrobazia egin dituzue kuleroak janzteko toallari eutsi ezinean, irristatu bai ezean? Nerabezaroan igeri egitera joan nintzen lehendabiziko egunean, batere ez nik, itxitako aldagelara joan bainintzen. Ttak! Ederra konponbidea! Eta han agertu zen 70 urte inguruko amonatxoa, azala zintzilik zuela, pozik! Ze inbidia! Nik ere horrela bizi nahi nukeela pentsatu nuen! Egun jabetzen naiz ederragoa dela lasaitasunez aldatzea arropak, krema goxo igurztea, eta igeri egiteak eman didan ongizatean egotea.

Errealitatea ikustean, besteen konfiantza sentitzeak lasaitasuna eman dit niri ere. Uda dugu ate joka, eta asko ibiliko dira bikinia jantzi eta beren hezur, azal eta haragien neurriei begira; batzuk lotsatuta, eta besteak, berriz, harro. Bada, gogoratu, igerilekura edo hondartzara joaten baldin bazara, begiratu ingurura. Anitza da mundua, eta eskerrak!